LABek euskararen aurkako oldarraldia gerarazteko “berme legal sendoak” exijitu ditu

  • Sindikatu abertzalearen esanetan ARGIAk kaleratutako informazioak "are ageriago" utzi du hainbatetan salatutakoa: administrazioaren euskalduntzearen aurkako oldarraldi judizialaren atzean "euskararen normalizazio-prozesua geldiarazi nahi duten pertsona eta eragileen interesak" daudela. 

LABen mobilizazioa, euskaraz bizitzearen eta lan egitearen alde. LAB

2026ko martxoaren 10ean - 11:25
Azken eguneraketa: 2026-03-11 11:25
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Errenteriako Udaleko Lan Eskaintza Publikoaren harira ARGIAk kaleratutako ikerketaren ostean, "baieztatu daiteke euskararen normalizazioaren kontra eremu euskarafoboak duen gurutzada ekimen planifikatua dela", adierazi du LABek ohar baten bidez.

Sindikatuaren ustez, "are ageriago" geratu da euskara irizpideak zalantzan jartzen dituzten helegiteen atzean "pertsona eta eragileen interesak" daudela: "Epaien atzean ez dago bitarteko egoeran dauden langile zaurgarriak babesteko interes zintzorik. Alderantziz, administrazioa euskalduntzeko prozesua kolokan jartzea bilatzen ari diren eragile politiko eta sindikalen interesak daude".

Norbanakoen atzean "ezkutatzen" diren eragileak daudela erakusten du kasuak, LABen esanetan. CCOO eta UGT sindikatuak aipatu ditu, baita PSE eta PSN alderdiak ere, eta "ultraeskuinak baliatzen dituen diskurtso eta argudio berdinak" erabiltzea egotzi die. Hala, "jokabide guztiz arduragabea" da, sindikatuaren aburuz, "ustezko alderdi progresistek edo langileen aldeko sindikatuek" diskurtso hori elikatzea. 

Hori horrela, LABek "berme legal sendoak" exijitu ditu euskararen aurkako oldarraldi "sindikal eta judizial euskarafoboa" gerarazteko, eta horretarako "inoiz baino beharrezkoagoa" ikusten du Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai dagoen Euskal Enplegu Publikoaren lege moldaketan berme legal horiek ezartzeko neurriak hartzea. EAJ ere interpelatu du, "PSE eta CCOO binomioari men egiteari utzi diezaion".

Bestalde, euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko "bitarteak eta erraztasunak" ezartzea eskatu dio administrazioari beste behin LABek: "Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio prozesua bururaino eraman eta jendarte-kohesioan aurrerapauso esanguratsua ematea".

 


Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.