Euskarak gozamenez busti ditu kaleak

  • Bi urte prestatzen, urduritasunak eta ardurak kudeatzen, eta bost minututan badoa. Korrika. “Ezin da gelditu lekukoa!”. Baina Korrikak askoz gehiago irauten du, denboran eta era guztietako parte hartzaileen gorputzetan. Arrastoa uzten du herrietan, eta “hemen ere euskararen alde” oihukatzen jarraitzen dute haurrek, gurasoak Korrika osteko edo aurreko tragoa hartzen ari diren bitartean. Korrikaren bueltan antolatzen diren hamaika ekintzak ere ezinbestekoak dira, batik bat, aisialdia ere euskaraz egiteko parada ematen dutelako.

Zarautz. AEK

2026ko martxoaren 26an - 11:15
Azken eguneraketa: 13:07
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskara eremu akademikora mugatuz gero, argi dago ez duela iraungo. Euskarak izan behar du baliagarria gozatzeko, jolasteko, dantzatzeko eta elkar zirikatzeko ere bai. Martxoaren 24 eta 25ean horretan jarri dugu begirada, eta ziurtatuta geratu da aisia euskaraz egiteko erak kontaezinak direla.

Korrika euskaltzaleen topalekua da, aspaldi ikusi gabeko lagunekin korrika egiteko unea, edo Euskal Herriko beste puntako herrixka bateko euskaldunak ezagutzekoa. Bertizaranako (Nafarroa) eskola txikietako ikasle eta irakasleek, adibidez, astearte goiza probestu dute topaketa egin eta elkarrekin Korrikara joateko, bailaratik pasatzen zelako. Eta Baztan zeharkatu ostean, Urdazubi lehen aldiz bisitatu eta Zugarramurdira egin du Korrikak. Hortxe esperoan egon dira, eguzki berotan, Bidarraitik, Azkainetik eta Ziburutik etorritako lagunak; Euskal Herriaren itzulia egiten ari direla esan dute, euren herrietatik gauez pasatzen denez, inguruko herrietara mugitu dira.

Saratik sartu da Lapurdira euskararen aldeko ekimena, eta Seaskako ikasleen protagonismoa argia izan da. Ezpeletan edo Kanbon lekukoaren atzetik sartu eta Baionaraino iritsi diren 18 urteko gazte batzuek harrituta utzi dute bat baino gehiago. Bost orduz egin dute korrika, eta nahiz eta itolarria izugarria izan, handiagoa izan da helburu beraren alde aritzeak eta pertenentzia sentimenduak eragin dien zirrara. Etxepare lizeoaren lekuko-hartzera iristea zuten xede nagusia, eta ez dute amore eman; agujeta latzak izango dituzte biharamunean, baina ikaskide eta irakasleekin batera azterketak euskaraz exijitzea lortu dute. “Euskaraz ikastea eskubide bat delako!”, berretsi du Maddi Kintana esatariak mikrofonotik, Baiona osoak entzun dezan.

Korrikak igaro duen laugarren hiriburua da, eta nabari da besta giroa. Astearte buruzuri bateko iluntzea izan arren, Baiona ttipian ostiral edo larunbata dirudi. Patxa plazako pareta batean pilotan ari diren haurrak “Baionan ere euskaraz!” eta “Euskaraz hobe!” leloak errepikatzen ari dira, Korrika heltzerako ahotsak berotzen. Inguruan, garagardoarekin eztarriak berotzen ari dira dozenaka euskaltzale, eta gorputza mugitzen Huskeria Sistema disko jartzailearen euskal folklore jamaikarraren erritmora. “Ez gara folklore, euskara gara”: AEKren mezua gogorarazi beharrekoa da. Folklore ez, baina Korrikan argi geratzen ari da kultura ere bagarela eta horrek ere mugitzen dituela euskaltzaleak. Dantzariak, pertsonaia mitologikoak, erraldoi eta buruhandiak, joaldunak... Hori dena ere euskaraz da, eta lekukoa eskuratu duten zirku talde, antzerki talde, bertso eskola, kirol talde zein gaztetxeek oroitarazi dute kultura ere euskaraz egiten dela.

Aisia bai, baina ez edonola

Hendaiatik Irunerako Santiago Zubia korrika egin dute lasterkariek martxoaren 25eko eguna argitu aurretik, eta euskaltzaleei ere barrenak mugitu zaizkie Lapurditik Gipuzkoara egindako bidean, Axut antzerki konpainiak, Antxeta Irratiak eta Irun-Hendaiako AEKk batera egin duten kilometroan: ez da ahaztu behar zubi horrek muga inposatua irudikatzen duela, eta migratzen ari diren milaka pertsonarentzat zubia beharrean ibai hilgarria dela.

Bosgarren hiriburura, Donostiara iritsi da Korrika, eguna argitzearekin batera. 7. eguna da, eta azkenean heldu da euria. 11 gradu daude kalean, eta suhiltzaileen lekuko hartzean mangeraz bustitako korrikalariek freskatua hartu dute. Gros auzotik igaro da eguerdian, eta itsasoa mugituta dagoen arren, 13 gradutan dagoen uretan goxoago egongo lirateke surflariak Zurriolan. Baina gaurkoan lehorrean ari dira Groseko Indarra Surf Taldeko kideak, lekukoa hartu baitute hondartza parean, eta berretsi dute kirola ere euskaraz egiteko espazioak sortzearen garrantzia. Bertako kidea da Eneko Aizpuru, eta 25 urte daramatza defendatzen surfa eta militantzia bateragarriak direla: “Argi daukagu surfa ez dugula edozein modutan bultzatu nahi, balio aurrerakoiak bultzatzen dituen surfa nahi dugu, mundu hobe baten alde egitea da gure egitasmoaren ardatza”, adierazi dio ARGIAri. Balio horietan kokatzen dute euskara, parekidetasunarekin, inklusioarekin eta elkartasunarekin batera, besteak beste. “Oso kontziente garelako hizkuntza gutxitu bat dela, galzorian dagoena, eta beraz, hizkuntzak ondare bat direnez mundu guztiarentzat, edozein hizkuntza minorizatu babestea eta bultzatzea garrantzitsua iruditzen zaigu”. Horrez gain, euskaldunon identitatearen oinarrizko zutabea dela dio: “Gure hizkuntza da gure kulturaren ondare nagusiena, eta euskararik gabe gure identitatea ere galduko genuke. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu edozein eremutan, eta guri dagokigunez surfean, euskararen aldeko lana egitea eta gure hondar ale txikia jartzea euskara bultzatu, ikasi eta erabili dadin ahalik eta eremu gehienetan”.

Groseko Indarra Surf Taldekoek ziurtatu dute kirolean ere euskara bultzatzea ezinbestekoa dela. Groseko Indarra Surf Taldea

Groseko surflariak espainol pijoak direla diotenen aurreiritziak apurtzen ditu Groseko Indarrak. “Surfa AEBetatik etorri zenean kutsu negatiboa zuen Donostiako mugimendu ezkertiarrean, AEBetatik zabaltzen ari zen eredu kapitalista zekarrelakoan. Baina ordutik asko masifikatu da, zorionez ala zoritxarrez, eta ezinezkoa da surflariaren profil homogeneorik egitea; surf komunitateak islatzen du bertako egoera soziolinguistikoa”. Donostiako kasuan, Aizpuruk ziurtatu du "mugimendu ezkertiar eta abertzale oso indartsua" egon dela historikoki, eta surfaren munduan ere hori islatzen dela.

Kirola ere politika baita, kirola ere euskaraz egitea eta eskaintzea hautua baita. Groseko Indarran euren txikitasunetik euskararen aldeko ekimenak egiten saiatzen direla azaldu du Aizpuruk. Euskaltzaleen erronketako bat da euskara eremu informaletan ere ohikoa izatea, eta Donostian ere bada kezka hori. Ildo horretan, Groseko Indarra ikastaroetan euskarari lehentasuna ematen saiatzen dela ziurtatu du Aizpuruk, batik bat bertakoak joaten direlako: "Batez ere adinez gaztetxoak edo umeak baldin badira, saiatzen gara ikastaroak euskaraz izan daitezen edo erabateko lehentasuna ematen euskarari, kontuan hartuta hemengo errealitate soziolinguistikoa, badakigulako adin batetik behera euskararen ezagutza ia erabatekoa dela". Uretan ere olatu eta olatu artean euskaraz aritzeko bultzada ematen dute Groseko Indarran, eta erabilera ere sendotzen ahalegintzen direla dio surflariak: "Badakigulako eremu akademikoez aparte garrantzitsua dela aisialdian ere euskararen erabilera indartzea, eta guri surfaren munduan dagokigu hori egitea".

Korrikak Gipuzkoako kostaldean barrena jarraitu du, eta Zarautz, Deba zein Zumaiako surflariak lehorreko uhin euskaltzalera batu dira martxoaren 25ean. Bitartean, Ondarroan, ume talde bat Gipuzkoa aldera begira ari da Zubi Zaharretik, "Ondarroan ere euskaraz" aldarrika, Bizkaira noiz iritsiko zain. Berandu dator Korrika, baina euskaraz blaituta daude ondarroarrak, eta halaxe jarrituko dute datozen egunetan ere, euskaraz gozatzen, euskaraz jolasten, euskaraz aisialdian.


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.