ELAk eta LABek ohar bana argitaratu dute, ostegunean Eusko Legebiltzarrean egingo den saio erabakigarriari begira. Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko eta eskubideak bermatzeko, egungo legea moldatzea eta euskara eskakizunak gaztelania eskakizunen pare jartzea eskatu diete alderdiei.
EAJ eta EH Bildu alderdiak negoziazioan ari dira osteguneko Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurari begira. Bertan eztabaidatu eta bozkatuko da Enplegu Publikoaren Legea. Pello Otxandianok adierazi du EH Bildu prest egon daitekeela EAJren proposamenari bide emateko, jeltzaleek konpromiso bat hartuz gero: frogatzen bada EAJren proposamena ez dela eraginkorra segurtasun juridikoa lortzeko, jeltzaleek EH Bilduren proposamena onartzea. Joseba Diez Antxustegi EAJko legebiltzarreko bozeramaileak aukera horretarako atea irekita utzi du: EH Bilduri proposatu dio beren proposamena onartu ostean “ebaluazio bateratua” egitea, eta “nahikoa ez bada”, neurri berriak elkarrekin aztertzea. Albiste honetan laburbildu zituen Onintza Irureta kazetariak EAJren eta EH Bilduren proposamenak Enplegu Publikoaren Legeari begira.
Gaur gaurkoz ez da akordiorik jakinarazi, eta astelehen goizean Otxandianok Euskadi Irratian adierazi zuen osteguna baino lehen adostasunik lortu ezean Pradales lehendakariari bilera eskatuko diola, “egoera desblokeatzeko”.
Testuinguru horretan, ELA eta LAB sindikatuek ohar bana plazaratu dute astelehen arratsaldean.
ELAk ausardia eskatu die EAJ eta EH Bilduri
ELAren irudiko, bi aukera egongo dira osteguneko saioan: “Euskaldunon hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dituen egungo lege markoa mantentzea ala herritar eta langile guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen lege berri bat lortzea”. EAJren proposamenaren aurka egin du sindikatuak, eta salatu du onartzekotan “aurrerantzean ere soilik gaztelania” izango dela “exijentzia orokortuko hizkuntza administrazioetan”. Hori gertatzekotan, “euskara soilik salbuespenez izango da lan-hizkuntza, eta zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarrek hainbat traba gainditu beharko dituzte beren hautua errespetatua izan dadin”.
“Euskaldunon hizkuntz eskubideak parekatzea” izan behar du Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko “ezinbesteko baldintza” ELAren iritziz eta, horrez gain, eskatu du “euskararik ez dakiten langile publikoak euskalduntzeko baliabideak eta epeak jaso daitezela” lege berrian.
“Alderdi politiko, sindikatu eta epaile euskarafoboak” administrazioa euskalduntzearen aurka ari direla salatu du sindikatuak, baina gogoratu du, kontrara, hurrengo urteetan erretiro asko gertatuko direla: “Aukera paregabea dira erabaki traumatikorik hartu beharrik gabe administrazioak erabat euskalduntzeko”. ELAk “erabaki ausartak” eskatu dizkie alderdi politikoei.
LABek eskatu du lege berrian euskal gehiengo sindikalaren aldarrikapenak txertatzea
LAB sindikatua EAJri zuzendu zaio: “Euskararen normalizazioan aurrera egiteko aste erabakigarri honetan, EAJri exijitzen diogu negoziazioari bide emateko eta euskal gehiengo sindikalaren aldarrikapenak lege moldaketan txertatzeko”.
Sindikatuaren esanetan, osteguneko Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidan legeari moldaketak ez egitea “ez da aukera bat”, besteak beste, administrazioak ari direlako atzera pausoak ematen eta epaitegietatik euskararen aurkako sententziak heltzen jarraitzen dutelako. “Oldarraldia sustatu duten CCOOk, UGTk eta PSEk ez dute nahi legea aldatzerik, ez bada okerrera. Nahikoa dute egungo legeak indarrean jarraitzearekin eta epaitegiek ezarri duten ikuspegi murriztailearekin”.
LABek EAJri eskatu dio negoziatu eta bere proposamenaren barnean onartu dezala “sarbidean lanpostu publiko guztietan derrigorrezkoa izango dela euskararen eskakizuna, hori gaztelaniaren pare jarrita, hizkuntza eskakizunen salbuespenak administrazio bakoitzaren hizkuntza plangintzari lotuz eta salbuetsitakoak ere era progresiboan euskalduntzeko bidea eginez”.