Zigor Olabarria Oleaga ARGIAko kazetariak ondutako ikerketa lana Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalisten artean hautatu du epaimahaiak. Menopausia, migrazio krisia eta Lourdes Iriondo oinarri dituzten lanak dira beste finalistak. Arritxu Iribar kirol kazetaria omenduko du 38. edizio honek.
Azaroaren 20an bi sari nagusi emango dituzte Andoainen (Gipuzkoa), 38. edizioan: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Kazetaritza sariaren arloan, lau dira hautagaiak. Zigor Olabarriak hiru ataletan ARGIAn argitaratu zuen erreportaje sortak “inpaktu handia izan du Euskal Herrian”, dio epaimahaiak: “Erreportajeak eztabaida biziak eragin zituen, eta gainerako hedabideetako gai nagusi bihurtu zen hainbat egunez, eta arduradun politikoen, sindikatuen, alderdi politikoen, erakundeen, elkarteen eta jendearen ahotan ibili zen”. Euskararen kontrako neurriak eta diskurtsoak zabaltzen ari diren garaian, “ARGIAren erreportaje sorta bezalakoak funtsezkoak dira, laguntzen dutelako auziaren sakontasuna ulertzen eta hariak mugitzen dituztenak identifikatzen. Euskararen etorkizunaren eztabaidarako ezinbestez jakin beharreko informazioa dago hor”.
Azken urteetan, EAEko postu publikoetarako hizkuntza eskaeren kontrako erabakiak hartzen dituzte epaileek. Oldarraldi judizial horren atzean dagoenaz ikerketa egin zuen Olabarriak. Lotura honetan dituzue irakurgai.
Menopausia, Hiruka hedabidean Izaro Garcia eta Ander Zarragak idatzitako menopausiari buruzko erreportajea eta artikulu sorta ere finalista da Kazetaritza sarirako. “Iturri eta ikuspegi askotarikoak eta informazio erabilgarria” aintzat hartu ditu epaimahaiak: “Hara hemen, Uribe kostatik landutako tokiko kalitatezko kazetaritza”. Migrazio krisia: Ceutako auzia ere finalista da, Berria egunkarian Aitor Garmendia Etxeberriak argitaratutako artikulu eta bideoak. Epaimahaiaren hitzetan, “erreportajeok gogoratzen digute, fenomeno bat-bateko bat atzemateko orduan, guztia goitik eginda ematen zaigun garai honetan berriemaile bereziek egin dezaketen lanaren garrantzia: bere presentziak ahots, egoera eta ikuspegi askotarikoak elkartzea ahalbidetzen du, dena delako krisiaren dimentsio humanoa ulertzen lagunduta eta eztabaida publikora ekarrita”.
Azkenik, Inge Mendioroz Ibañezek zuzendu eta Idoia Garzesek idatzitako Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala ere izendatu dute sarirako hautagai. “Dokumentalak ikuspegi kritiko eta garaikidea eskaintzen du, emakumeek kulturan eta historian izan duten presentziaren aitortzari buruzko gogoeta planteatuz. Lourdesen ahotsa, pentsamendua eta konpromisoa gaur egungo belaunaldietara ekarriz, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi sendoa eraikitzen du”.
Komunikazio sarirako beste lau hautagai aukeratu ditu epaimahaiak. Euskal Herriko historia 100 objektutan Euskal Wikipediaren proiektutik nabarmendu du “hainbat formatutan landu eta tradizionalki museoetan bildutako narratiba historikoak” ekarri dituela digitalera, “euskarazko eta Euskal Herriko jakintza libreari ekarpen landua eginez”. Besteak beste, eduki interaktiboa, komikia eta Berria-rekin batera ekoitzi eta astero zabaldutako podcasta da, hamar idazlek idatzitako gidoiekin.
Euskal Irratietan Pantxix Bidart eta Marie Bidart-ek sortu eta aurkeztutako Argiz(H)ari podcastaz, berriz, adierazi du artxiboetako zilindro eta biniloetan gordeak diren ahots, kantu eta hotsen bidez, garai hartako pertsonak, gertakariak eta bizimoduak ezagutzeko parada ematen duela: “Astez aste, gure aitzinekoen mundura hurbiltzen gaituzte. Orratzek argizarian utzitako arrastoak entzunez, ahaztuak diren historiak berpiztuz eta Euskal Herriaren memoria kolektiboa partekatuz”.
Puntu.eus fundazioak, ARGIAren enpresa taldeko Iametza-k eta Azkue fundazioak sustaturiko Ni.eus ekimena ere aintzat hartu du epaimahaiak. Azken finean, “ia esklusiboki helburu komertzial eta estraktibistekin merkaturatzen dira zerbitzu hauek”, eta zentzu horretan, “ni.eus-ek eremu digitalean euskaraz aritu eta aurkezteko gabezia historikoari erantzuten dio eta digitalean ere euskaraz bizitzeko funtsezko baliabidea eskaintzen du”. Azkenik, HITZ zentroaren Latxa txatbota ere hautagai da: “Gure hizkuntzaren panorama numerikoan tresna bat gehiago daukagu euskararen faboretan”, azpimarratu du epaimahaiak.
Aurtengo sari-banaketa ekitaldian beste pertsona bat ere omenduko dute, eta Ohorezko Mugarria emango diote: Arritxu Iribar Egaña kirol kazetaria. Euskadi Irratian ibilbide luzea egin du, eta aurten hartu du erretiroa. Ibilbidearen errepasoa egin zuen ARGIAko elkarrizketa honetan: “Ez dut primiziak emateko helbururik izan, lagunak salduta ez behintzat”.