Euskarako noten eskandalua


2026ko ekainaren 16an - 12:39
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Aztoratuta dabiltza, Bizkaiko eliteko ikastetxe kontzertatu batzuetako ehunka ikasle batzuk. Zergatik? Bada, selektibitateko euskara-azterketan zero biribila jaso dutelako.

Ulergarria da aztoramendua: aurten arte ez da horrelakorik gertatu. Bada marka gero! Mundu guztiak daki (baita oraingoan profilez ipini den Hezkuntza Sailak ere) A ereduak ez duela euskaraz ikasteko balio. Ez aurten, ezta eredu hori abian izan den 40 urteetan ere: hezkuntza-sistema Eusko Jaurlaritzaren ardura denetik, milaka eta milaka ikaslek amaitu ditu bere ikasketak EAEko hezkuntza-sisteman, euskaraz ikasi barik.

Zelan da posible, beraz, hamarkada joan, hamarkada etorri, A ereduko ikasleek selektibitateko euskara-azterketa normal-normal aprobatu izana? Bada, euskara-azterketa hori A ereduko ikasleen neurrira egiten delako… orain arte behintzat.

Kopeta behar da gero, batxilergoko ikasleek euskara-azterketa negargarria egin dutela eta unibertsitateari eskatzea kontuak, eta ez norberaren funtzionamenduari

Ostruka Saila profilez ipini dela aipatu dut: normala da. Izan ere, Jaurlaritzak jarraitzen du, batetik, sare publikoan euskaraz ikasteko balio ez duen A eredua mantentzen eta, bestetik, euskaraz erakusten ez duten ikastetxe kontzertatuak diruz laguntzen. Selektibitateko zeroek agerian utzi duten errealitatea deseroso zaio, noski: sailak badaki gertatutakoa bere erantzukizuna dela, ez unibertsitatearena. Berari dagokio ikuskatzea, ea ikastetxe guztiek bermatzen dieten beren ikasleei euskaraz jakiteko eskubidea. 1982ko legean, honela dio 17. artikuluko 3. puntuak: "Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; (…)".

2023ko legean argiago, 67. artikuluko 3. puntuan, euskarazko B2 maila lortzeaz ari dela: "Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak eta ikastetxeek beharrezko diren neurriak ezarriko dituzte finkatutako mailak lortzen direla bermatzeko, kontuan hartuta ingurune bakoitzeko abiapuntua eta ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoak, gehien behar duenari gehiago emateko".

Egin beharrekoa erraz azaltzen da: ikusi zein ikastetxek sistematikoki ez duen B2 maila bermatzen, denbora-tarte mugatu bat eman (eta ikastetxe barruan nahiz kanpoan beharrezkoak diren baliabideak), urtez urte aztertu ea egoerari buelta ematen ari zaien eta, azkenik, bermatu barik jarraitzen dutenei kontzertua kendu. Euskal gizarteari sexu-segregazioa egiten duten ikastetxeek balio ez dioten bezala, gure hizkuntza segregatzen duten ikastetxeek ere ez.

Kopeta behar da gero, batxilergoko ikasleek euskara-azterketa negargarria egin dutela eta unibertsitateari eskatzea kontuak, eta ez norberaren funtzionamenduari, ezta norberak diruz hornitzen dituen ikastetxeei ere.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

3 iruzkin

Arantza Mendizabal
2026-06-18 // 18:04
A eredua aukeratzen dutenak, beraien aukera da, errespetagarri a da baino pentsatzen badute, irakaskek, gurasok ta irakaslek, euskera ikastea denbora alperrik galtzea dala, ezin dute, besteri errua bota, lotxagarria da nola euskera zapaltzen duten, errespeto piskat mezedes. Zerbait egiteko garaie da, euskeraren alde
Joseba
2026-06-18 // 23:13
Ea irmo mantentzeko gai garen eta fermuki eusten diogun ZEROari bestela jendilaje horrekin jai dugu.
Aski da adarra jotzearekin.
Adore eta aintzina segi, geure hizkuntz nazionalak burua atera dezan.
Aupa!
Estibaliz Barbara
2026-06-19 // 07:21
Gakoa ez da A ereduan ez dela euskara irakasten. Irakasleok askotan, osasuna galtzerainoko esfortzua egiten baitugu ahalik eta gehien ikas dezaten. Konponbidea,nire uste apalean, ez da kontzertua kentzea. Daukagun lege berriak ez du laguntzen oztopatzen baizik. Euskara mailak beherakada izugarria jaso du azken urteotan eta zenbait arazorengatik dela esango nuke; hala nola: ordenagailu eta IA gehiegi,urterik urte eta mailaz maila igarotzea ezinbestekoa dena menperatu barik, benetako B-D ereduen ez-bermatze sistematikoa murgiltze-linguistikorik ez dagoelako...hainbat gauza. Ez nau harritzen zeroak,inondik inora ere,hori baita ikasle askoren maila: hutsa. Harritzen nauena da sorgin ehiza irakasleen aurka, batez ere azterketak ikusi ez ditugunean. Zergatik ezin da 0 izan? Ez badu ezer ondo egin? Imagina dezagun 2 puntu eman dizkiola idazlanean ulermenean ez duelako ezer zuzen erantzun eta 2 puntuak akats ortografikoengatik galdu dituela. Zer da ba hori? Ba 0 biribila! Izan gaitezen serioagoak. Eta HEZKUNTZA SAILARI: Noiz arte jarraituko duzu partida harmeiletatik ikusten? Jeitsi harera ,orduantxe bakarrik ikusiko dituzu benetako beharrizanak eta galdetu guri(irakasleoi) zer behar dugun David eta Goliaten arteko norgehiagoka honetatik airoso atera gaitezen denok.
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...