Pirinio Atlantikoetako prefet Simon Fetetek ezarritako helegitea Paueko Administrazio Auzitegiak aintzat hartu duela jakitera eman du Kazeta.eus komunikabideak. Behin-behineko erabakia da, formagatik deuseztatu duelako deliberoa, mamiaren azterketan sartu gabe.
Bertan behera gelditu da euskara ofizialki aitortzeko Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) deliberoa, Pirinio Atlantikoetako prefet Simon Fetetek ezarritako helegitea aintzat harturik. Bide beretik segitu du aldi honetan ere Paueko Administrazio Auzitegiak, abuztuan Sara (Lapurdi) eta Baionako Herriko Etxeen deliberoak zituelako deuseztatu. Itsasuko (Lapurdi) eta Lexantzü-Zunharreko (Zuberoa) herriko etxeak ere erabakiaren zain daude.
Arberatze-Zilhekoako Herriko Etxearen deliberoaren forma epaitu dute, eta mamiari berantagorako begiratuko diote. Hori horrela, oraingoz behin-behinekoa da epaia. Aldi honetan ere, Frantziako Konstituzioaren hainbat artikulu oinarritzat harturik, deliberoak "legezkotasun-zalantza larria" sortzen duela ebatzi du Paueko Administrazio Auzitegiak. Frantziako Konstituzio Kontseiluak ezarritako jurisprudentzia ere ekarri du epaileak gogora, argituz norbanakoek ezin dutela aldarrikatu administrazioarekin eta zerbitzu publikoekin dituzten harremanetarako frantsesa ez den bertze hizkuntza bat erabiltzeko eskubidea, eta gisa berean ezin dutela frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzera behartu.
Urriaren 1ean egindako prentsaurrekoan bere postura tinko defenditu zuen prefetak, Herriko Etxeek hartzen dituzten deliberoak ez direla legezkoak argi utziz: "Euskara hizkuntza ofizial gisara aitortzen dute, eta ez dute horretarako eskumenik". "Ofizialki" hitzaren erabilpenean eman zuen azpimarra, bere begietatik ikusita, horrek sortzen duelako arazoa, euskarari frantsesaren heineko estatusa emanda.
Hizkuntza gutxituen aitortzaren parean jarritako "blokeo” horiek gainditzeko asmoz, Frantziako Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatzen duen lege proposamena aurkeztu zuten urriaren 6an Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek.