Euskararen egoera eta etorkizuna hizpide Gasteizen

  • Euskal Herria euskalduntzeko pausoak izeneko mahai-ingurua egin zen asteartean Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean. Solasaldia Alea aldizkariak antolatu zuen, Arabako euskarazko hedabideak. Helburua zen administrazioan sartzeko hizkuntza eskakizunen aurka egiten ari den oldarraldi judizialaren aurrean egoerari buruz hausnartzea, eta gai horretan lanean ari diren hiru solaskiderekin arazo zehatzez eta proposamenez aritzea.

Cira Crespo

2026ko maiatzaren 27an - 15:56
Azken eguneraketa: 19:51
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Mahai-inguruan parte hartu zuten Arabako Foru Aldundiko euskara zerbitzuburu-ohi Jokin Larrañagak, Eskubideen behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eta ELA sindikatuko Euskara arduradun Pello Igeregik. Oro har, saio osoan mantendu zen euren arteko kontsentsua. Pello Igeregik zehaztu zuen, oldarraldi judizialaren atzean koordinaturiko plan bat dagoela, eta helburuetako bat elebidunen gizarteari bidea ixtea dela. Jokin Larrañagaren iritziz, berriz, horren guztiaren muinean euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzea da. Ildoan, Agurne Gaubekak nabarmendu zuen elebitasunari eta ofizialtasunari bermea emateko legeak oinarri ahula duela. Hasteko, Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluan bertan daukagula, espainola betebehar gisa ezartzen duena; hau da, gaztelania da Espainiako Estatuan legez derrigorrez jakin behar den hizkuntza bakarra da.

Pello Igeregik nabarmendu zuen gaur egungo hizkuntza-egora bi ikuspegitatik ikusten dela: zenbaitek, abiapuntu gisa; besteek, ordea, mugatzat dute. Azaldu zuenez, 80ko hamarkadetako kontsentsu garaia askotan eredugarritzat aurkeztu izan da, baina garai hartan adostu zen helburua Euskal Herria euskalduntzea bide zen, eta modu progresiboan hori lortzea hartu zen norabide. Gaur egun, ordea, batzuentzat egungo egoera ez da abiapuntua, baizik eta muga; eta aurrera ez egiteko modu koordinatuan ari dira lanean, helburu batekin: “erdaldun elebakarrak bermatu nahi dituzte, eta haientzat eskubideak eskatu”.

Bestalde, Agurne Gaubekak zonifikazioren ideia jarri zuen mahai gainean. Nafarroako egoera salatzeaz gain, Euskadin erabiltzen ari den “eremu soziolinguistiko” kontzeptua ere kritikatu zuen. Bere iritziz, lurraldea eremu soziolinguistikoen arabera zatitzea zonifikazio lausotu bat da, eta horrek ondorio zuzenak ditu. Horrela, hizkuntza egoera ahulenean dagoen eremuetan baliabide gehiago ez emateak minorizazio egoerak betikotzea dakar. Horren aurrean, bere ustez, “eremu soziolinguistikoaz” hitz egin beharrean, defendatu zuen euskarak ofiziala den eremu osoan izan behar dituen hizkuntza eskubideez hitz egin beharko litzatekeela.

 Cira Crespo

Pello Igeregik adibide zehatz bat ere eman zuen. Antza, Justizian aurkezten diren demanden %0’1 baino ez direla euskaraz. “Eta argi dago hori ez dela euskaldunen borondatea, ezta errealitate soziolinguistikoaren isla ere, hori egiturazko zapalkuntza baten ondorioetako bat da”, adierazi zuen.

Erdaldun elebakarren egoerari edo posizioari buruz ere hitz egin zen, eta Jokin Larrañagak nabarmendu zuen gaur egun Araban daukagun egoera soziolingustikoa, eta euskararen inguruan lortu diren lorpen guztiak ez zirela erdietsi izango hainbat eta hainbat erdaldun elebakarren ahaleginik gabe. Baina, hori horrela izanda, zehaztu zuen “badela, hemen, Araban, erdaldun elebakarren beste bi multzo-mota ere; bat, euskararen egoera batere axola ez zaiona, besterik gabe; eta bestea, berriz, guztiz kontra dagoena, ez dute ez ikasi, ez begi bistan ikusi nahi ere”. Bere ustez, azken horiek daude oldarraldiaren atzean, besteak beste.

Pello Igeregik, bere aldetik, azpimarratu zuen erdaldun elebakarrek ere zapalkuntza linguistikoa pairatu dutela, hizkuntza ukatu baitzitzaien. Hala ere, horrek ez diola inori bere hizkuntza inposatzeko eskubiderik ematen nabarmendu zuen. Gainera, erdaraz bizitzeko aukera pribilegio bat dela eta bakoitzak bere pribilegioez kontziente izan behar duela defendatu zuen. Agurne Gaubekak gehitu zuen hizkuntzaren erabilera ere erantzukizun sozial bat dela, eta komunitate baten partaide izateak betebeharrak ere badakartzala.

Mahai inguruan aipatu zen, halaber, “pribilegio” hitza maiz erabiltzen dela euskaraz dakitenak pribilegiatuak direla esateko. Horren harira, Jokinek datu bat aipatu zuen: “gaur egun Euskadin langabezia elebakarra da”. Gizartea gero eta anitzagoa dela eta errealitate berriak sortzen ari direla ere planteatu zen, baita zapalkuntza desberdinen artean oreka nola aurkitu ere. Horri lotuta, Jokin Larrañagak azaldu zuen bilera batean migratzaile batzuek honako hau esan zietela behin: “guri hemengo erdaldunei baino gehiago eskatzen diguzue”. 

Parte hartzaile guztiak ados agertu ziren euskararen ikasketa ekonomikoki zaila dela eta, ziurrenik, oraindik doakotasunik ez egotea erabaki politiko bat dela. Pelloren ustez, gainera, euskara ikastea ez da soilik diru kontua, lan-eskubide gisa ere ulertu behar da, eta langileei horretarako denbora eman behar zaie. Jokinek gehitu zuen migratzaileek bereziki bi eskaera egiten dituztela: ordutegi malguagoak eta ikasketa praktikoagoak, ahozkotasunera bideratuak.

Bukaeran, gidariak galdetu zuen ea auzi honetan galtzen ala irabazten ari garen. Parte hartzaile guztiek bat egin zuten egoera larria dela esatean, eta neurri batean galtzaile ateratzen ari direla aitortu zuten. Haien esanetan, ezin da lehen bezala jarraitu, eta pauso berriak eman behar dira. Agurne Gaubekak zehazki esan zuen “agian positiboegiak izan garela”, eta Igeregik, egoeraren larritasuna aitortu arren, puntu positibo batzuk ere nabarmendu zituen: “Orain konturatzen ari gara zapalkuntza lausoagoa dela, eta ez dutela bortizkeria zuzena behar. Agian, berri ona da oldarraldi judizialarekin zapalkuntza argiago ikusi izana, gorpuztu egin dela, eta horrek erreakzionatzera eramango gaituela”.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.