Euskalgintzak jasoko dituen dirulaguntzak 26.000 euro gutxitu ditu Urruñako (Lapurdi) Herriko Etxeak. Seaska atera da kaltetuena eta 22.000 euro jaso beharrean 2.500 euro eskuratuko ditu. Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak salatu du Sébastien Etchebarne auzapez berriak hauteskundeetan izandako euskararen aldeko jarreraren kontrako neurria hartu duela.
Asteleheneko herriko kontseiluan onartu dute Urruñako Herriko Etxeak euskalgintzari 26.000 euro gutxiago emango dizkiola. Martxoan egindako hauteskundeetan ordezkatu zuen Filipe Aramendi abertzalea Sébastien Etchebarne zentristak eta murrizketa hau izan da hartu duen lehen neurrietakoa. Behin-behineko neurria bazen ere, asteleheneko bilkuran udalaren gehiengoarekin onartu da. Seaska izan da kaltetuen atera den eragilea, %89 murriztu baitizkiote jasotzen zituen dirulaguntzak. 22.000 euroko ekarpenak izatetik 2.500 euro jasotzera igaroko da, Berriak jaso duenez.
Etchebarnek hauteskundeak irabazitakoan kanpainan zehar zabaldutako euskararen aldeko mezuak zabaltzen jarraitu zuen: “Urruñan euskara egiten da dendetan, gure gorputza, bihotza, euskalduna da eta jarraituko dugu, eskoletan, dendetan, eta Herriko Etxean ere bai”, adierazi zuen. Hala ere, hartutako neurriak euskararen kontra egiten duela salatu du Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta esandakoen eta egindakoen kontrakotasunak “haserrea emendatu” diela azaldu dute. “Engainamenduaren” aurrean, bilkura eskatu dio auzapez berriari.
Seaskak jasandako murrizketez gain, ondorengo elkarteek ere diru-ekarpen gutxiago jasoko dituzte: Euskal Haziak ikastetxe katolikoen sare elebidunak 10.500 euro jaso beharrean 2.500 euro eskuratuko ditu; eta Uda Leku euskarazko aisialdi elkarteak 4.000 euro jaso ordez 2.500 euro lortuko ditu. Euskal Konfederazioak eta AEKk ere murrizketak izango dituzte. Urruñan Errexil bertso saria sustatu duen Bertsularien Lagunakek, berriz, ez du laguntzarik jasoko.
Hala ere, badira laguntza gehiago jasoko dituzten elkarteak. Ikas-Bi hezkuntza sare elebiduna 800 euro jasotzetik 2.500 euro eskuratzera igaroko da eta Iturrutxa elkartea, ikastolaren ekintzak antolatzen dituena, 500 euro jasotzetik 1.000 euro eskuratzera igaroko da.
Auzapezak gaiaren inguruko adierazpenik egin ez badu ere, bere taldeak adierazi du neurria Herriko Etxearen finantza egoera dela eta hartu dutela, tokiko erakundea legeztatutako aurrezki parametroen baitan kokatu dadin, Kazetak jaso duenez. Horren baitan hainbat ataletan ere murrizketak egingo dituztela jakinarazi dute, besteren artean, udal langileen atalean eta bide eta kaleen mantentze lanetan. Hala ere, Urruñako ikastolako ordezkariek adierazi dute aurreko udal taldeak “urtero 50.000 euro gehiago” emateko erabakia hartu zuela, “elkarteei kenduko dietenaren bikoitza” dena.