Irakurri berri izan dut Mikel Sotok Tene Mujika bekaren eskuz duela gutxi argitaratutako Mirande: herriminez, ezin-minez lana. Gaur arte Jon Miranderi buruz egin den ikerketa-lan esanguratsuenetariko bat aurkezten digu Sotok eta euskal kulturan eta euskaran interesa dugun guztiok irakurri beharko genukeen liburu bat delakoan nago, ez soilik euskal literaturak eman duen idazle garrantzitsuenetariko baten bizitza eta obra hobeto ezagutarazten dizkigulako, baizik eta euskal literatura eta berarekiko jarrera batzuk ulertarazten dizkigulako.
Gustatuko litzaidake esatea Mirandek ez duela aurkezpenik behar, baina, zoritxarrez, kaleko euskaldun askok eta askok, euskal literatura gutxi ezagutzen dutenek, noski, ez dakite nor den. 1925ean Parisen jaio zen zuberotar honen poemek, ipuinek, artikuluek eta Haur besoetakoa izeneko eleberriak euskal literatur munduan berehalako eragina (eta iskanbila) sortu dute XX. mendeko erdialdetik gaur egun arte. Txillardegirekin eta Ramon Saizarbitoriarekin batera euskal literatur modernoaren aitatzat har dezakegu Mirande (Mamma mia! musikalean bezala, hiru aita daude hemen), hainbat joera eta gai berriak aurkeztu baitzituen bere obran; sexua, pedofilia, kriminalak, prostitutak, homosexualitatea… Aitzitik, gaur egun Miranderi buruz hitz egitea zaila zaio euskal gizarteari, bereziki Miranderen ezaugarri batengatik: ideologia nazia.
50eko eta 60ko hamarkadetan bezala, Mirandek idazle deserosoa izaten jarraitzen duela esan gabe doa eta askok existituko ez balitz bezala tratatzen jarraitzen dute. Nik neuk ikusi nuen nola nire institutuko Euskara eta Literatura ikasgaiko irakasleak Miranderen obrari ez-ikusia egiten zion XX. mendeko erdialdeko euskal literatura irakasterakoan (testu liburuan agertzen zen aipatu ez zuen idazle bakarra). Ondorioz, zaila da Miranderi buruz hitz egitea eta, egiten denean, hamaika disclaimer egiten dira hizlaria idazlearen iritzi nazietatik urruntzeko eta inoren salaketa posibleengatik babes egoteko.
Euskal kulturan ideologia faxista partekatzen zuten (duten?) beste ordezkariak egon arren edo benetako pedofiloak egon arren, Mirande da zentsuratzen eta gehien gaitzesten dena
Beraz, Mikel Sotok egindakoa bezalako obrak beharrezkoak dira. Izan ere, Miranderen bizitza oso misteriotsua izan zen. Bere ideologiagatik eta gai polemikoengatik euskal literatur munduko hainbat eta hainbat ordezkari paria bihurtu zuten. Parisen bere buruaz beste egin zuen eta aste bat baino gehiago igaro zen norbaitek Miranderen falta sumatzeko eta bere gorpua aurkitzeko. Horregatik, gaur egun Miranderi buruz dakiguna gutxi da eta Sotok egindako ikerketa lana ezinbestekoa da bere inguruko misterioa uxatzeko. Sotori esker Miranderi buruz asko ikasteko gai gara orain; esate baterako, bere ideologia nazia 50eko hamarkadan sortzen hasi zela (40ko hamarkadaren amaieran oraindik demokrata baitzen), aldizkari nazietan idatzi zuela bretoieraz, Francoren erregimenaren aurkako iritziak zituela, Frantzia ezer baino gehiago gorrotatzen zuela, bere gurasoen zainketaz arduratu zela eta abar.
Horretaz aparte, liburuak euskal kulturari buruzko hainbat arazo aurkezten dizkigu. Izan ere, Mirandek jasotako irainak eta ostrazismoa berak soilik jasotzen ditu. Euskal kulturan ideologia faxista partekatzen zuten (duten?) beste ordezkariak egon arren edo benetako pedofiloak egon arren, Mirande da zentsuratzen eta gehien gaitzesten dena. Sotok argudiatzen du euskaldunok arazo larria daukagula Miranderekin eta arazo horrengatik denak balio duela bere aurka. Liburuan aipatzen eta ezeztatzen dira Miranderen aurka asmatutako gezurrak, bere kontra jaurtitako irain krudelenak azpimarratzen dira eta abar, euskal kultura oso bihozgabea izan baitaiteke batzuetan. Jarrera zentsuratzaile eta krudel honek ez dio onik egiten euskal kulturari, jakina. Beste kulturek ez dute hain arazo larria 50 urte baino gehiago hilda igaro dituen eta hain idazle garrantzitsua izan den norbaitekin. Miranderekiko jarrera honek egiten duen bakarra gure literaturaren zati esanguratsu bat ezkutatzea da.
Horrexegatik da hain garrantzitsua Sotoren lana. Alde batetik, euskal idazle garrantzitsuenetariko bat hobeto ezagutzen laguntzen du eta, bestetik, euskal kulturak konpontzear dituen arazoak azpimarratzen ditu. Orain, Soto idazlearen obra guztia biltzen saiatzen ari dela dirudi, beste lan garrantzitsu batean murgiltzear omen dago, munduko zorte guztia opatzen diogu. Horiek horrela, euskal kulturak eta, ondorioz, euskarak berak eskerrak ematen dizkizu, Mikel Soto. Guztion partetik, eskerrik asko zure lan gogorragatik.
Aritz Arrieta
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.