Irrintzi Dorreko gotorlekutik Iruñeko Kale Nagusiko plazara

  • Donibane auzoko Irrintzi Dorretik Alde Zaharreko Kale Nagusira egin dute jauzi Euskalerria Irratiko uhinek, 1987an sortu zenetik ia 40 urtera. Ostegun honetan egingo dute egoitza berriaren inaugurazio festa, 19:30ean. Asteazken eguerdian heldu gara gu, eta egoitza bor-bor da, hedabide, material berri eta kazetarien etengabeko joan-etorriekin.

Irratiak Iruñetik Erriberaraino zabalduko du bere uhin eremua. Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

2026ko urriaren 1ean - 10:43
Azken eguneraketa: 17:23
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irratiaren ezaugarrietakoa da urte luzez aritu izan direla lizentziarik gabe, ibilbide korapilatsua eta komedia ugariren ondoren, 2015ean Nafarroako Gobernuak lizentzia eman zien arte. UPNko azken gobernuaren azken neurrietakoa izan zen. Ordura arte, milaka herritarrek eta eragile ugarik urte luzez, artez eta moldez eskatu arren, UPNko eta PSNko gobernuek uko egin zioten irratiari legezkotasuna emateari. Bere ibilbide gehienean Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe, bidea arras malkartsua izan da sarri. Bistan denez, egoitza berriak bestelako egoera bizi dutela adierazten du. Irratian dioten moduan, “erresistentzia eta erresilientzian” ohituak, gotortuak egon behar izan dute Irrintzi Dorrean, eta hau hiriaren erdigunera egiten duten jauzi handi eta esanguratsua da. Eta gainera, bide berrirako logo berria ere abiarazi dute.

Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko koordinatzailea eta Miren Mindegia kazetaria. (Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)
Mindegia eta Lakasta hedabideei kasu egiten estudio nagusian.  (Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)

Plaza irratian

Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakasta eta Miren Mindegia kazetariarekin solastatu gara egoitza berriaren areto nagusi distiratsuan. Harrotasuna dariela mintzo dira biak: egoitza berri osoak 300 metro karratu ditu eta estudio-espazio nagusiak 70. Irratiaren harri-bitxia da. Mahai erraldoia du gonbidatu eta kazetariarentzat; musika taldeak edo bestelako ikuskizunak zuzenean hartzeko espazioa, aparteko musika mahai profesionala barne; eta 40 bat lagunek irratia zuzenean jarraitzeko moduko espazioa. Guztia sei kamera digitalen laguntzarekin: “Hainbeste urtez gotortuta egon ondoren, plaza hiriaren Kale Nagusira ekarri nahi izan dugu –diosku Lakastak–, zuzenean gonbidatuekin arituko gara, eskoletako haurrekin edo euskaltegietako ikasleekin, edo bestelako eragileekin. Ez gara inoiz aberatsak izan, eta orain ere ez, baina haizea alde izan dugu eta baliatu dugu jauzi hau egiteko”.

Erredakzio berria. Sei kazetaritik bederatzira pasatu da erredakzioa. (Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)

Iruñetik Erriberaraino

Espazioan jauzi handia eman dute, eta kazetaritza proiektuan ere hala egingo dute. Sei kazetari izatetik bederatzira pasatu da erredakzioa, eta lanean aritzeko 70 metro karratuko erredakzioa izango dute. Asteko 35 irrati ordu gauzatzetik, gutxi gorabehera 45 igortzera igaroko dira. Webgunean ere nabarituko da aldaketa, aurrerantzean, irratigintza zuzenean jarraitzeko baliabideak ugariagoak izango dira eta.

Eta lurraldeari begira ere urrats handia emango dute. Irratiaren igortze eremua zabaldu egin dute eta, horri begira, lan esparrua ere bai: Estellerrian, Tafallerrian, Zangozaldean eta Erriberan kolaboratzaile sarea antolatzen ari dira Errigoraren laguntzarekin. Eremu horietatik hainbat kolaboratzailek emisio bereziak egingo dituzte. Euskalerria Irratiak 200 kolaboratzailetik gora ditu,guztiak doan aritzen dira lanean, eta lehenbiziz, eskualde horietako kolaboratzaileei ordaindu egingo diete; “hori guztiz berria da gurean”, azpimarratzen du Lakastak.

Bigarren estudio txikiago bat ere izango dute. Grabatzen ari ziren handik igaro ginenean. (Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA)
Zoe Martikorena / ARGIA CC BY-SA

Komunitatea, bazkideak eta independentzia

Iruñerriko euskaldunen komunitatea elikatzen du Euskalerria irratiak, eta komunitateak irratia. Komunitate hori handitu egin dela dio Mindegiak, “kolore askotarikoa da eta horren isla izaten ere jarraitu nahi dugu, baina oraingoan gu ere indartsuagoak izanda, eta hemengo ateak zabalik egongo dira bertara hurbildu nahi duenarentzat”. Erresistentzia eta erresilientzia aipatu ditugu lehen eta Lakastak hirugarren osagaia ere aipatu du: “Oraingoan handira ere jo dugu”.

900 bazkide ditu irratiak eta kanpaina berezia egingo dute beste 400 lortzeko. “Garai gogorrak etor daitezke”, dio Lakastak hauteskundeen ondoren etor daitezkeen gobernuei so. Dudarik gabe, UPN, PP eta Voxen itzalak hor dira. “Bultzada hori ezinbestekoa dugu aurrera egiteko eta gure independentzia babesteko”, zehaztu du Mindegiak.

Eraikinak patio zabal batera ematen du. Argazkian eraikina erosi zutela iragartzen. Bertan izango dira inaugurazioko kontzertu eta ikuskizunak. (Argazkia: Koop57)

Eta auzokide kementsuz inguratuta

Koop57 finantza etikoan ari den erakundeak erosi zuen eraikin osoa 2024an. Jabeak saldu behar zuen, eta funts-putreak zain ziren haien talaian. Diotenez, ezin zen aukera galtzen utzi eta Koop57 aurreratu zen eta orain Iruñeko espazio bizienetako bat eraikitzen ari da bertan. 54. eraikineko bigarren solairua da Euskal Herria Irratiarena, baina ondoko eraikinean Katakrak liburu-denda dute, eta beren eraikinean bertan ekimen sozialei lotutako beste hainbat auzokide izango dituzte.

Lehenengo solairuan Katakrakek aurkeztu berri duen Fraktal proiektua egongo da, etxegabeei aterpe emango diena. Beheko solairuan AZ Alde Zaharreko auzo elkarteak eraikiko duen jantoki komunitarioa, eta hirugarrenean hiru kooperatiba arituko dira, horien artean Orekari, arkitektura soziala lantzen duen proiektua.

Iruñera Iparraldetik sartu izan denak Kale Nagusia izan ohi du sarbide nagusi. Ate handitik sartu da bertara Euskalerria Irratia eta kale eremu horretan espazio berezia sortu da. Duela hamar urte pasatxo heldu zen Katakrak, duela hiru urte Txalapartak denda berria ireki zuen handik oso gertu, eta orain irratia eta beste. Handia dator dio Euskalerria irratiak egunotarako hautatutako leloak. Bi hitzek etorkizun oparoz jantzitako ametsa gordetzen dute euren baitan: liburu, pintxo, kafe, elkartasun eta uhin nahasketak mokadu gozagarria eskainiko dio, fisikoki edo uhin bidez, bertaratzen denari.

Fraktal proiektuaren aurkezpena egin zuen Irailean Katakrakek. Lehenengo solairuan izango dira. (Argazkia: Ahotsa.info)

 


Euskalerria Irratia kanalean gehiago
2020eko otsailaren 5
Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.