Unibertsitatean sartzeko proba. Euskara eta Literatura II azterketa. Suspentso mordoa A eta B ereduko Bizkaiko zenbait ikaslek. Protestak. Kanpaina mediatikoa. Epaitegiak. Seinalamenduak. ARGIA zurrunbiloaren erdian dagoen zuzentzaileetako batekin mintzatu da. Hitza eman nahi izan diogu, beren bertsioa jasotzeko eta nola dauden jakiteko. Gainean sentitzen duten presioa oso handia da, anonimotasuna eskatu du eta Peru deituko diogu. “Batzuk zero azpitik zeuden”, diosku eta Jaurlaritzaren jarrerarekin atsekabetuta mintzatu da.
Peru irakaslea da eta unibertsitatera sartzeko proban (USAP) Euskara eta Literatura II azterketan hor egotea eta gero zuzentzea egokitu zitzaion Bilbon, aurten ere. Gela batera joan zen ikasleei harrera egin eta azterketak banatzera. Ohar protokolarioak egiten ari zela, izan motxila leku jakin batean uzteko, mugikorrak erabiltzea debekatua zegoela esateko eta abar, “¿le habeis entendido algo?” (ulertu al diozue ezer?) gisakoak entzun zituen ikasleen artetik murmur. Ez zeukan ideiarik ere zein eskolatatik zetozen ikasle horiek –oraindik ere ez daki–, El Mundo‐k, besteren artean, faltsuki esan duenaren aurka. “Mantsoago hitz egiten hasi nintzen, baina hala ere, ikusten nuen askok ez zidatela ulertzen”, kontatu du.
Azterketa egin bitartean, ikasleen galderak erantzuten ibili zen gela batetik bestera. “Zalantzak gaztelaniaz egiten zizkidaten, eta nik feedback‐a euskaraz, ezin bainintzen hasi azterketan jartzen zuenaren itzulpena egiten. Batek baino gehiagok esan zidan: 'Pero no te entiendo...' (Ez zaitut ulertzen). Zailtasunak zituzten ahoz zalantzak adierazteko eta ez ziren bat, bi edo hiru izan. Gehiengoa ziren. Oso‐oso maila apala zuten eta ni erabat harrituta nengoen”. Azterketak zuzentzen hasi zenean, beldurtu egin zen: hasieran justu‐justuan gainditu zuen batek edo bestek, baina gero 2,2; 4,5; 3; 5; 1,2; 0,10; 0,20; 1,8... "Suspentsoak bata bestearen atzetik, ez zitzaidan inoiz gertatu, oso gaizki zeuden azterketak”.
Azterketak zuzentzeko orduan, irizpide teknikoak argiak eta aurretik finkatuak direla gogoratu du: akats ortografiko edo gramatikal ezberdin bakoitzagatik 0,25 kentzen da, gehienez 2 puntu; ariketa batean iritzi artikulu edo e‐mail bat idatzi behar zuten, eta batak edo besteak nahitaezko elementu batzuk behar ditu, adibidez, iritzi artikuluak izenburu bat eta sinadura, edo e‐mailak igorlea, hartzailea eta gaia, eta horietakoak falta badira orotara 0,5 kentzen da. “Asko ez ziren ariketak eskatzen zuen gutxieneko hitz kopurura heltzen, alegia, 180 hitz, eta beraz, horrek penalizazioa zuen... ergatiboa, hitz ordenak, loturak, sintagmak... denak penalizatzen du... ariketa batean sinonimoak jarri behar ziren edo hitzen esanahiak beraien hitzekin, eta batzuek gaztelaniaz erantzuten zuten eta noski, horrek ez du kontatzen. Batzuk zero ez, zero azpitik geratzen ziren tamalez. Azkenean zer gertatzen da? Hain direnean nota txarrak, denak ari dira suspenditzen, malgu jokatzen hasten zarela, akats batzuekin bestaldera begiratzen, ez duzulako ezer ikasle horien aurka... Baina ez dut inoiz ikusi hainbeste suspentso”, dio.
Peruren ustez, ikasleek ez dute errurik. Argi du ikastetxe horietan euskara irakasteko metodoak aldatu behar dituztela, argi geratu delako ikasleak ez dituztela ongi prestatzen azterketa duintasunez gainditzeko. "Urtero 5 eta suspentsoak ateratzen dituzte eta ez dute ezer egiten, eta arrazoia da diskriminatzen ditugula? Zuzentzaileok ez dakigu zein ikastetxetatik datozen, gutunazal bat ematen dizute kodetuta dauden azterketa batzuekin, baina argi ikusi nuen B edo A ereduak behar zutela, ez zituztelako ongi prestatu. Eta orain, zuzentzaileok ikusmiran jarri gaituztela ikustean, korapilo bat egiten zait tripan, gure lana objektiboki egin baikenuen. Kontuak ez guri eskatu, ikastetxeei baizik".
Unibertsitate publikoak hartu duen jarreraz galdetuta, Peruk dio EHUk egin duela egin behar zuena. “Euskarak ez du aldeko haizerik orokorrean. Bide horretan, EHU eta Jaurlaritzaren arteko talkak ere ez dira berriak, unibertsitatean errektoretza talde berria hautatu zenetik tira‐birak begi bistakoak izan dira. Hasieran zalantzak nituen, baina orain erabat kokatzen dut euskararen aurkako oldarraldian kapitulu hau”. Hala ere, dio zuzentzaileak oso bakarrik sentitu direla denbora tarte guzti honetan eta ez dela inor beraiekin harremanetan jarri, zer gertatu den edo zer moduz dauden galdetzeko bada ere. "Steilas, ELA eta LAB sindikatuen babes mezuak eskertu ditugu azken egunotan, oso bakarrik geunden eta".
Jaurlaritzari buruz, iritzi du zuzentzaileen profesionaltasuna auzitan jarri dutela. Hezkuntza sailburuari gogorarazi nahi dio zuzentzaileek beren egitekoa egin zutela; azterketak berrikusi zituztela, eta oraindik ere susmoak (zehaztasuna eskatzen, gardentasuna eskatzen, presa sartzen) hauspotzeak ez diola inori mesede egiten. "Zuzentzaileon identitatea publiko egitea ere eskatu da, nire galdera da zertarako nahi da publiko egitea zuzentzaileon izen‐abizenak? Mehatxua da? Horrekin argi ikusi dut beste aldean lerrokatu dela Jaurlaritza auzi honetan. Euskarari min egiten ari gara, euskara galtzen aterako da, euskarak ez digu horrenbeste zauri barkatuko. Mesedez har dezagun denok egoerak eskatzen duen heldutasun maila".
Peruk kontatu du azterketa egin baino egun bat lehenago bideokonferentzia bidez bilera egin zutela azterketa diseinatu zutenek eta zuzenduko zutenek. Bertan azaldu zieten zer nahi zuten ebaluatzea eta nola egin behar zuten, puntuazio irizpideak eta abar. Peruk ez du zehazki oroitzen galdera, baina gogoan du aipatu zela testu batzuk, benetan gaizki daudenean eta ez denean ulertu ere egiten, zuzentzaileek ez dutela asmatzen hasi behar, ez dagoela nahikotasunik eta ez dela ebaluatu behar.
Aldi berean, azpimarratu nahi du, hainbeste nota txar bata bestearen atzetik jartzea ez dela batere atsegina, eta orduan oso ohikoa dela zuzentzaileak malgu jokatzen hastea eta 0 jarri beharrean 1 jartzea, edo gauza batzuk pasatzen uztea. Berak ez zituen zero piloa jarri, baina batzuk bai, eta suspentsoak asko. Zer gertatu den galdetuta, bere hipotesia da zuzentzaile batek ez zuela eduki malgutasun bera, eta irizpideak zorrotz hartuta zuzendu zituela euskaraz oso‐oso gaizki zeuden azterketak. Eta zero atera zuten pila batek. “Ez dakit nor izan zen, eta agian horrek kalte egin duela polemika eragin duelako? Baliteke, baina jakin nahi nuke zer nota jarriko zuketen azterketa horiek berak gaztelaniaz eginak izan balira, gaztelaniako azterketan: Yo venir aquí y coger un papel? Ziur zero”.
“Ez ditut mindu nahi ikasle eta ikastetxe horiek, zuzentzaileok ez dugu inolako asmorik haiekin liskarrik sortzeko. Gure lana ebaluatzea da, eta hori da errealitatea: azterketak oso gaizki zeudela”. Oroitarazi du hurrengo urterako euskarako azterketan literatura sartzen hasiko direla iragarria dagoela, eta beraz, printzipioz “zaildu” egingo dela Euskara eta Literatura II azterketa. “Hori, ez badira epaitegiak horretan ere sartzen, honek oso aurrekari arriskutsua uzten baitu”.