Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzakotzat hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko dekretua baliogabetu zuen irailaren 16an. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa aurkeztuko du.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ostiralez, legebiltzarreko kontrol saioan iragarri du helegitea jarriko dutela, eta hala adierazi du: “[Gobernuak] Zorrotz eta errespetuz jokatzen jarraituko du, baina konplexurik gabe defendatuz euskararen normalizazioan aurrera egin dezagun".
Epaiaren harira, kontrol saioan, Amaia Martínez Voxeko legebiltzarkideak Pradalesi galdetu dio Eusko Jaurlaritzak Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostenari "jaramonik ez egiteko" arrazoiei buruz. Lehendakariak erantzun dio “kontrol guztiak” bete zirela. Pradalesek Voxi egotzi dio helburu bakarra izatea: “Zalantzan jartzea, helegitea jartzea, hizkuntza-normalizaziora bideratutako edozein neurri mugatzea".
Eusko Jaurlaritza baliogabetu berri duten dekretua ordezkatuko duen beste bat garatzen ari da eta EH Bildurekin batera lan-bide partekatu bat abiatua du EAJk. Etorriko den dekretu moldatuari erreferentzia eginez, EAEko Auzitegi Nagusiak dekretua baliogabetu zuenean EH Bilduko legebiltzarkide eta Hizkuntza Normalizaziorako idazkari Josu Aztiriak ARGIAri adierazi zion epaia “ohartarazpena” izan dela, eta hurrengo dekretuaren garapenean eragingo duela.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretua balio gabe uzteko arrazoitzat eman du "inpaktu ekonomikoa" ongi ebaluatuta ez eduki izana.
Vox alderdiaren bestelako argudioak ez ziren kontuan hartuak izan, "generikoak" eta "lausoak" direlakoan. Besteak beste, dekretuak Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu urratzen dituela dio alderdi ultraeskuindarrak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako txosten tekniko bat ere aipatzen da sententzian. Ikerketa txosten "zabala, xehea eta landua" dela zehazturik, Auzitegi Nagusiak dio dekretuaren bidez hizkuntza normalizaziorako ezarri nahi diren kostuen "estimazioa" ez dagoela behar bezala eginda.
Hainbat sindikatu eta euskalgintza, haserre
EAEko Auzitegi Nagusiak dekretua baliogabetu izanari buruz, EH Bilduk adierazi zuen Eusko Jaurlaritza garatzen ari den dekretu berriaren gaineko “ohartarazpena” dela epaia. ELAk “oso larritzat” jo zuen ebazpena eta LABek Eusko Jaurlaritzari "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua abian jartzeko” eskatu zion. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi judizialak “koska bat gora” egin duela salatu zuen.