Errenteriako PSE-EEri hizkuntza eskakizunak inposaketarekin lotzea leporatu diote helegitearen aferaren elkarretaratzean

  • 300 euskaltzale inguru bildu dira Errenteriako (Gipuzkoa) CCOO sindikatuaren egoitzaren parean, martxoaren 13ko arratsean. ARGIAk frogatu du Errenteriako Udalaren Lan Eskaintza Publiko deialdiari hizkuntz eskakizun “gehiegizkoak” iritzita ipinitako helegitea antolatuta zegoela. Gertaerok haserretuta egin dute protesta. Afera honetan CCOOk duen inplikazioa eta udalbatzako PSE-EEren jarrera kritikatu dituzte. “Euskararen etsaiei” aurre egitera deitu dute.

Dozenaka errenteriar elkartu ziren CCOO sindikatuaren atarian protestatzeko. Gari Garaialde.

2026ko martxoaren 14an - 10:15
Azken eguneraketa: 13:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pizkunderako deia egina du Euskalgintzaren Kontseiluak. Urtebete baino gehiago da larrialdi linguistikoan gaudela esan zuela. Borja Arbelaitz errenteriarrak ARGIAri adierazi dio herrian talde bat antolatzen hasia zela Kontseiluaren deiari erantzunda, euskararen egoera estuak kezkatuta. Taldeak Oreretako Euskaltzaleon Pizkundea izena du (elkarretaratzea baino lehen egindako elkarrizketa) eta udaleko Lan Eskaintza Publikoaren gaiak lanean harrapatu ditu. Haserre daude eta euskararen aurkako erasoari aurre egitea erabaki dute.

Dozenaka euskaltzale elkartu dira CCOO sindikatuaren atarian, CCOO Euskararen aurkako erasorik ez leloa idatzita daukan pankartaren atzean. Euskal Herrian Euskaraz taldearen banderak ere lehen lerroan egon dira. Errenteriakoa eraso bat gehiago baino ez dela izan azpimarratu dute elkarretaratzean irakurri duten agirian. ARGIAri erreferentzia egin diote erasoaren arduradunak “ipurdi bistan” utzi izanagatik. CCOO sindikatuak “izenetik hasita diola herra euskarari” nabarmendu dute eta galdetu dute: “Noiz arte?”.

Antolatutako erasoak

Antolatuta, hizkuntza politika “geldiarazi” nahi dutela salatu dute. Udalerriko PSE-EEk afera honi lotuta esan duena gogor kritikatu dute. Oarsoaldeko Hitza-k jaso duenez, alderdi sozialistak Errenterian gobernatzen ari den EH Bilduri adierazi dio 25 administrari lanpostutarako C1 maila eskatu izana “neurrigabea” dela, ez diola erantzuten lanpostu horien errealitateari eta araudiaren “oso gaineko” eskaera linguistikoa dela.

Oreretako Euskaltzaleon Pizkundea taldeak PSE-EEri hizkuntza eskakizunak inposaketarekin lotu izana leporatu dio: “Euskara inposaketa dela!!! Nora zoaz, Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra? Non ezkutatu duzue lotsa? Hori da Gasteizen negoziatzen ari zaretena? Hori da zuen marra gorrietako bat?”. Inposatutako hizkuntza bakarra gaztelania dela gehitu dute. Administrazioan euskara maila jaistearen alde egitearen aurrean, galdera hauek egin dituzte: “Hori arduragabekeria edo linguizidioa da? Nor da horren arduradun? Euskararen alde dagoenak hori egin dezake? Badakigu ezetz!”.

Taldearen agiria irakurri duenak, pareko euskaltzale guztiei begira, antolatzeko deia egin du, “haiek antolatu dira” esanez. 1960ko hamarkadako pizkundeari erreferentzia eginez, beste behin ere egiteko hauspotu ditu euskaltzaleak: “Gaur izan dadila hasiera berri bat. Pizkunde berri bat Oreretan!”.

Elkarretaratzea bukatutakoan Borja Arbelaitz Oreretako Euskaltzaleon Pizkundea taldeko kidea pozik agertu da bildutako jendearekin, erantzuna “txalogarria” izan dela azpimarratu du, eta gehitu “tamalez Orereta euskaltzaletasunagatik ez dela nabarmentzen”, herri erdaldundua dela. Erasoak herriko euskaltzaleak aktibatzeko balio izan duela dio, eta orain erronka dela euskaltzaleak saretzea eta taldea sendotzea. “Izan ere soka luzea ekarriko du kontu honek”.

 Gari Garaialde.
 Gari Garaialde.
 Gari Garaialde.

Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.