Euskararen alde “elkarrekin lan egiteko” deia luzatu diote prefetari auzitegira deituriko zortzi auzapezek

  • Euskararen aldeko deliberoen harira, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko zortzi herritako auzapezak deituak ziren Paueko administrazio auzitegira asteazken honetan. Prefeturaren ordezkaririk ez da agertu epaitegira. 

Prefetaren jarrera salatzeko Euskal Konfederazioak antolaturiko agerraldia. Euskal Konfederazioa

2026ko azaroaren 5 - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskara herriko hizkuntza gisa aitortzeko deliberoen kontra prefetak jarri zuen errekurtsoen harira, Ipar Euskal Herriko zortzi herritako auzapezak deituak ziren Paueko administrazio auzitegira asteazken honetan. Zehazki, Nafarroa Behereko Aiherra, Baigorri, Bidarrai, Irulegi, Izpura eta Lapurdiko Hiriburu, Senpere eta Uztaritzeko auzapezak.

Frantziako Gobernuaren ordezkariari beraien mezua helarazteko agerraldia egin dute auzitegira sartu aitzin: "Gure deliberoek borondate politiko sinplea adierazten dute: euskarak gure herrietan duen leku historikoa aitortzea eta haren zaintzaren, transmisioaren eta garaipenaren alde dugun engaiamendua berrestea". Prefetak dio, ordea, frantsesaren ondoan euskara ere herriko hizkuntza ofizial jartzeko asmoa dutela herriko etxe horiek. Horri dagokionez, argi utzi nahi izan dute, ez dutela "inolaz ere zalantzan ezarri nahi frantsesak errepublikako hizkuntza gisa duen lekua", eta ez dutela araubide juridiko berri bat sortzeko asmorik.

Hala eta guztiz ere, euskararen egoera soziolinguistikoa dela eta, hizkuntza horren alde egiteko garrantzia azaldu nahi izan diote prefetari: "Ez badugu kolektiboki neurririk hartzen, desagertze progresibo baten arriskuan izango gara. Horregatik uste dugu erakunde publikoek badugula zer egin; ez dugu begira geratu nahi nola desagertzen den hizkuntza", Senpereko auzapez Christophe Jauregiren hitzetan.

Egoera korapilatsua izanik ere, "elkar ulertzeko zailtasunak gainditu" eta "elkarrekin lan egiteko" asmoa helarazi diote prefetari.

Auzapezak epaitegira agertu badira ere, prefeturaren ordezkaririk, ordea, ez da agertu.

Auzitegiak jada bertan behera utzi ditu Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea), Baionako, Itsasuko (Lapurdi), Lexantzü-Zunharreko (Zuberoa) eta Sarako (Lapurdi) deliberoak. Martxoko herriko bozetako kanpainan, Euskal Konfederazioak galdetu zien hautagaiei euskararen aldeko engaiamenduak hartzea, eta tartean zuten euskararen aldeko delibero ofizialak hartzea. Hori ere leporatu die prefetak, baina zortzi herrietako auzapezek argi utzi diote "independentzia" osoz harturiko deliberoak izan direla, eta ez diotela "inolako elkarte edo erakunderen aginduei" erantzuten.

Azaroaren 21eko manifestazioa izanen da Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren ondoko hitzordu inportantea. Euskararen koofizialtasuna galdetzeko hitzordua izanen da.


Euskara kanalean gehiago
2026ko azaroaren 4
Koofizialtasunaren aldeko manifestazioa
Indarrak batu, euskararen garaia dela ohartarazteko

2026ko urriaren 28
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 25 urte
Aski argazki bera mende laurden ondoren

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.