Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan


2021eko apirilaren 27an - 15:58

Erdal nagusikeria linguistikoa oso hedatuta dago Euskal Herrian; euskaldunon menpekotasunerako joera ikasia bezainbeste, baina ez dago horren aurkako ekimenik eragile abertzaleen aldetik, eta euskalgintzaren erantzuna ere gero eta epelagoa da, bide instituzionalean tematuta.

Bigarren mailako herritarrak gara euskaldunak EAEn, baita abertzaleek gidatutako erakunde gehienetan ere. Españolek/frantsesek gidatutakoetan hori ere ez gara, edo hobeki esanda, desagerrarazi beharreko jendeak baino ez, disimuluarekin EAEn, baina lotsagabe Nafarroan eta Iparraldean, debekua eta erdeinua bata bestearen atzetik, aginte organoetatik bertatik.

EAEko aginte politikotik eta bere ingurutik zabaltzen diren mezuak baikorrak dira: “Gero eta euskaldun gehiago gara”, baina hizkuntzaren osasunaren adierazle nagusia, euskararen erabilera, ez da hazten, eta herritarroi leporatzen digute erabileraren bilakaera kaxkarra, haien “ahaleginak ahalegin”. “Erakundeek ezin dute dena egin” irakurrita gaude behin baino gehiagotan, lotsaz.

Izan ere, EAEko erakunde nagusiak garatzen duten (euskararekiko) hizkuntz politika oso kaxkarra da arlo gehienetan, Eusko Jaurlaritzatik bertatik hasita.

"Bigarren mailako herritarrak gara euskaldunak EAEn, baita abertzaleek gidatutako erakunde gehienetan ere. Españolek/frantsesek gidatutakoetan hori ere ez gara"

EiTB: Eusko Jaurlaritzak erdarazko kateak saritzen eta lehenesten ditu lotsa gabe, euskarazkoetara askoz baliabide gutxiago bideratuz. Emaitzak inbertsioaren araberakoak dira, noski. Gainera, euskarazko kultur ekoizpenaren eskaintza bazterrekoa da, baita euskarazko kateetan ere. Euskadi Irratian bertan euskal musikarekin gertatzen dena ez sinisteko modukoa da: musika-saio nagusietan euskal musika zeharo bazterrekoa da edo hutsala! Eta erdal kateak zertarako aipatu…

Ordezkari politikoen hizkuntza-aukera “librea”. EAEn eta Nafarroan ia ez dago sare sozialetan euskaraz diharduen politikari constitucionalista-rik, Arriolak tira, Anduezak oso gutxi… eta kitto. Aldiz, ordezkari abertzale guztiek erabiltzen dute espainiera, gehien-gehienek euskara baino gehiago, eta batzuek espainiera soilik edo ia. Bestela esanda, ordezkari abertzale gehienek ere, inposatzen zaigun hizkuntzaren aldeko “aukera librea” egiten dute, hara non! Ez zaigu iruditzen herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko eredurik onena, bada…

Poliziari buenos días aukeran. Ez gara soilik Espainiako Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari buruz ari. Gezurra badirudi ere, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingo ezberdinekin ere, sarri-sarri espainolez jardun beste aukerarik ez dugu izaten. Ertzaintza eta udaltzaingoak alderdi abertzaleen, bereziki EAJren ardurapean daude gehientsuenak. Agintari estimatuok, poliziek herritarroi erdaraz eginaraztea ez da euskararen erabilera sustatzeko teknikarik eraginkorrena, gure uste apalean… Hamaika adibide gehiago ekarri ditzakegu, baina beharrezkoa al da? Hizkuntz politika errotik aldatu beharra dago EAEn.

Nafarroan eta Iparraldean, horretarako indarrik ezean, erresistentzia antolatu beharra dago bizirauteko... eta EAEko eragileek zer esan handia dute zeregin horretan.

Erakunde abertzaleak euskaltzaletzea premiazkoa da, menpekotasunetik inoiz aterako bagara. Euskalgintza autonomoa eta ausarta ezinbestekoa dugu. Behar denari, alderdiei, sindikatuei eta bestelako erakundeei, bereak eta bost esango dizkiena, behar denean.

Ezin egokiago adierazi zuen euskaltzale batek berrian duela egun batzuk: "Politikari euskaltzale konprometituak lortu behar ditugu... hizkuntza politika folklorikotik, euskaldunon eskubideak defendatuko dituen hizkuntza politika batera pasatzeko eragin nahikoa edukiko dutenak".

Horretarako antolatu eta bultza egin beharko dugu. Ez baitira berez sortuko.

Eta norabide horretan ekiten ez badugu, hortxe geratuko gara, bide bazterrean, ahaztuta.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude