Euskaltzaleei ahalduntzera eta antolatzera dei egin die Kontseiluak Iruñeko martxan

  • Milaka herritar bildu dira Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxara, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. XXI. mendera arte euskara bizirik ekartzea euskaltzaleak harro egotekoa dela azpimarratu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak eta euskararen biziberritzerako hizkuntza politika “ausartak eta anbiziotsuak” eskatu dizkie arduradun politikoei. Nafarroako hiriburua bero sapak hartu badu ere, ez ditu zapuztu Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu diren euskaltzaleen aldarrikapenak eta jai giroa.

Idurre Eskisabel Kontseiluaren idazkari nagusia Gazteluko plazako ekitaldi nagusian. Euskalgintzaren Kontseilua.

2026ko ekainaren 15ean - 07:23
Azken eguneraketa: 11:57
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Izan ere, arratsaldez baldin bazen ere ekitaldi nagusia, goizean hasi dira pilatzen euskaltzaleak Iruñeko Alde Zaharrean. Haurrentzakoek, kantujirak eta ostegunean Urepeletik oinez abiatua zen Gazte Euskaltzaleen Sareari egindako harrerak bete dute goiza. Arratsalderako, ohiko manifestazioa deitu ordez, Kontseiluak martxa zeukan antolatuta eta euskaltzaleak hiru zutabetan banatu dira, gero denak Gazteluko plazan elkartzeko.

Zutabe bakoitzak zeukan bere pankarta eta pregoia, baita txupinazoa ere. Euskara biziberritzeko hiru oinarriak izan dira hiru zutabeak: hizkuntza politiketan jauzia ematea, ofizialtasun osoa eta euskaltzaletasuna. Batuz Aldatu dinamikako eragileek, Azterketak euskaraz mugimenduko gazteek eta eremu digitalean edukiak sortzen ari direnek egin dute hitzartze bana. Hiru zutabeak Gazteluko plazan bildu dira. Ausartenak eguzkitan paratu dira eta ordurako akitu samar zirenak itzaletan. Hiru zutabeetako ordezkariek hitzartze laburrak egin eta gero, Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkari batek hartu du hitza. Gezurtatu du, hala “leporatu izan bazaie ere”, gazteak direnik euskararen galeraren arduradun, haien utzikeriaren eta konpromiso faltaren ondorio denik. Egiteko modu desberdinak aldarrikatu dituzte: “Gure forma, molde eta estilo propioak ditugu, agian aitzineko belaunaldietatik desberdinak dira, baina badakigu munduan egoteko tokia euskarak ematen digula”.

Kontseiluaren idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu du hitza ondoren, eta lehen keinua han elkartu diren euskaltzaleentzat izan da, eta eskertu die “martxan gaudela, euskaltzaleon garaia dela hain argi erakusteagatik”. Euskaltzale izateko askotariko moduak azaldu ditu eta nabarmendu du ikuspegi eta egiteko molde desberdinak izan arren, elkar hartuta aritzea, “larrialdian den euskarari etorkizuna emateko gogoz”.

Euskaltzaleon Martxa dantzan bukatu zuten euskaltzaleek. Euskalgintzaren Kontseilua.

Mendez mende euskara gaur arte bizirik ekarri izanagatik euskaltzaleek “harro eta pozik” egoteko arrazoiak badituztela gogorarazi du. Alabaina, norbanakoen “determinazioa ezinbesteko abiaburutzat” jo badu ere, gogorarazi du hizkuntzen galera prozesuak haien kontrako botere harremanen eta erabaki politikoen ondorio direla. Hala, “botere harremanen aldaketa sakona, egiturazkoa”, eskatu du eta euskaraz bizitzeko baldintza errealak sortzea, bai politikoak, sozialak, kulturalak eta materialak.

Iruñeko hiru lekutatik Gazteluko plazan elkartu diren hiru zutabeak aipatu ditu. Hiru zutabeen bidez irudikatu baitira euskarak biziberritzeko behar dituen oinarriak: jauzi bat hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsua.

Lehenengo oinarriari dagokionez, hizkuntza politika “anbiziotsu eta ausartak” eskatu ditu Kontseiluak, “herritar denak euskararen jabe izango diren” Euskal Herria ipar izango duten hizkuntza politikak. Eskisabelek Eusko Jaurlaritzaren Jauzia gara egitasmoari erreferentzia eginez, aldarrikatu du jauziari buruz “hutsean hitz egiteari utzi eta jauzia irudikatzen, ulergarri, ukigarri eta gauzagarri egiten hasteko garaia” dela.

Bigarren oinarriari dagokionez, ofizialtasuna, alegia, Kontseiluaren idazkari nagusiak “arkitektura berri eta sendo bat” eskatu die agintari politikoei: “Ez huts egin, euskararen etorkizunaren alde ausardiaz jokatu, hesia jarri oldarraldi judizialari, baina baita ere euskara eta euskal hiztun komunitatea betiko minorizatuta nahi dutenen oldarraldi politiko eta diskurtsiboari ere”.

Hirugarren zutabeari keinu eginez, euskaltzale jabetu, ahaldundu eta kokatua aldarrikatu du: Euskal Herriko gainerako menderakuntza egoerez jabetu eta mugimenduekin aliantzan arituko dena, minorizazioa egiturazko arazoa dela jabetzen dena, olatu erreakzionarioari aurre egingo diona. Hitzaldiari amaiera emateko, Gazteluko plazan zeuden euskaltzaleei esan die ez ahazteko: “Mundua euskararen kontra dator, baina guk mundua dugu euskararen alde”.

“Euskal Herrian euskaraz!” aldarriarekin bukatu da ekitaldi nagusia. Ondoren, itzaletan babesa hartuta zeuden euskaltzaleak eguzkitakoekin elkartu dira egunari amaiera dantzan, jai giroan, emateko.

 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.
 Euskalgintzaren Kontseilua.

Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...