25 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa zabaldu zuen Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) azaroan, eta baziren 800 bat hautagai dagoeneko. Euskarazko C1 mailaren eskakizunaren aurkako helegite baten ondorioz, baina, udalak erabaki du hautaketa prozesua etetea.
Euskararen kontrako oldarraldiak badu atal berria, oraingoan Errenterian (Gipuzkoa). Bertan, udalak Lan Eskaintza Publikoa zabaldu zuen azaroan, udal administraziorako 25 plaza lehiaketa-oposizio libreko eskaintzaren bitartez. Dagoeneko, hautaketa-prozesuan parte hartzeko 800 eskaera baino gehiago aurkeztu dira, baina prozesua etetea erabaki du udalak, euskara eskakizuna dela eta, deialdiari errekurtsoa jarri diotelako. Eskakizunen artean, C1 euskara maila zegoen zehaztuta, lanpostu guztietarako. Hori dela eta, lan eskaintzaren deialdia eta oinarriak inpugnatu dituzte Donostiako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan. Ondorioz, Errenteriako Udalak hautaketa-prozedura bertan behera uztea ebatzi du astelehenean, eta hala jakinarazi du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Alkateak argudiatu du gaur egun "gai horri buruzko hainbat erabaki judizial ematen ari direla", eta horrek "ziurgabetasun-egoera" sortzen diela hautagaiei, bai eta administrazioaren jardunari ere: "Administrazio publiko batek hartu behar duen zuhurtasunezko neurria da". Hala, "prozeduraren amaieran ematen den ebazpenaren eraginkortasuna eta proportzionaltasuna, eta herritarren eskubideak" ezin direla bermatu adierazi du udalak. Hala ere, udalaren oharrean jakinarazi dute erabakiak administrazio bideari amaiera ematen badio ere, berraztertzeko edota administrazioarekiko auzi errekurtsoak jar daitezkeela.