Azterketak euskaraz egitea hautatu zuten Amagoia Gordobil García de Albeniz eta Jagoba Apaolaza Castro gasteiztarrek Gasteizko Udalaren azken LEP lan eskaintza publikoan. Apirilean udalaren mezua jaso zuten, hizkuntza hautua aldatzeko aukera emanez ikasmaterial gehiena gaztelania hutsean zegoelako. Euskarari eutsi zioten. Maiatzean azterketa egiten hasi, eta 100 galderetatik 36tan akatsak, esaldi ulertezin batzuk tarteko. Detailez aletu digute bizi izan dutena. Nola eragiten dio horrek guztiak azterketa egiten duen pertsonari? Eta azterketaren emaitzari? Eta euskararen normalizazioari? Eta euskaldunen eskubideei?
Hasteko, Gasteizko Udalaren Funtzio Publikoko Sailaren oharra jaso zenuten oposizioak euskaraz egiteko izena eman zenuten guztiek. Azterketa gazteleraz egiteko aukera ematen zizuen, ikasmaterial gehiena gazteleraz dagoelako. Zer pentsatu zenuten edo nola sentitu zineten?
Gordobil: Irakurtzean, pentsatu nuen diskurtsoari oso itxura solidarioa eman ziotela: “Zuei ere aukera eman nahi dizuegu, beste batzuei eman diogun moduan...”. Nik oso argi nuen euskaraz egin nahi nuela, baina momentu batean zalantza ere egin nuen, “Agian tontoa naiz euskara aukeratzeagatik? Lau pringatu mantenduko gara euskarazko ikasmaterialik ez dagoelako?”. Argi izan nuen, baina seguruenik askok zalantza handiak izan zituzten, zeren eta, ondokoa ere pentsatu dut: "Nik azterketa ez dut asko prestatu, baina lanpostua finkatzeko beharra edukiko banu... seguruenik gaztelera aukeratuko nuke".
Apaolaza: Nik ere argi nuen euskaraz egin nahi nuela azterketa. Baina niretzat ere ez zen hil ala bizikoa, probatzearren eman dut izena. Lanpostua jokoan izango banu...
Euskaraz egiteko hautuari eutsi zenioten apirilean. Maiatzean, Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako azterketara sartu, eta akats ugari. Nola sentitu zineten orduan?
Apaolaza: Nik flipatu egin nuen. Hasi nintzen ikusten “aka” ordez “ika” zuten hitzak, hasieran pentsatu nuen, “errata bat, gertatu daitezke horrelakoak”. Baina ikusi nuen akats bera errepikatzen zela hainbat aldiz, eta jarraitu nuen azterketa ahal moduan egiten, oso seguru egon gabe erantzun horiek ontzat emango ziren ala ez. Azterketari batek gaztelaniazko azterketa eskaini zuen arte, ea nahi ote genuen, biak alderatzeko. Euskara eskakizuna duen lanpostu baterako, behintzat B2 maila izan behar duzuna, eta azterketa hau... ze lotsa gutxi.
"Euskaltzaleok onartuta dugu euskarazko azterketetan akatsen bat egon 'behar' duela, hori da harrigarriena" (Gordobil)
Gordobil: Ni, hasieran, harrituta, gero haserre. Beste azterketaren bat ere egin dut, eta ortografia akatsen bat eta itzuli gabeko hitzen bat ere egon da. Baina azterketan aurrera egin ahala, gehiago, eta gehiago, eta gehiago: erratak, ortografia akatsak, sintaxi akatsak, itzulpen txarrak. Oso harrituta, oso. Dezepzio handia hartu nuen Gasteizko Udaleko azterketa batzuetan horrelako materiala jarri zigutelako eskuetan. Inork ez du irakurri azterketa hori aurretik. Nola liteke?
Beste gauza batek ere harritu nau. Lehen aldia da oposizio bat egiten dudala, baina hitz egin dut azterketa gehiago egin dituen jendearekin, esan didate ohikoa dela akatsak egotea euskarazko azterketetan, igual ez honetan beste, baina bai akatsak egotea. Euskaltzaleok onartuta dugu euskarazko azterketetan akatsen bat egon 'behar' duela, hori da harrigarriena.

Azalpenik eskatu zenuten orduan edo ostean? Azalpenen bat eman al dizuete?
Apaolaza: Ni saiatu nintzen azterketaren hurrengo egunetan Funtzio Publikoko langile baten batekin hitz egiten. Esan zidaten sailera mezua bidaltzeko posta elektroniko bidez, baina ez nuen egin ez zidalako erantzunen bat jasotzeko bermerik ematen. Itxarotea erabaki nuen, eta helegiteak aurkezteko epea zabaltzean, aurkeztea.
Gordobil: Justu aste honetan bidali dizkigute emaitzak eta zabaldu dute helegiteentzako epea, hamar egun ditugu. Formulario bat bete behar da, baina formularioan galderaz galdera aurkeztu behar dira alegazioak. Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako azterketan,100 galderatatik 36tan akats bat edo gehiago zeuden. 36 alegazio aurkeztu behar ditut? Nik azterketa osoa inpugnatu nahi dut, baina udalaren formularioak galderaz galdera egiteko aukera ematen du soilik. Ez dakit, seguruenik sindikaturen batera joan beharko dut.
Apaolaza: Nik ere asmoa nuen azterketa osoa inpugnatzeko, baina esan zidaten formularioa zela erreklamazioak egiteko bide bakarra, eta hori egin dut. Hor ibili naiz, galderaz galdera, 32 aurkeztu ditut.
Maila praktikoan, nola eragiten du horrek guztiak azterketa egiteko orduan? Hasteko, ikasmateriala gazteleraz ikasi eta ondoren euskaraz adierazi beharra, desabantaila izan daiteke?
Gordobil: Bai. Adibidez, azterketan hitz batzuk erabilitako itzultzailearen arabera ezberdinak dira, orain ez dut gogoratzen zein zen, baina galdera batean aditz batekin zalantza izan nuen ea zein zen zehazki esanahia. Hori ausaz bete nuen, asmatu egin nuen, baina ausaz. Edo hitz teknikoak: gazteleraz ikasten badituzu gero euskarazko baliokide zehatza jakiteko zuk egin behar duzu itzultzaile lana.
Apaolaza: Ni gauza hauek haserretzen naute, are gehiago instituzio batetik datozenean. Suposatzen da gure hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztela.
"Azterketa batera urduri joaten gara denok, eta egoera horretan testuaren esanahia deszifratzen hasi behar duzu" (Gordobil)
Denbora gehiago behar testua ulertzeko, akatsen ondorioz harridura, haserrea... horiek ere eragiten dute azterketa egiteko orduan?
Gordobil: Azterketa batera urduri joaten gara denok, eta egoera horretan testuaren esanahia deszifratzen hasi behar duzu. Gero gaztelerazko azterketa ematen digute, kontrastatzeko ea benetan zein den esanahia. Bi azterketarekin gora eta behera ibili behar dugu, horrek denbora gehiago eskatzen du, esfortzu handiagoa.
Eta barnean pizten zaizun haserrea ere baretu behar duzu. Nik mahaitik altxatzeko gogoa nuen, baina ondokoei begiratu eta iruditzen zitzaidan erabat kontzentratuta zeudela, oso lasai, eta ezin nuen sinetsi, ni arnasestuka ari nintzen. Azkenean eskua altxatu eta “hau lotsagarria da!”, esan nion azterketaren zaintzaileari. “Bai, bai...”, onartu zidan. Gero ekarri zizkiguten gaztelerazko azterketak. Horrekin guztiarekin borrokan ibili behar izatea azterketa batean erabat diferentea da, bai. Baldintzak ez dira igualak.
Megafoniatik zabaldu ziren mezuekin ere izan dira kexak.
Apaolaza: Azterketa egin bitartean megafoniatik entzuten duzunean, “quedan 60 minutos; 70 minutu geratzen dira”... Gaztelaniaz eta euskaraz ezberdin. Ez nekien megafoniakoa okertu ote zen, edo akatsak zirela eta azterketa euskaraz ari genenoi hamar minutu gehiago ematen zizkiguten.
Gordobil: Nik lau azterketa egin ditut. Mikrofonotik pertsona berak hitz egin zuen guztietan, eta guztietan eman zuen uneren batean mezu ezberdina euskaraz eta gazteleraz. Hori guztion kalterako da, azterketa euskaraz zein gazteleraz egiten dutenen kalterako. Iruditu zitzaidan txiringito bat, oso informala, existitzen den espaziorik formalenetakoa denean.
"Harrigarria egiten zait instituzio batean nola ez dagoen ikasmateriala euskaraz, nola ez dagoen bermatuta azterketa ondo idatzita egotea, nola ez dugun euskaraz lan egiteko eskubidea" (Apaolaza)
Lagun batek esan dit berak azken urteotan 30 oposizio inguru egin dituela, akatsak eguneroko ogia direla, eta berak denak euskaraz egin dituela militantziagatik. Oposizio bat euskaraz egitea militantzia al da?
Apaolaza: Ez luke behar, baina, ematen duenez, bada. Niri harrigarria egiten zait instituzio batean, Gasteizko Udalaren tamainakoa gainera, nola ez dagoen ikasmateriala euskaraz, nola ez dagoen bermatuta azterketa ondo idatzita egotea, nola ez dugun euskaraz lan egiteko eskubidea.
Gordobil: Baldintza parekideetan egongo bagina ez litzateke militantzia izango, gauza naturala baizik.
Apaolaza: Instituzioek bi alde horiek erakusten dituzte. Batetik, esaten dizute euskara bultzatu behar dela, indartu behar dela, Euskaraldia bezalako ekimenak antolatzen dituzte, eta abar. Bestetik, ikusten duzu instituzio horiek beraiek ez diotela ematen euskarari behar duen tokia, ez dutela euskalduntze prozesua bultzatzen...
Gordobil: Errespetu falta itzela iruditzen zait hau guztia. Galzorian dagoen espeziea izango bagina bezala tratatzen gaituzte, “azken batean galduko denez, ba...”. Baina nik ez dut hori sinisten, ez dut uste horrela izango denik. Eta horrela izango balitz ere, herri honetan bi hizkuntza ofizial daude eta gure eskubideak bermatu behar dituzte.