Euskaltzale oro Iruñeko martxara deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an

  • Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea egin du asteartean Iruñeko Gaztelu Plazan, ekainaren 13an leku berean antolatu duen manifestazioaren berri emateko. Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, aldarrikapenez beteriko ospakizuna antolatu dute. 17:00etan izango da mobilizazioa eta hiru aldarrikapen nagusi izango ditu: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan jauzia ematea eta euskaltzaletasuna.


2026ko maiatzaren 6an - 11:32
Azken eguneraketa: 14:32
Ekainaren 13an mobilizazioa antolatu du Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean. Euskalgintzaren Kontseilua
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Iruñeko Gaztelu plazan elkarretaratzea egin dute asteartean Euskalgintzaren Kontseiluak eta “ehundik gora euskaltzalek”, ekainaren 13an Iruñean antolatu duten Euskaltzaleon Martxa iragartzeko. Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, Iruñea “euskaltzale guztien bilgune” izatea bilatzen dute eta euskal herritar orori egin diote bertaratzeko gonbita, “milaka jenderen konpromisoak” ematen baitio “aurrera egiteko arnasa euskarari”. Euskaraz bizitzeko “baldintza errealak” eta euskaltzale izatearen “harrotasuna balioan jarri” nahi dituzte topaketan.

Abenduaren 27an Bilbao Arena kirolgunean aldarrikatutako euskal Pizkunde berriaren txinpartari jarraipena emango dio “bigarren txinparta” honek. Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak agerraldian plazaratu du azken urteetan gertatzen ari diren aldaketa “sakon” eta “bizkorrek” sortutako erronka berriek hizkuntza minorizatuetan duten eragina, eta “euskararen etorkizuna oztopatzen ari diren ahaleginak” gogorarazi ditu: Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz egiteko aukera ukatzea, Nafarroan euskarazko hezkuntzak izango dituen oztopoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioa eragozteko ahaleginetan dagoen oldarraldi antolatua.

Aldarrikapena eta ospakizuna

Eskisabelek agerraldian adierazi du euskal komunitateak “egiturazko minorizazioari” eta “eguneroko milaka nekeziei aurre egiten dioenez”, aldarrikapenez gain, ospakizuna antolatu dutela ekainaren 13an. Alde Zaharreko kaleak goizetik girotuko dituzte hainbat eragilek eta arratsaldean manifestazioa antolatu dute Kontseiluko kideek. Hiru zutabe abiatuko dira 17:00etan, Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik. Bakoitzean txupina bota eta pregoia eman ondoren, Ion Celestino musikari iruindarrak egunerako sortutako doinuekin abiatuko dira. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar artistek sortutako pankartak eramango dituzte Iruñeko Peñek baliatzen duten formatua erabilita eta 18:00etan denak batuko dira Gaztelu Plazan.

Zutabeek ondorengo aldarriak ordezkatuko dituzte: ofizialtasun osoa, “euskararen normalizaziorako ezinbestekoa Euskal Herri osoan”; hizkuntza-politiketan jauzia ematea, “euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzeko”; eta euskaltzaletasuna, “herritarron ardura eta eginkizunak azpimarratu eta balioesteko”.


 


Euskalgintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.