argia.eus
INPRIMATU
2026ko uztailaren 3a
“Zergatik dituzte haiek guk baino eskubide gehiago?”
  • Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean elkarretaratzeak antolatu ditu ostegun eguerdian Euskalgintzaren Kontseiluak, euskarazko ikaseredua orokortu behar dela aldarrikatzeko. Ehunka pertsona bildu dira EHUko Donostiako, Bilboko eta Gasteizko campusetan, eta hezkuntza eta unibertsitate arloko eragile eta sindikatu nagusiek ere bat egin dute. Bertaratutako euskaltzaleei haien iritzia eskatu diegu.

Osteguneko Euskalgintzaren Kontseiluaren elkarretaratzea Donostian. IAS

Donostiako Ondarreta hondartza, ohiko legez, bare-bare dago, eta ez dago apenas olaturik. Urertzetik kilometro bat barrualdera urrunduz gero, ordea, olatu erraldoi bat ikus daiteke; zehazkiago, kontra-olatu bat. Izan ere, “euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntzara salto” egin duela ikusita, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aldeko olatua martxan jartzea erabaki du, eta elkarretaratzeak egin ditu ortzegun eguerdian, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta Gasteizko Letren fakultatearen aitzinean. Hezkuntza eta unibertsitate arloko eragile eta sindikatu nagusiak ere mareara batu dira.

Eguerdirako paratu du hitzordua euskararen munduko eragile nagusiak biltzen dituen Kontseiluak. Minutu batzuk faltan, jendea tantaka hasi da bertaratzen: bi lagun; ikasle kuadrilla bat eta familia bat txakurrarekin izan dira lehenak. Gero eta jende gehiago pilatzen ari da Ibaetako campuseko fakultateen eta liburutegiaren arteko zebrabidean, eta, pixkanaka, hasierako tantak marea bihurtu dira.  

Zubiri Manteo institutua hiriaren beste puntan dago, baina hori ez da eragozpena izan bertako Batxilergoko bigarren mailako ikasle batzuentzat, selektibitateko auziak bete-betean eragiten baitie. “Ni ingelesean, adibidez, penagarria naiz, baina zero bat atera izan banu, nota hori kontuan hartuko lidakete. Zergatik dituzte haiek guk baino eskubide gehiago?”, kexatu da institutu horretako ikasle bat. 

Alboan dauka laguna. Usandizaga institutuko ikaslea da, eta hark ere argi du gaztelaniarekin ez litzatekeela horrelakorik gertatuko: “Gure ama hizkuntza euskara da, eta gaztelania arrotza. Gaztelanian nota txarra atera izanez gero, ordea, bataz bestekoa jaitsiko ligukete, dudarik gabe”.

Kontseiluak hitza noiz hartuko zain-zain gerizpean itxoiten dagoen unibertsitateko ikasle bat ere iritzi berekoa da: “Plaza bat lortzeko nota ona atera behar da, eta kito. Ez zait bidezkoa iruditzen Euskarako nota kontuan ez hartzea”.

Mikrofonoak eta kamerak prestatu bitartean, talde txikitan bilduta daude bertaratutakoak. Gazteak eta ikasleak zutik daude, eta adinekoak, berriz, eserlekuetan eserita. “Gertatutakoa bizitzen ari garen oldarraldiaren azken erasoa izan da, kasu honetan ikasleen sektoreari eragin diena”, esan du guraso batek. Jarraian, harago joan da: “Seguraski atzetik interes politikoak daude; hizkuntzaren normalizazioan atzerapausoak egiteko nahia, hain zuzen”. 

Unibertsitateko beste ikasle batek ere bat egin du horrekin. Gertatutakoa ez dela “puntuala” uste du, baizik eta "oldarraldi juridiko, politiko eta instituzional” baten erakuslea. EHUk ateratako ikaspostu berriez galdetzean, zalantzati agertu da. “Hartu beharreko neurria da, baina hemen azpimarratzekoa dena beti batzuen interesak hartzen direla kontuan, guztionak hartu beharko liratekeenean”. Irmoki esan du oldarraldiari “marra gorria” jartzeko unea dela, “erakusteko badagoela jendea euskararen alde”.

Hezkuntza sistema euskalduna

Elkarretaratzea deituta zegoen ordutik hamabost bat minutura, ez dago lekurik liburutegiko eskaileretan, punta batetik bestera jendez lepo dago. Halako batean isilunea egin da. “Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak ez du etenik”, entzun da bozgorailuetatik. Euskalgintzaren Kontseiluko bozeramaile Maddi Juanikotenaren hitzak dira, pankarta zuri baten aurrean mintzo zaio publikoari. “Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat” irakur daiteke errotuluan. Albiste honetan aurkituko du irakurleak Kontseiluak egindako irakurketa.

Adi-adi entzun dio jendetzak Juanikotenak esandakoari: “Antolatu gaitezen euskaltzale gisa: ikastetxean, kalean, lagunartean, sarean eta bizitzako eremu guztietan”. Txalo eta aldarri artean amaitu da agerraldia, eta “Euskal Herrian euskaraz” behin eta berriz oihukatu dute eskaileretatik.  

IAS, Ikama eta campusetako euskara taldeak, kritiko

“Kontseiluak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dugu, uste dugulako agerian gelditu dela hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskalduntzeko duen ezgaitasuna”, azaldu du Ikamako bozeramaile Aimar Loitik. Kontseiluaren hitzei jarraika, adierazi du auzitegiaren erabakiak iradokitzen duela “euskararen aurkako oldarraldiak ez duela etenik”. Hortaz, kalera irtetea erabaki dute, “kalitatez euskaldunduko duen hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzeko”.

IASeko bozeramaile Asier Gurrutxagak ezinbestekotzat jo du “injustizien aurrean” ikasleen ikuspegitik “euskararen defentsa irmoa” egitea. Euskararen aurkako eraso “kontziente eta antolatua” izan dela erantsi du.

Ikasle antolakundeak soilik ez, campusetako euskara elkarteek ere bat egin dute aldarriarekin. “Zeroen inguruko ika-mika guztia hizkuntzaren normalizazioaren eta euskaldunon eskubideen aurkako erasoa da”, salatu du Donostiako Euskara elkarteko kide Ibai Lekuonak. “Ezin dugu onartu horrelako zerbait gure unibertsitatean, ezta Euskal Herrian ere”.