Euskalgintzaren Kontseiluko eragileak pozik daude larunbateko Euskaltzaleon Martxak emandakoarekin. Iruñean, “pizkunderako beste txinparta bat” piztu dela nabarmendu dute. Gazteek izan duten tarte esanguratsuari aipamen berezia egin diote.
Milaka euskaltzale bildu ziren larunbatean Euskaltzaleon Martxan Iruñean, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. Hiru zutabetan abiatu eta gero, denek bat egin zuten Gazteluko plazan. Kontseiluak martxaren balorazioa argitaratu du astelehenez. Bere aburuz, larunbatekoa “elkargune garrantzitsu bat izan zen euskaltzaletasuna elikatzen jarraitzeko, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen larritasun egoeraz jabetzeko, elkarrekin ahalduntzeko eta antolatzeko”.
Askotariko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak parte hartu izana azpimarratu dute, besteak beste, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, EH Bai, EA, Sortu, Alternatiba eta EHKS, eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuak.
Kontseiluak aipamen berezia egin die gazteei, larunbateko martxan tarte esanguratsua izan baitzuten. Gazte Euskaltzaleen Sareak Urepeletik Iruñerako bidea egin zuen oinez hiru egunez, eta larunbat goizean haiei harrera egiteaz gain, Gazteluko plazako ekitaldi nagusian, arratsaldez, hitzartze berezia egin zuten. Gazteluko plazara iritsi ziren hiru zutabeetatik bitan gazteak izan ziren gidari. Ofizialtasuna irudikatu zuen zutabean Azterketak Euskaraz mugimenduak egin zuen pregoia, eta euskaltzaletasunaren zutabean sare digitaletan eduki sortzaile diren gazteek.
“Pizkunderako txinparta” gisa definitu du Kontseiluak martxa eta ohartarazi du euskararen biziberritzean aurrera egiteak “oraindik ere indar handia eskatzen” duela. Bide horretan, egin berri duen erronka gogorarazi du Kontseiluak: 2036 urterako 300.000 euskaldun gehiago lortzea eta %20ko erabilera langa gainditzea.
Eskerrak eman dizkie Iruñera gerturatutako euskaltzaleei, baita martxa antolatzen aritu diren guztiei eta Kontseiluko bazkideei ere.
Euskaltzaleentzako hurrengo bi hitzorduak gogorarazi ditu Kontseiluak. Azaroaren 21ean Baionan manifestazioa egingo da euskararen ofizialtasuna eskatzeko. Abenduaren 19an Iruñean mobilizazioa egingo da Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituela baliatuta “desberdinkeria horrekin amaitu eta Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin” eskatzeko.