STEILAS sindikatuak Euskararen Kontrako Oldarraldia dela eta maiatzaren 9rako manifestaziora deitu du LAB, ELA eta Euskararen Kontseiluarekin batera Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde lelopean.
Azken hilabeteotan areagotu egin dira euskararen aurkako erasoak, bereziki eremu judizialean. Epaitegietatik iritsitako hainbat sententziak zalantzan jarri dituzte tokiko erakundeek hizkuntza normalizazioaren alde emandako urratsak, euskararen ezagutza edo erabilera eskatzea diskriminatzailea balitz gisan.
Eraso hauek ez dira kasualitate hutsa, ez dira gertakari isolatuak, estrategia baten parte dira, gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko helburua duena, gure lurraldeko hizkuntza propioaren kaltetan. Euskararen normalizazio prozesuak oztopo sistematikoak aurkitzen ditu oraindik, eta behin eta berriz egiten du topo oztopo estrukturalekin, horrek agerian uzten du berdintasun linguistikoa ez dela oraindik errealitate bat. Gainera, hizkuntza eskubideak bigarren mailan uzten direnean edo zuzenean urratzen direnean, ez da soilik hizkuntza bat kaltetzen, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dira, gizartearen justizia eta kohesioa ahulduz.
Hezkuntza arloan, STEILASek egunero ikusten du zein garrantzitsua den euskararen presentzia gizartean bermatzea. Ez da nahikoa euskararen normalizazioa legeetan soilik aipatzea, praktikan ere bermatu behar da, baliabideak jarriz eta borondate politikoa erakutsiz. Horregatik, ezinbestekoa da administrazioari gaiarekiko duen erantzukizuna exijitzea, bai berme legeak garatzerakoan, bai euskararen erabilera sustatzeko neurri eraginkorrak abiarazterakoan.
Tokian tokiko mobilizazioek balio handia dute, baina bizitzen ari garen eraso antolatu honek, erantzun kolektibo bateratu eta indartsu bat eskatzen du
Era berean, sindikatu eta alderdi politikoen inplikazioa ezinbestekoa da. Euskarafobiak ez du lekurik gure gizartean, eta horri aurre egiteko aliantzak behar ditugu. Ezin dugu onartu hizkuntza bat bestearen gainetik sistematikoki jartzea, are gutxiago hizkuntza gutxitu baten kasuan.
Azkenik, nabarmendu nahi dugu erantzun sozialaren garrantzia. Tokian tokiko mobilizazioek balio handia dute, baina bizitzen ari garen eraso antolatu honek, erantzun kolektibo bateratu eta indartsu bat eskatzen du. Horretarako, maiatzaren 9ko manifestazioa euskararen aldeko komunitateak bat egin, eta hemen gaudela argi adierazteko aukera paregabea izan daitekeela uste dugu.
Beraz, STEILASek dei egiten die hezkuntza komunitateari eta herritar guztiei mobilizazioan parte hartu dezaten. Euskararen defentsa guztion ardura delako, eta etorkizuna eraikitzen ari garelako.
Maiatzaren 9an kaleak bete ditzagun euskaraz!!!
Haizea Arbide Aza eta Itxaso Piquer Insausti, STEILAS sindikatua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.