Euskararen egoerari buruzko ipuin gehiagorik ez, mesedez


2022ko martxoaren 17an - 12:52

Boterean dauden talde politiko guztien gaitza da egoeraren alde onak azpimarratzea edota asmatzea. Aldeko hedabideen laguntzaz, diskurtso gozo-baikorrak hedatzen dituzte etengabe, herritarrok kontakizun hori "geure" egiten dugun arte. Eremu guztietan gertatzen da hori, ekonomian, ingurumenean... denetan, baina bereziki euskarari dagokionean.

Hala, euskararen egoerari buruzko ipuin harrigarriak entzun-irakurri ditugu egunotan ere. EAJ-ko Lexuri Arrizabalagari, Hezkuntza lege berriaz entzun diogu esaten: "Gure helburuak dira bikaintasuna, integrazioa, inklusioa, hezkidetza, aniztasuna (euskararen arrastorik ez)... baina talde batzuek eztabaida zahar batzuk atera dituzte, eta guk hori alde batera utzi nahi dugu. Euskadin, ez daukagu arazorik euskararekin, duela 40 urte konpondutako zerbait da, adostasun maila handia dago".

EAEn euskarak arazorik ez? Ez gutxi!

Eusko Jaurlaritzaren ISEI institutuak berak aitortzen du, D ereduan ikasleen %40k ez duela euskarazko nahikotasun maila erdiesten. Lanbide Heziketan D ereduko matrikulazioa ez da %20ra heltzen. Izan ere, Baskongadetako Hezkuntza Sistemak kasu gehienetan ez du ziurtatzen ikasleak euskaradun oso ateratzea. Sare sozialetan euskararen eskaintza (eta erabilera) hutsaren hurrengoa da; ETB1ek ez du ikusleen %2aren langa gainditzen, eta horren guztiaren ondorioz, gazteen eta haurren artean ere, erabilera maldan behera doa (kale neurketek adin guztietarako frogatzen dutenez). Gainera, alderdi eta epaile espainiarrak eraso betean ari zaizkigu, Nafarroan bezala, EAEn ere.

Arrizabalagaren alderdi bereko Jose Manuel Bujandak ere, idatzi ditu bereak: "Euskarak Euskadiko EAEn sekulan ez du ezagutu gaur bizi duen egoera: inoiz baino hiztun gehiago ditu eta proportzio handienak gazteen artean...".

Tira, egoerak aldatuz doaz denboran zehar, baina euskarak inoiz baino hiztun gehiago dituela, gertuago dago gezurretik egiatik baino. EAEn euskaraz dakigun herritarrak %35 inguru omen gara (eztabaidarako hori ere), baina euskara gutxi-asko erabiltzen dugunok horien erdiak ere ez gara (%15?). Bestalde, proportzioan, Francoren diktadurara arte orain baino askoz gehiago izan dira beti euskal hiztunak, Bujandak, aldagai erabakigarria den garaian garaiko biztanle kopurua "ahaztu" baitu. Ordura arte, gainera, euskaldun elebakarrek ematen zioten nolabaiteko trinkotasuna eta bizia euskarari; egun, ordea, horien funtsezko ekarpena galdu, eta erdarekiko menpekotasuna areagotu da.

Lege-babes egoki bat?

"Eta egoera horren oinarrian, lege-babes egoki bat, euskara sustatzea ardatz duen hizkuntza politika baliabidez behar bezala hornitua, eta herritarren atxikimendua dago", jarraitu du Bujandak.

Non bizi da Bujanda jauna? Ez du izan azken hilabeteotako (eta aurretiko) epaile espainiarren sententzien berri? Ez daki Udalerrien Legea ere auzitara eraman dutela? “Baliabidez egoki hornitutako hizkuntz politika” da euskal bikoiztaileak kale gorrian utzi dituena? Fikzioa euskarazko telebistatik ezabatu duena? Aldibereko itzulpen zerbitzu publikoak erabiltzeagatik diru mordoxka eskatzen duena? Gizarte-sareetan, plataformetan ezer gutxi bultzatu duena?...

Txapelaraino gaude "baikortasun" balizko eta antzu baten izenean zabaltzen diren euskararen gaineko diskurtso faltsu eztituez. Diskurtso horrek gainera, ez du jendea adoretzeko balio, desmobilizatzeko baizik. Lobelarra da.

EAJkide agurgarriok, euskara (euskararen herria) kinka larrian dado EAEn, eta areago, aipatu ere egin ez dituzuen Nafarroan eta Iparraldean ere. Baikortasunez jardun nahi duzue? Ekin hizkuntza politika serioak egikaritzeari EAEn, eta biderkatu Nafarroako eta Iparraldeko eragile euskaltzaleei laguntza eta babesa.

Joxemi Campillo eta J.J. Agirre, Plazara gatoz! ekimena

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude