Kultura eta Hizkuntza Sailak ekin dio prozedurari, "babes neurri" gisa euskararen zaurgarritasun egoera eta aurre egin beharreko arriskuak direla eta. Hogei eguneko epea irekiko dute ebazpenaren inguruko iritziak entzuteko, eta hura amaitu ondoren izendapena onartu ahal izango dute.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailak asteazken honetan argitaratu du euskara babes bereziko kultur ondasun immaterial izendatzeko prozedurari ekiteko ebazpena. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeari jarraiki idatzi dute, zeinaren bidez 2024ko ekainean bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu zuten.
Jaurlaritzaren esanetan, izendapenak euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa" emango lizkioke. Izan ere, haien iritziz euskara ez da komunikazio tresna soila: "Kultura ondarea sortzeko, interpretatzeko eta bizirik mantentzeko funtsezko osagaia da. Nortasun kulturala artikulatzen duen elementua da". Ebazpenak ere aitortza egingo lieke euskarari lotutako adierazpen kultural guztiei: bertsolaritza, toponimia, abestiak, atsotitzak, herri kontakizunak, jaiak, gastronomia, musika eta dantza.
Azpimarratu dute izendapena oinarri gisa erabiliko litzatekeela euskararen "zaintzari" dagokionez beharrezkotzat jotzen diren neurri guztiak hartzeko: besteak beste, euskara "funtsezko elementua" den ezagutzen, praktiken, adierazpenen eta transmisio kulturalen "jarraitutasuna" bermatzeko eta euskal hiztunak ez diren pertsonek hizkuntza bera eta hizkuntzak sortutako ondarea eskuratu ahal izateko.