Euskaltzale Independentisten Bigarren Topaketak egingo dira Azpeitian (Gipuzkoa) apirilaren 24 eta 25ean, Euskal Herrian Euskarazen eskutik. Bertan agenda zabala eskainiko dute, interes eta adin ezberdinetara bideratuta.
Apirilaren 24 eta 25ean Azpeitian Euskaltzale Independentisten Bigarren Topaketak egingo dira, euskaltzaleen pizkundea indartzeko helburuarekin. Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatutako jardunaldietan, euskaltzaleak saretzea eta eguneroko borrokarako indarberritzea bilatuko dituzte, eta herritarrak euskararen aldeko borrokara batzeko xedea izango dute. Euskararen Errepublika da beraien helmuga: “Herri euskaldun, aske eta burujabea eraikitzea”, Azpeitia Gukan adierazi dutenez.
EHE 1979an sortu zen, euskarak eta euskaltzaleek jasaten duten zapalkuntzari erantzuteko eta Euskal Herri euskalduna eta independentea osatzeko helburuarekin. Euskaltzale Independentisten Topaketen lehen edizioa orain dela hiru urte egin zen Villabonan (Gipuzkoa) eta bizpahiru urtero topaketak antolatzeko asmoa dute. Topaketetan ateratako hausnarketa eta eztabaidak izango dira datozen urteetarako EHEk bere jardunerako baliatuko dituenak.
Aurreko jardunaldietako helburuei eutsi zaie honako honetan ere: prozesu euskaltzale eta burujabeak elikatu eta indartzeko bideak oroitzea; euskalgintzak dauzkan erronka berrien inguruko gogoeta egitea eta Euskararen Errepublikaren norabidean txertatzea; eta euskaltzale independentisten komunitatea saretu eta indartzea, EHEk adierazi duenez.
Hala ere, topaketa hauetako abiapuntua ezberdina dela ohartarazi dute, euskarak eta Euskal Herriak dauzkan ondorengo erronka eta mehatxu berrien aurrean: Frantziako eta Espainiako estatuen politika “supremazista” eta “linguizidak”; “oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikala”; eta eskuin muturra hartzen ari den “indarra”. Horri aurre egiteko, Euskararen Errepublikaren eta independentziaren beharra azpimarratu dituzte eta euskararen normalizaziorako beharrezkoak diren baliabideen falta salatu dute.
“Hausnartzeko, formatzeko, ikasteko, jolasteko, dibertitzeko eta saretzeko” helburuarekin, bi eguneko agenda askotarikoa osatu dute, “adin guztietako interesak asetzen” dituena. Ostiral arratsaldean ekingo diote topaketari, Ongi Etorri Euskararen Errepublikara ekitaldiaren bitartez eta migrazioen gaiari eutsiko diote, Intza Gurrutxaga EHEko kideak ARGIAri adierazi dionez. Leire Amenabar ikertzailearen hitzaldiak irekiko du eguna eta tesirako egindako ikerketan euskaldunok atzerritik datozen herritarrekiko ditugun aurreiritzi eta sinismenen inguruko datu, hausnarketa eta ondorioak partekatuko ditu. Ondoren, atzerritik etorri eta euskaldundu diren hiru kidek beraien euskalduntze prozesuaren inguruko esperientziak partekatuko dituzte. Iluntzerako, berriz, aisialdi eskaintza antolatu dute.
Larunbat goizaldean Euskaratik Independentziara deituriko mahai inguru zentrala egingo dute hainbat eragile euskaltzale eta independentistak. Euskaratik independentziarako bidean bakoitzak dauzkan proposamen, plangintza eta lanketak plazaratuko dituzte bertan. Arratsaldean, bestalde, bi txandatan banatuta, zortzi tailer eskainiko dira, horietatik bi praktikoak izango dira. Bertan egungo testuingurutik EHErentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dituzte. Gaualdean, Tapia eta Leturia Band eta Maruxak taldeen kontzertuak eta DJ eskaintza egongo da San Agustin Kulturgunean.
Larunbateko bazkarirako eta kontzertuetako sarrerak erosteko aukera dago. Ostiral zein larunbaterako lo egiteko doako aukera eskainiko dute eta hitzaldietarako bete beharreko galdetegi berberaren bitartez egin beharko da izen-ematea. Nagusiki euskaltzale independentistei bideratzen bazaie ere, Euskal Herri osoko euskaltzaleei zabaldu diete bertaratzeko deia.