Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du “euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntzara salto” egin izana

  • Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean elkarretaratzeak antolatu ditu ostegun eguerdian Kontseiluak, euskarazko ikaseredua orokortu behar dela aldarrikatzeko. Jendetza bildu da EHUko Donostiako, Bilboko eta Gasteizko campusetan, eta hezkuntza eta unibertsitate arloko eragile eta sindikatu nagusiek ere bat egin dute. 

Euskalgintzaren Kontseiluaren elkarretaratzea, Donostiako campusean, ostegun honetan. Euskalgintzaren Kontseilua

2026ko uztailaren 2an - 14:42
Azken eguneraketa: 17:31
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Euskararen kontrako oldarraldiak beste esparru bat bereganatu du; hezkuntzarena, hain zuzen. Hala adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak EHUko hiru campusetan egin dituen elkarretaratzeetan. Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta Gasteizko Letren fakultatearen aurrean manifestatu dira, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean. 

Deialdiarekin bat egin dute hezkuntza eta unibertsitate arloko eragile eta sindikatu nagusiek; hala nola, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, BIGE eta Denon Eskola federazioek, IAS eta Ikama ikasle antolakundeek, eta EHUko euskara taldeek.

Kontseiluaren izenean Maddi Juanikorenak hartu du hitza Donostiako campusean, eta salatu du unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek izan dituzten emaitza eskasak "euskararen aurka egiteko" baliatu duela botere judizialak. 

Izan ere, azterketa horretan emaitza eskasak atera dituzten 25 ikaslek auzitara jo dute, eta epaileak erabaki du azterketan ateratako emaitza kontuan ez hartzea, behin-behinean. EHUk, bere aldetik, erabaki du kautela neurri gisa ikaspostu gehiago sortzea 25 ikasle horiengatik besteei kalterik ez egiteko.

Euskararen ofizialtasuna ezbaian 

Kontseiluak “larritasun bereziz” ikusi du epailearen erabakia. “Berriro ere botere judizialak izan du azken hitza, EHU behartuz emaitza txarrak jaso dituztelako bide judizialera jo duten ikasleei Euskara salbuestera”, adierazi du Juanikorenak. Gertatutakoa “oldarraldi politiko, mediatiko eta judizialaren” parte dela gaineratu du, eta horrek ondorio “larri eta nabarmenak” dituela euskararen ofizialtasunari dagokionean.

Euskararen munduko eragile nagusiak biltzen dituen Kontseiluak azpimarratu du auziak bitan banatu dituela ikasleak: “Euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean, eta gutxietsi egingo ditu euskarari beste ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, eta ikasteko ahalegina egin dutenak”.

Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako elkarretaratzea, Bilboko Ingeniaritza Eskolan.
Bilboko Ingeniaritza Eskola elkarretaratzea, ostegun eguerdian. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

Elkarretaratzean Juanikorenak adierazi du gertatutakoa ez dela “konpontzen” plazak gehituta: “Hala balitz, logika bera erabili beharko litzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituztenekin”. Ordea, ez da hala izan, eta gizarteari “mezu garbia” helarazi zaio: “Euskarak ez du gaztelaniak bezainbeste balio”. 

Kontseiluak “kezka handiz” hartu du Eusko Jaurlaritzak erakutsitako jarrera. Haren iritziz, Hezkuntza Sailak, “egiazko arazoari” heldu ordez, zuzentzaileak jarri ditu jomugan: “Hezkuntza Sailaren jarrera azterketen zuzenketan aritu diren irakasleak seinalatzea izan da, haien ezagutza, doitasuna eta sen ona zalantzan jarriz”. Erakundeak babesa helarazi die zuzentzaile lanetan aritu diren irakasle guztiei.

Euskararen ikaseredu orokortua 

Argi dute arazoaren muina ereduen sisteman dagoela: “Aspalditik jakin eta frogatua da A eta B ereduek ez dutela hezkuntza curriculumak berak ezarritako helburuak betetzeko balio”. Juanikorenak azaldu duenez, eredu horiek euskararen normalizazioan aurrera egitea “trabatzeaz gain”, milaka ikaslek euskaraz jabetzeko duten eskubidea “urratzen” dute.

Gasteizko Letren fakultateko elkarretaratzea, ostegun honetan. Argazkia: Hala Bedi
Gasteizko Letren fakultateko elkarretaratzea, ostegun honetan. Argazkia: Hala Bedi

Kontseiluaren ustez, euskararen “normalizazioan” eta “biziberritzean” aurrera egiteko gakoa "euskarazko ikaseredua orokortzea” da, “euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra”. Horregatik, dei egin die euskalgintzako eta hezkuntzako eragileei “euskarazko ikaseredu orokortuaren noranzkoan eragiteko”.

Bien bitartean, euskaraz bizitzeko baldintza errealen alde lanean jarraituko dutela esan du Kontseiluak: “Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskaltzale gisa: ikastetxeetan, kalean, lagunartean, sarean eta bizitzako eremu guztietan”. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...