argia.eus
INPRIMATU
Euskara-egiaztagiriak konbalidatu ditu Jaurlaritzak

2008ko apirilaren 10

Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen Administrazioko euskara egiaztagiriak konbalidatu ditu. Atzo aurkeztu zuten baliokidetutako egiaztagirien zerrenda:

  • Europa B1: HABE 1, HAEE-IVAP 1. HE, Osakidetza 1. HE
  • Europa B2: HABE 2, HAEE-IVAP 2. HE, Osakidetza 2. HE, Ertzaintza 1. HE
  • Europa C1: HABE 3, HAEE-IVAP 3. HE, Osakidetza 3. HE, Ertzaintza 2. HE, EGA
  • Europa C2: HABE 4, HAEE-IVAP 4. HE, Osakidetza 4. HE

 

Hala, esaterako, HABE 1 egiaztagiria duenak Osakidetzako 1. Hizkuntza Eskakizuna lortzeko azterketarik egin beharrik ez du, eta HAEE-IVAP 1. Hizkuntza Eskakizuna lortzekoa ere ez. Eta horrela lau mailetan. Zerrendan beltzez daudenak Europako Erreferentzia Markoak ezarritako ikasmailak dira, izan ere, euskarazko egiaztagiriak ez dituzte elkarren artean konparatu eta gero mailaketa egin, baizik eta egiaztagiriak banaka-banaka Europako lau maila horiekin alderatu dituzte. Adituen ariketetako bat horixe izan da; azterketa errealak hartu eta B1, B2, C1 eta C2 mailetan kokatzea.

 

Bestalde, sei hilabeteko epean bilduko dira konbalidazio zerrenda horretara honako egiaztagiriak: Irakasleen 1. eta 2. Hizkuntza-Eskakizunak, Hezkuntzaren alorreko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileentzako hizkuntza-eskakizunak eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko tituluak.

 

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, euskara tituluren bat daukaten eta horietako bat eskuratzeko ikasten ari diren herritarrei egingo die mesede dekretuak. Gaurko egunez, 14.448 lagunek dute tituluren bat.