Euskara, EAJ-PSE 2020ko gobernu itunean


2020ko urriaren 05an - 11:08

EAJ-PSE gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik du aginpidea eta, horrenbestez, lur zati horretara mugatutako proiektu politikoa agertzen du bere egitarauan, zeina gazteleraz idatzi baita, eta gero euskarara itzuli. Hartan, EAEren neurrira itxuragabetu da gure herriaren deizio politiko nagusia: Euskadi, hiru probintziatara murriztutako “herria” (egun, nagusitu den definizioa).

Horrez gain, Euskal Herria desagerrarazita, “euskararen lurraldeak” izendapen markatu gabea erabiltzen da. PSOEk eta Patxi Lópezek ezarritako ohitura lege bilakatu da, antza denez.

Hezkuntza

Hezkuntza arautua ez dute “euskara” atalean sartu, ez baitago halako atalik (azpiatal bat baino ez dagokio euskarari, beherago ikusiko dugunez), ez eta Hizkuntza Politika atalik ere.

Azken urteotan ikasleen euskara mailaren gainbehera agerikoa den arren, EAJ-PSE gobernuak “ikastetxe guztietan hedaraziko ditu hizkuntza-proiektu eleanitzak”, eta, hala, arian-arian urrunduko euskarazko murgiltze-eredutik.

"Euskarak mendeetan jasandako bazterketaren kalteak sendatzen joateko beharrezko duen diskriminazio positiboaren formulaziorik batere ez, eta praktika, are gutxiago noski"

Lanbide Heziketan “ikasleak euskaraz prestatzea sustatzea” omen dute xede. Ez da aipatzen egungo egoera negargarria (% 80 gaztelerazko ereduan) aldarazteko egitasmorik.

Unibertsitatean online-eskaintza euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez bultzatzen duten programak indartuko omen dira. Euskara ez da lehenesten.

Euskara

Euskarari 14. atalean egin zaio leku, kulturarekin eta kirolarekin batera.

Euskal kulturaz” jardutean, “Euskadin” euskaraz edo espainieraz sortutako kulturaz ari dira. Euskarak mendeetan jasandako bazterketaren kalteak sendatzen joateko beharrezko duen diskriminazio positiboaren formulaziorik batere ez, eta praktika, are gutxiago noski.

EiTB

EiTB aipatzean, “hizkuntzaren normalizaziorako bitarteko gisa” agertzen da, baina ez da euskarazko eta gaztelerazko kateen arteko bereizketarik egiten, eta ETB1n egoera kritikoaren aipurik ere ez dago.

Eusko Jaurlaritzak, gaztelera areago sendotzeko eta euskara baztertzeko tresna eraginkorra bihurtu du EiTB era progresiboan.

EiTBren erdarazko kateen ikusle/entzule gehienak euskaldunak izan arren, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da horietan.

Areago, Euskadi irratiaren edota Euskadi Gaztearen musika eskaintzan ere bazterrekoa da euskarazko aukera, ia erdarazko kateetan bezainbeste.

Ondo egindako lanaren bidean aurrera

Betiko autokonplazentzia gogaikarria ez da eskas: “Euskara suspertzeko prozesua nazioarteko eredua da beste hizkuntza gutxitu askorentzat eta (…) urrats handiak eman dira euskal herritarren hizkuntza-eskubideen errespetuari dagokionez”. Egoera inbidiagarri horretatik abiatuta, xedea da “euskara eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea”. Eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala, aisialdia eta familia-transmisioa omen dira hurrengo urteetako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko.

Konpromisoak

Helburu horretaratzeko, beraz, konpromisoak hartu dituzte, baina ezer zehaztu gabe; ez dute jasotzen baliabiderik, egitasmorik, planik, neurririk, aurrekonturik. Betiko esaldi orokorrei jarraitzen zaie:

Euskararen ezagutza "areagotzen" eta euskararen erabilera "azpimarratzen" jarraitu. Horretarako B2 mailara arteko doakotasuna ezarriko da, eta doakotasuna C1 mailara arte zabalduko 16 eta 30 urte bitartekoentzat.

Ikaskuntza erdi-presentzialak eta plataforma birtualak "bultzatu", helduen euskalduntze-sistemaren finantzaketa "indartu" eta "handitu", migratzaileei zuzendutako euskara ikasteko eta hobetzeko programak "areagotu", euskararen erabilera sustatzeko programak "indartu", Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko 2023ko Plan Estrategikoa "garatu" (sindikatu euskaltzaleekin adostu gabe?), Euskara Normalizatzeko VII. Plana (2022-2026) diseinatu eta ezarri (hau ere adostu gabe): “administrazio publikoetan euskararen erabilera sustatzeko dekretua garatu eta ezarriko da, eta Sozietate Publikoentzako Normalizazio-plana abiarazi”. Erakunde arteko lankidetza indartu euskararen lurralde guztiekin, eta, nazioartean hizkuntza desberdinen arteko lankidetza "sustatu"…

Gure balorazioa

"Hartuko bide diren neurriak ez doaz indefinizioz betetako hamaika aditz-sinonimo izatetik harago: 'indartuko', 'sustatuko', 'areagotuko', 'bultzatuko'… Dena ke eta, etorkizuna eta ziurgabetasun pandemikoa tartean, dena lauso"

Hiru hitzetan: lehengo lepotik burua. Programa erabat kontinuista da. Autokritikarik ez da ageri, eta betiko asmo on hutsak biltzen ditu. Hitzez, errespetatzen ditu euskaraz bizi nahi dugunon eta gaztelaniaz bizi nahi duten EAEko herritar guztien desirak, baina eguneroko praktika benetakoan euskaraz bizi nahi dugunok, beste eragozpenak beste, betiko eragozpenak izango ditugu administrazio autonomikoarekin (Osakidetza, Ertzaintza, Justizia, etab.) eta, zer esanik ez, zentralarekin erlazionatzean.

Hala, oso motz geratzen da euskararen eta euskaldunon beharrei erantzuna emateko orduan. Hartuko bide diren neurriak ez doaz indefinizioz betetako hamaika aditz-sinonimo izatetik harago: indartuko, sustatuko, areagotuko, bultzatuko… Dena ke eta, etorkizuna eta ziurgabetasun pandemikoa tartean, dena lauso.

Beldur gara gobernua osatu duten alderdientzat euskara elementu folkloriko bitxia baino ez den “Euskararen lurraldeetan”. Ez dute sinesten, ez haren normalizazioan eta ez hizkuntz normalizazioak bidera lezakeen nazio edo gizatalde artikulatu batean.

Oso adierazgarria da, ildo horretan, oraindik ere 2020. urtean ez dela ezinbestekoa euskara jakitea Eusko Jaurlaritzako sailburu izateko —horren erakusle izanik Beatriz Artolazabal Albeniz (PNV) eta Javier Hurtado Dominguez (PSE)—, horrek aditzera ematen duen guztiarekin. Eta sailburu elebidunen artean, zenbatek dute C1 edo C2 euskaraz (diplomadun eta lizentziadunei Administrazioan dagokien maila)?

Eta axolazkoena: zenbatek erabiliko dute legegintzaldi honetan euskara lan-hizkuntzatzat, ahoz nahiz idatziz, euren ardurapeko sailean, etsenplu emanez?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude