Euskararen normalizazioa Jaurlaritzan... Seigarrenean ere ez, agidanez?

  • Euskararen Normalizazioaren zama langileon bizkar utzi du Eusko Jaurlaritzak, betebeharrak egotziz, ahalegina exijituz, baina baliabide nahikoak eta agintarien konpromisoa bermatzeke.


2018ko urtarrilaren 30an - 08:59

Ikuspegi estrategikorik ez: bost urterako planak diseinatzen ditu Jaurlaritzak bere kasa, epe luzeari erreparatu barik: jubilazioei, edo interinitate-tasa demasekoari jaramon egin gabe, derrigortasun datak ipiniz gaur, baina hizkuntza eskakizunik gabeko lan-poltsak zabalduz bihar, noraeza agerikoan. Jaurlaritzako interinitate tasa itzelak (%40) zeharo baldintzatzen du euskara planen garapena, baina ez zaio konponbiderik eman nahi. Langileon prekarietatea Jaurlaritzaren apustua baita, hori bai.

Beharginen lanpostuak arriskuan jarri barik ere, aurrera pausu handiak egin daitezke euskararen normalizazioan: izan ere, datozen 15 urteotan EAEko administrazio orokorreko langileen %70 jubilatuko dira. Ez dago normalizazioan aditua izan beharrik, ikusteko Herri-Administrazioa ia guztiz euskalduntzeko ateak zabal-zabalik uzten dituela horrek, inor kaleratua izateko arriskuan ipini gabe.

Sindikatu abertzaleok euskararen erabilera normalizatzeko ezinbesteko eragileak gara, baina Jaurlaritzak ezikusiarena egiten digu, elkarlana bilatu barik, urrun eduki beharreko etsaitzat joz. Askoz erosoago dago Jaurlaritza, euskaldunoi trabak jartzen dizkigutenekin, antza. Jaurlaritzak euskararen erabilera normalizatzeko benetako borondaterik izango balu, sindikatu euskaltzaleoi gure egiturak eta jarduna euskalduntzen lagunduko liguke, irismen handiko erakundeak baikara. Eskua luzatu diogu behin eta berriz, baina VI. plangintzaldi honetan ere, ez gaitu hartu.

Jaurlaritzak euskararen erabilera normalizatzeko benetako borondaterik izango balu, sindikatu euskaltzaleoi gure egiturak eta jarduna euskalduntzen lagunduko liguke, irismen handiko erakundeak baikara. Eskua luzatu diogu behin eta berriz, baina VI. plangintzaldi honetan ere, ez gaitu hartu

Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko VI. Plan nagusia  aurkeztu zigun Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sindikatuoi duela hilabete, eta urtarrilaren 26ra arteko epea eman alegazioak egiteko. Aurkezpen bilera horretan, planaren garapenarekiko ardura partekatua eskatu, eta HPSren lidergoaren aitortza aldarrikatu zituzten, bide batez… gurekin urteetan bildu barik egon ostean, gauzak kontestualizatzearren.

Zein gutxi aldatu diren gauzak, kamaradak! Sindikatuoi ez digute  planean parte hartzeko aukerarik eman, ez iritzirik eskatu ere. Ohi bezala. Jaurlaritzako Euskara Teknikariei ere ez diete parte hartzeko aukerarik eman, ez iritzirik eskatu ere… Plan Nagusiaren txostena helarazi ere ez diete egin! Lehengo lepotik Jaurlaritza.

V. Plangintzaldiaren ebaluazioa ez digu helarazi HPS-k. HPSren txostenetik ekarri dugu honakoa: “Azterketa sakona behar da abiapuntuko egoera zein den ezagutzeko, diagnostiko zehatza; eta horretarako, aurreko plangintzaldiaren amaierako ebaluazioa baino hoberik ez dago… hori gabe ezin jakin proiektu baten arrakasta zenbaterainokoa izan den”.

Ebaluazio sistema ere aldatu omen du HPS-k, aurrekoa neurri handi batean okerra baitzen (HPS-k berak onartu bezala), baina sindikatuoi azaleko informazioa baino ez digu eman: zenbait ebaluazio-datu txertatuta Planean “labur-labur”.  Azken plangintzaldiko helburuak ez direla “modu esanguratsuan“ lortu aitortzen da Planean, baina ebaluazio-txostenik ez digute eman sindikatuoi (ezta Euskara Teknikariei ere).

Langileok euskara planean: sailean saileko agintarien menpeko tresna huts. Aurreko plangintzaldietan “Euskara Planen Jarraipenerako Batzorde” bat bazen. Urtean behin ere ez zen biltzen, eta sindikatuon artean adostu beharreko langileen ordezkari soil bati egiten zitzaion lekua bertan, HPSko eta sail guztietako ordezkari andanaren artean. Baina VI. Plangintzaldi honetan desagerrarazi dute Batzorde hori, eta langileen ezein ordezkaritza ere.Izatekotan, sailetako Batzordeetan emango zaie langileei parte hartzeko aukera… edo ez, sailean saileko arduradun politikoen gogoaren arabera.

Zein bere saileko edo zuzendaritzako errepublika independentea. Sail bakoitzak eta Erakunde Autonomo bakoitzak, erabakitzen du bere Euskara Planaren neurria eta eragina. Praktikan Zuzendaritza bakoitzak, Planari erreparatuz gero. Hortik sailetik sailera ageri diren alde handiak.  Hortik Jaurlaritzako Euskara Planen garapen urria.

Sail edota zuzendaritza bakoitzak zehazten ditu (edo ez) bere hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideak; erabakitzen ditu (edo ez) itzulpen irizpideak (hortik Itzulpen Zerbitzu Ofizialaren itolarri kronikoa); baimentzen ditu (edo ez) langileentzako euskara ikastaroak, eta abar, eta abar.

Horregatik ere, hamaika Plan (eta plantxo) daude Eusko Jaurlaritzan, eta hamaika egoera ezberdin, jarraipena eta normalizazioaren garapena asko zailduz. Hori anabasa nahikoa ez, eta Ertzantza, Osakidetza, edota Justizia “autonomoak” dira euskararen normalizazioari dagokionez. Ez daude Euskara Plan Nagusia delakoaren eraginpean; “autonomia” horren emaitzak ere ezagunak dira. Erakunde espainiarrak noski, ezein Euskara Planetik at geratzen dira berriro ere. Inon ez da ikusi menpekorik, ugazabari agindurik ezarri dionik...

Oztopoak oztopo, elak hamaika ekarpen helarazi dizkio jaurlaritzari. Ikuskizun dago Jaurlaritzak nola hartuko dituen, eta jaramonik egingo ote digun. Auzolana iragartzen du Jaurlaritzak bere logoan. Auzolana berdinen artean egindako lana izan ohi da. Adostua eta borondatean oinarritua. Hala bada, ELA prest dago elkarlanerako… Jaurlaritza?

Eva Arrieta

JJ Agirre

Administrazio Orokorreko ELA

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude