Euskara eskakizunen aurkako epai berria ekarri du CCOOren helegite batek

  • Sindikatuak berak eman du epaiaren berri asteazken honetan. Gipuzkoako Aldundiak goi mailako teknikarientzako 34 lanposturako deialdian C2 maila eskatu zuen, baina epaitegiak ebatzi du eskaera "gehiegizkoa" dela, CCOOri arrazoia emanez. Administrazioen "politika linguistiko baztertzaile eta segregatzailea" salatu du sindikatuak. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du epaiak berriz ere "euskaldunak eta euskara gutxiesten" dituela.


2026ko otsailaren 11n - 18:46
Artxiboko irudia
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2024ko urrian administrazio orokorrerako 34 goi mailako teknikari posturako lan deialdia egin zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta lanpostu guztientzako ezarri zuen euskara eskakizun maila gorena, C2-a. CCOO sindikatuak helegitea jarri zuen eta Donostiako epaitegi batek arrazoia eman dio. Aldundiak epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera du, baina erakundearen iturriak aipatuta, Euskadi Irratiak ziurtatu duenez, horrelakorik ez du egingo.

1997ko 86/1997 dekretuak arautu du ia 30 urtez euskararen erabilera EAEko administrazio publikoan. Dekretuaren arabera, "nahitaez bete beharreko indizeak" zehazten zuen euskara eskakizuna izan behar zuten lanpostu kopurua. Erroldako datuetan oinarritutako formula batekin zehazten zen indizea: euskaldun kopurua + "ia euskaldun" kopuruaren erdia. Esaterako, herri batean "euskaldunak" herritarren %30 badira, eta "ia euskaldunak" %20, honakoa litzateke eragiketa: 30+ 10 (20/2). Hortaz, lanpostuen %40ak izan beharko luke euskara eskakizuna. Erakunde askok indize hori gutxieneko gisa hartu dute hainbat urtez, baina azken urteotan epaile askok gehienezko gisa interpretatu dute. Epaien ondorioz, euskara eskakizunak apaltzen hasi dira hainbat erakunde. Jaurlaritzak berak 86/1997 dekretua mantentzea baztertu du eta Gasteizko Legebiltzarrean administrazio publikoan euskara eskakizunak arautzeko modu berria ezartzeko prozedura abian da.

Euskara eta gaztelania parekatzea "gehiegizko"

Epaiaren berri emateko oharrean, CCOOk adierazi du "eskubide linguistikoak eta lanekoak" bateragarriak direla "proportzionaltasun linguistikoak errespetatuta". Sindikatuaren esanetan, aldundirako derrigortasun indizea lan deialdia egin zuenean %63,19ekoa zen eta horretara mugatu beharko luke erakundeak. Bestalde, sindikatuaren ustez, C2 maila "linguistikaren arloko langileei soilik eskatu beharko litzaieke, bestelako lanpostuetara zabaldu gabe zenbait administrazioetan gertatzen den moduan". Administrazioen "hizkuntza politika baztertzailea eta segregatzailea" salatu du sindikatuak, "euskaraz ez dakiten, edo ulertzen duten baina hitz egiten ez duten, edo hitz egiten duten baina hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea lortzen ez duten pertsonen aurkakoa" delakoan.

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako enegarren epaia kritikatu du: "Botere judizialak, beste behin, hizkuntza-politika egiteko eskumena bereganatu eta baldintzatu nahi du, euskara gaztelaniarekin parekatu nahi izatea ‘gehiegizkotzat’ joz eta euskara eta euskaldunak gutxietsiz". Horrez gain salatu du epaiak "euskararen sustapena eta normalizazioa" kaltetuko dituela aldundiaren barne funtzionamenduan zein zerbitzu publikoan, eta eskubide urraketa "betikotuko" duela. Kontseiluak defendatu du administrazio publikoko langile guztiek elebidunak izan behar dutela, "herritar guztien eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko bide bezala".


2026ko martxoaren 13
Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean?
“Sabinek dio giroa astindu behar dela”

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.