Euskara lehenesteko urratsak Gipuzkoako Diputazioan

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak euskarari lehentasuna emateko proposatutako neurriek zeresan ugari eman dute azken asteotan. Batez ere bi neurrik harrotu dituzte hautsak: prentsaurrekoak euskaraz ematea eta kontratazio publikoan hizkuntza eskakizuna sartu izana. Alabaina, Diputazioaren hizkuntza politikak hori baino askoz gehiago biltzen du.


2012ko azaroaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Zigor Etxeburua Gipuzkoako euskara zuzendari nagusia, hogei udaletako ordezkarien aurrean hizketan.

Gipuzkoa lurralde euskalduna izanik –herritarren erdiek badakite eta beste %16,4k ulertzen du–, euskarari lehentasuna emateko asmoa agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Dagoeneko egiten ari diren barne lanaz gain, aurrerantzean aplikatuko dituzten hainbat neurri eman dute ezagutzera urrian. Neurri horietako bik zeresan eta kritika ugari eragin dute: prentsaurrekoak euskaraz emateak –gaztelaniazko aldibereko interprete zerbitzuarekin– eta kontratazio publikoen oinarrietan hizkuntza eskakizuna sartzeak.

Orain arte ele bitan egin ditu agerraldi publikoak Aldundiak eta hedabideek, oro har, gaztelaniazko hitzak erabili izan dituzte horien berri emateko. Hitzok euskara hutsean eskainita hizkuntza herritarrengana heltzea du helburu foru erakundeak. Dena den, prentsaurrekoetan gaztelaniazko aldibereko interpretea izango da eta prentsa oharrak ele bietan emango ditu aurrerantzean ere. Jarrera horrekin gaztelania baztertzen ari direla kritikatu dute zenbaitzuk baina Aldundiko ordezkariek argi dute bi hizkuntzak ofizialak direla eta ez dutela gaztelania albo batera uzten, euskara lehenetsi baizik. Hala dio Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendariak: “Orain arte instituzioetatik zabaldutako mezuek diote elebidunak garela eta euskaraz gehiago egiten ez bada euskaldunen erruagatik dela. Hori ez da egia: euskaldunak euskara erabili nahi du baina ezin du, trabak eta debekuak dituelako, eta solaskide askok ez dakielako. Guk euskara erabiltzeko hautua egin dugu eta egungo egoera zein den jakinda, interprete zerbitzua eskaini dugu”.

 Euskara lehenesteko, herritarrekin harremana euskaraz edukitzeko prestatuak egon daitezen eskatuko die Aldundiak bere izenean ariko diren enpresei eta lanaren araberako hizkuntza eskakizunak ezarriko ditu. Esaterako, GI-632 errepidean Antzuola-Bergara zatia egiteko kontratuaren baldintzen artean jarri zuen obrako zuzendariari laguntza teknikoa emango dion taldeko bi kidek, gutxienez, EGA edo titulazio baliokideko euskara maila egiaztatzea, eta hain justu, enpresa bat esleipenetik kanpo geratu zen baldintza hori betetzen ez zuelako.

Euskara ez dela inposatu behar, neurri hori baztergarria dela, Aldundiak naziek bezala jokatzen duela edo hizkuntza eskakizunaren irizpide horrekin Europako merkatu bakarreko enpresek duten lehia askeko araudia urratzen ari litekeela adierazi dute, besteak beste, hainbat alderditako politikariek. Aldundiak bere jarrera berretsi du, neurrien atzean aurreko Diputatuen Kontseiluak onartutako foru dekretu bat dagoela argudiatuta. “EGA eskatu izana leporatu digute. Tituluaren zehaztasuna ez dago jasota foru dekretuan, herritarrei zerbitzua euskaraz emango zaiela ziurtatu behar dela dio legeak, baina lan jakin batzuetarako gaitasun jakin batzuk eskatzen dira eta hala egin dugu. Iruditzen zitzaigun pertsona batek zuzentasun nahikoa izan behar zuela euskaraz maila tekniko horretan ere”, gaineratu du Etxeburuak.

Azken asteotako kritiken aurrean bi ikuspegi bereizi ditu Aldundiko Euskara zuzendariak: euskararen garapenaren kontra daudenen aldetik jasotakoak eta euskararen alde daudenengandik jasotakoak. Lehenengoei esker argi geratu ei da euskaldunok bizi dugun egoera: ez dugu nahikoa burujabetza euskaraz bizi, gure erabakiak hartu eta aplikatzeko. “Iruditzen zaigu ez direla ari Aldundiaren kontra, euskaldunon, euskaraz bizi nahi dugunon aurka baizik. Eta horren aurrean harresia eraiki eta ez dugula onartzen esan behar diegu”, dio. Aldi berean, bidegabe eta iraingarritzat jo du euskararen garapenaren aldekoek hizkuntzaren inposizioaz aritu izana, eta euskaraz bizitzeko nahikoa uste sendo ez dutela iritzi dio.

Zerbitzuak euskaraz 2015erako

Ez da Aldundiaren –Bilduren gobernupean iaztik– erabakien inguruan horrelako eztabaida sortzen den lehen aldia, antzeko zerbait gertatu baitzen errenta aitorpenaren kanpaina baliatuta, administrazioarekin harremana euskaraz izan nahi duten gipuzkoarren zerrenda osatuko zuela iragarri zuenean. Orain eman dira argitara egitasmo haren emaitzak: aurten 49.234 pertsonek eskatu dute Ogasunarekin euskaraz aritzea eta 643 enpresek Aldundiarekin hizkuntza bera erabiltzea.

Etxeburuaren esanetan, emaitzak ez dira bikainak eta jendeak atzera egin du Ogasunak Aldundiari datuak laga izaganatik. Horregatik, herritarrei beren hizkuntza hautua zuzenean galdetuko die foru erakundeak. Euskaldunari zerbitzua eskaintzen dionak ere euskalduna behar duenaren jakitun, errenta aitorpenaren kanpainan euskarazko hirugarren hizkuntza eskakizuna zuten 83 pertsona kontratatu zituen Aldundiak lehen aldiz. 2015erako zerbitzuak euskaraz eskaintzeko erronkaren harira hartu ditu bi neurriok erakundeak.

Euskara, lan-hizkuntza

Kalean hainbestetan errepikatzen den egoera dago Aldundi barruan ere: langileek euskara ezagutzen dute (%17 dira euskara gaitasunik ez dutenak) baina gaztelaniaz egiten dute lan. Beraz, euskarari lehentasuna emateko bidean, euskara lan-hizkuntza bihurtzeko prozesua azkartzea da beste helburuetako bat. Horretarako plangintza intentsiboak egiten ari da bost zerbitzutan.

Legegintzaldi berrian zerbitzuburu eta idazkari teknikoak aldatu egin dira, eta euskararen ezagutza eskatu zaie. Horri esker, departamentu gehienetako arduradunak euskaldunak dira. Barne-bilerak euskaraz egin ahal izatea ahalbidetu du horrek eta protokoloa ere ari da sortzen Aldundia: euskaraz mintzatu ezin baina ulertzen duenak, gaztelaniaz hitz egin dezake bileretan baina gainerakoek euskaraz jarraituko dute.

Neurri horiek guztiak hasi dira dagoeneko emaitzak ematen. Horren erakusle euskaratik gaztelaniara itzuli beharreko testuen kopuruak gora egin izana.

Gipuzkoako Foru Aldundia bakarrik

Gipuzkoako Foru Aldundia/Diputación Foral de Gipuzkoa zioen erakundearen irudi korporatiboak aurreko legegintzaldian. Itxura ez ezik, hizkuntza irizpideak ere aldatu dira eta gaur egun euskarazko hitzak baino ez dira ageri irudi korporatibo nagusian. Gaztelania ez da desagertu baina bigarren mailara pasa, eta departamenduen eta zuzendaritzen aipamena egiteko erabiliko da, euskararekin batera. Etxeburuaren hitzetan, “gure irudiak islatu egin behar du berezko hizkuntza, lehentasunezkoa, euskara dela”.

Foru dekretu berria

Aurten iraungiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen foru dekretua eta dagoeneko berria prestatzen ari dira. Orain artekoa dekretu ona dela aitortu badu ere, Euskara zuzendariak adierazi du hobetu egingo dutela. Maila politikoko berrikuntzak izango dira, nagusiki.

Aldundian euskara berezko eta lehentasunezko hizkuntza dela esplizituki jaso nahi dute dekretuan. Zenbait neurri ideia horretan oinarrituz hartzen direla argituko dute. Euskararen erabilera indartzeko lehenago aipatutako neurri horiek ere islatuko dituzte dekretuan.

Orain eskuartean duen beste egitasmo bat ere agertuko da dekretuan: edozein ekintzak ingurune batean izan dezakeen inpaktu linguistikoaren azterketa. Azpiegiturek, lanek edo berrikuntzek herri bateko euskararen erabileran zein eragin duen aztertuko du Aldundiak. Demagun, herri txiki euskaldun batean hainbat etxe atxiki egiten dituztela. Horrek kanpoko jendea hara bizitzera joatea eta herriko hizkuntza ohiturak aldatzea eragin lezake. Aldaketen inpaktua eta hauen aurrean har litezkeen neurri zuzentzaileak proposatuko lituzke Aldundiak modu positiboan. Beste herrialde batzuetan, Galesen eta Flandrian esaterako, dagoeneko egiten dira azterketa horiek. “Euskaraz bizi diren inguruak, herriak, arnasguneak zaintzea luke helburu”, azaldu du Etxeburuak


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzuola
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


2024-02-08 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak milaka alegazio aurkeztu ditu eta aerosorgailuen tamaina irudikatuko du herrian

Meaka-Irimo herri plataformak 3.022 alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria sailean, "Trekutz" izeneko proiektuaren aurka. Zera adierazi du: "Meaka-Irimo herri plataforman energia berriztagarriak behar-beharrezkoak direla argi dugu, baina ezin dira... [+]


Eskuz idatzita

Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi, bere nekearen eta ezinen berri eman. Eta nor naiz ni gorputzari kontra egiteko, berak ere sufritzen... [+]


2023-11-06 | Estitxu Eizagirre
"Hausnarrean" liburuaren aurkezpenak Antzuolan, Urruñan eta hamar herritan

Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin... [+]


Eguneraketa berriak daude