Euskaldunen eskubideak legez bermatzea eta PSEri “beto eskubidea” ez ematea exijitu dute Bilboko kaleetan

  • Milaka euskaltzale batu dira larunbatean Bilbon ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako manifestazioan, 5.000 Bilboko Udaltzaingoaren esanetan. Euskararen aurkako oldarraldia eta bere bultzatzaileak salatu dituzte, mobilizatzera deitu dute, eta EAJ eta EH Bildu alderdiei eskatu diete Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan euskara eskakizunak gaztelania eskakizunekin parekatzea.

LAB

2026ko maiatzaren 10ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jesusen Bihotzetik irten da manifestazioa arratsaldeko 17:30etan, Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde lelopean, aldarri bera idatzita zeraman pankarta buruan. ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek eraman dute pankarta, tartean ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu. “Erasoen aurrean, euskarari eragin”, “hemen gaude euskararen alde”, “Euskal Herrian euskaraz”, edo “hizkuntza eskubideak bermatu” oihu artean egin dute ibilaldia manifestariek.

Deia alderdi abertzaleei PSEri beto eskubiderik ez onartzeko

ARGIAk ibilbidean zehar jaso ditu sindikatu deitzaileetako ordezkarien adierazpenak. Steilaseko kide Rebeka Garzes Aldazabalek azaldu du “euskararen aurkako oldarraldiari, batez ere judiziala, eta euskarafobiari” erantzuteko manifestazioa izan dela Bilbokoa. “Euskal Herriko langileok euskaraz bizi nahi dugu, ez bakarrik langileok, denok. Eta horregatik elkartu gara ELA eta LABekin, Euskararen Kontseiluarekin eta gainontzeko eragileekin. Gaurkoa beste tanta bat izan dadila, eta itsaso bat sortu dezagun euskararen alde”.

“Euskararen kontrako erasoaldi antolatu bat ikusten ari gara, horren bultzatzaile nagusiak Alderdi Sozialista eta CCOO sindikatuak dira”, salatu du Garbiñe Aranburuk: “Dikotomia faltsu bat eraiki nahi dute, hizkuntza eskubideak lan eskubideekin kontrajarriz, baina praktikan gaztelaniaren hegemonia inposatu nahi dute”. Hori ekiditeko “neurriak” exijitu ditu LABeko koordinatzaileak. “Euskarak babes legala behar du ofiziala izan dadin Euskal Herri osoan, enplegu publikoan lan egiten duten langileei euskara eta gaztelera exijentzia maila bera egiteko. Euskaraz ez dakiten langileei euskara ikasteko baliabideak eta denbora eskaini behar zaizkie, euskara inklusio sozialerako bidea delako”.

"Gaurkoa beste tanta bat izan dadila, eta itsaso bat sortu dezagun euskararen alde” (Rebeka Garzes, Steilas)

Gogoratu du legebiltzarrean eztabaida irekia dagoela, eta azpimarratu du orain dela momentua hori guztia bermatzeko. “Horregatik, EAJri dei egiten diogu PSEri beto eskubiderik ez emateko eta euskarak behar duen babes juridikoa ziurtatuko dituen Funtzio Publikoko Legea onartu dezaten”.

“Gaur hemen gaude oldarraldi politiko, sindikal eta judizialari modu antolatuan aurre egiteko”, adierazi du Mitxel Lakuntzak, PSE, CCOO eta UGT propio aipatuta. “Helburu politiko bat dute, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea”. ELAko ordezkariak ere eskatu du “euskara eta euskararen estatus juridikoa gaztelaniak duenarekin” parekatzea. “Gaztelaniarekin egiten den bezala, euskara derrigorrezkoa izan behar da herri honetan”.

EAJ eta EH Bilduri eskatu die “ausardiaz” jokatu eta “aurrerapauso bat” ematea legebiltzarreko Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan. “Ez da ulergarria legebiltzarrean inoizko gehiengo abertzale handiena dagoenean, praktikan Eneko Andueza izatea Hezkuntza sailburua”.

"EAJri dei egiten diogu PSEri beto eskubiderik ez emateko eta euskarak behar duen babes juridikoa ziurtatuko dituen Funtzio Publikoko Legea onartu dezaten” (Garbiñe Aranburu, LAB)

Plaza Eliptikoan, EHEko hiru kidek “PSOE, CCOO, UGT euskararen etsaiak” zioen pankarta erakutsi dute zabor kontainer batzuen gainera igota eta manifestarien txalo artean. Beste hiru kidek horrenbeste egin dute Buenos Aires kaleko justizia jauregiko hesietara igota, “euskaldunon aurkako erasoak gelditu” aldarriarekin.

 Gartzen Garaio
 Gartzen Garaio

Mobilizazio herritarra eta eskubideen legezko blindatzea

Udaletxe ondoan eman diote amaiera manifestazioari, ekitaldi batekin.

Steilas sindikatuko Rebeka Garzes izan da hitza hartzen lehena. Euskararen aurkako erasoak ugaritzen ari direla-eta, “erantzun kolektiboak eta bateratuak” beharrezkoak direla aldarrikatu du. Salatu du euskaldunentzako eskubideak eskatzea diskriminazioarekin lotzen ari direla batzuk, eta hori ez dela kasualitatea: “Gazteleraren nagusitasuna bermatu nahi dute”.

LABeko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegi hurbildu da ondoren mikrofonora. Salatu du euskararen aurkako eragile “judizial, politiko eta sindikalen” estrategia hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko talka irudikatzea dela, eta borroka horretan “arbitroa alde eta erosita” dutela. Sindikatuaren hiru aldarri nagusiak gogoratu ditu Lopetegik: euskararentzako ofizialtasun osoa eta gaztelerarekin parekidetasuna, segurtasun juridikoa, eta euskara ikasteko “denbora eta baliabideak”.

Funtzio Publikoko Legearen eztabaidan Gasteizko Legebiltzarrak bi aukera dituela adierazi du Lopetegik: “atzera egin”, edo “eskubideak bermatu”. EAJri zuzendu zaio, eskubide horiek ez daitezen egon “PSEren botoen menpe” eta euskararen eta gazteleraren hizkuntz eskakizunak parekatu daitezen. “Ez dugu erasorik onartuko”, adierazi du eta Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean ekainaren 13rako deitu duen mobilizaziora batzeko deia egin du.

“Ikasle garaian euskara lapurtzen diete eta helduak direnean administrazioetan lan egiteko diskriminatuak direla defendatzen dute” (Pello Igeregi, ELA)

ELAko Euskara arduradun Pello Igeregi mintzatu da azkena. Sindikalismo abertzalearen estreinako mobilizazioa “PSOEk probokatu” zuela gogoratu du, Bilbon bertan, 1911n. “Udaleko PSOEko zinegotzi batek esan zuen, hitzez hitz [jatorrizko gazteleran irakurri du]: ‘Ziur nago herrialde honetako seme-alabak Espainiako gainerako probintzietakoak baino gutxiago direla gaitasunari eta pentsaerari dagokienez’. Bilboko Udaletxean langile euskaldunak egotea debekatu nahi zuten, erdaldun elebakarrak behar omen zituzten. Hara non, 115 urte ondoren, protagonista berekin ari garen”.

Igeregik salatu du alderdi eta sindikatu batzuek haurrak “kondenatzen” dituztela “euskara ez ezagutzera”, A eta B ereduak mantenduta. “Ikasle garaian euskara lapurtzen diete eta helduak direnean administrazioetan lan egiteko diskriminatuak direla defendatzen dute”.

“Ausardia eskatu behar diogu gure buruari”, zuzendu zaie manifestariei, “zapalkuntzaren zapalkuntzaz” euskaldunak askotan beren eskubideei uko egiten diola iritzita: “Zer gertatuko litzateke gutxiagotan egingo bagenio uko? Eta desobedientzia ariketa horiek modu kolektiboan egingo bagenitu?”. Etxepare institutuko ikasleen jarrera desobedientea txalotu du, eta igandeko Senpereko eta ekainaren 13ko Iruñeko manifestazioetara dei egin.

Mintzaldiak amaituta, bi musikari igo dira eszenatokira, eta Euskal Herrian euskaraz abestu dute herritarrek lagunduta, ekitaldiari amaiera emanez.


2026ko ekainaren 15
Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza (Gasteizko Udaleko oposizioak euskaraz egin dituzten euskaldunak)
"Galzorian dagoen espeziea bezala tratatzen gaituzte euskaldunok"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.