Euskalduntzea lortzea ospatzekoa da

  • Bigarren egunean Pirinioek izan dute protagonismoa, eta Korrikaren lekukoa mugen arteko zubien lekuko izan da: euskaldundu dela ospatzeko lekukoa eraman duen katalana, Maule eta Erronkariren arteko sorpresa trukea, porturik altuena ere indartsu igo duten haur eta gurasoen arteko transmisioa... Martxoaren 20ko protagonistek erakutsi dute gustuko tokian ez dela aldaparik.

Roser Espelt bartzelonarra (ezkerrean), C1 titulua lortu duela ospatzeko lekukoa hartzean. AEK

2026ko martxoaren 21ean - 08:00
Azken eguneraketa: 19:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zuberoa atzean utzita, gauerdia pasata igaro da Korrika Nafarroa Behereko hiriburutik; ordu txikietan egin dute korrika Donibane Garaziko euskaltzaleek. Nafarroa Beheretik, Nafarroa Garaira, martxoaren 20ko eguna argitu aurretik. Mugatik gertu, Luzaidetik Orreagarako bidean, Roser Espelt Alba (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1993), 130. lekuko-hartzea egiteko zain. Katalanok euskaraz, zuk zergatik ez? izena jarri dio bere kilometroari eta 04:30 aldera katalanez eta euskaldunez osatutako kuadrilla batek hartu du ikurrindun lekukoa, atzetik esteladak jarraitzen ziola. Espeltek ARGIAri aitortu dionez, bere helburua bete da: euskarazko C1 titulua lortu duela ospatu du lekukoa hartuta, eta kontent da lagunak gau izartsuaren azpian elkartu dituelako.

Espeltek bost urte daramatza Bilbon bizitzen, eta Euskal Herrira etorri zen unetik argi izan zuen euskara ikasi behar zuela: “Zerk bultzatu ninduen? Ba Euskal Herrian bizitzeak, ezta? Nire ustez errespetu kontua da haien etxean hartzen nautenekiko. Baina, baita ere, aukera oso ona da Euskal Herria egiten duten pertsonak ezagutzeko. Ezin direlako herri bat eta bertako jendea ulertu kanpotik datorkien hizkuntza baten bidez, gaztelaniaren kasuan, adibidez”. Korrika osteko lo faltagatik burua nahastuta duela dio, baina erantzun argi eta ziurrak ematen ditu ekonomialari katalan-euskaldunak.

 AEK

Bost urtetan buru-belarri aritu da AEKn ikasten, eta pare bat barnetegitan ere egonaldiak egin ditu: Bakaikun (Nafarroa), Gabriel Aresti euskaltegiaren bidez, eta Lazkaon (Gipuzkoa), Maizpiden. ELA sindikatuan egiten du lan, eta nabarmendu du laguntza handia eman diotela, besteak beste, barnetegietara joateko lanetik liberatu baitute. Iaz eskuratu zuen C1 titulua, eta bere buruari hitzeman zionez hori erdietsitakoan Korrikako lekukoa eramango zuela, halaxe egin du aurten: “Asko gustatzen zait saraoak antolatzea, eta oso dibertigarria iruditu zitzaidan lagunekin ospatzera joatea, Euskal Herriko tokirik urrunenekoetako batera eta gauerdian”.

C1 ateratzea ospatzeko zerbait delako: “C1 ateratzea kristoren bidaia izan da niretzat. Esfortzuagatik, noski, baina bereziki bihurtu naizenagatik. Orain euskalduna naiz, berdin zait euskaldun berri edo euskaldun normala, nik ez daukat konplexurik horrekin”. Espeltek ziurtatu du euskaldun bihurtzeak “beste mundu oso bat ireki” diola. Horixe dio aurtengo Euskara Gara leloak ere, euskara “aterpe ireki eta erosoa” dela; AEKk herritar oro gonbidatzen du euskalduntzera eta aterpe horretako mundua deskubritzera.

Espeltek berretsi duenez, aterpe goxoa topatu du euskalduntzeko bidean, eta nahiz eta neketsua izan den eta diziplina eta konstantzia handia eskatu dizkion, bere ingurukoen “errefortzu positiboa” izan du, lagun, bikotekide eta lankideen aldetik: “Berotasun eta pazientzia handia nabaritu dut euskaldunen partetik. Adibidez, ARGIAkoek ere, nahi izan zenuten nik euskaraz idaztea ikasle nintzen arren, orain dela lau urte [ordutik ARGIAko iritzigilea da]. Sentitzen dut denek asko lagundu didazuela eta zuen herrian hartu nauzuela. Sentsazio horrek zentzua edo norabidea eman dit. Nik beti oso argi izan dut zergatik ari nintzen ikasten: nire jendearekin egoteko, Euskal Herrian bizitzeko beti erabilgarria izan delako”.

Zuk zergatik ez?

Katalanok euskaraz, zuk zergatik ez? Roser Espelti barregarria bezain mezu zuzenekoa iruditzen zaio Arestiren hitzekin Urko abeslariak ondu eta euskaldunon kantu herrikoi bihurtutakoa. Horrexegatik hautatu du Luzaidetik Orreagarako kilometroa izendatzeko: “Guk euskaraz, zuk zergatik ez? Ez duzulako gogorik, ezta?”, dio. Korrikako zenbait parte hartzaileri ere egin beharko litzaieke galdera bera; korrika bai, euskararen alde bai, baina erraztasun guztiak izanda ere gero euskaltegian izena ematen ez duten horiei. “Oso argi daukat euskara ikastea erabaki bat dela. Aitzakia asko entzuten ditut: ez daukat denborarik, oso zaila da... inork ez dauka denborarik, nik ere ez! Gauza da nik erabaki dudala denbora ematea euskarari edo euskara ikasteari. Beti identifikatuta sentitu naiz lelo horrekin”.

Ez zaie zaila egin Korrikaren bigarren egunean Pirinioetako portuak igotzea runner askori; denbora izan dute-eta aurretik entrenatzeko, eta dirua, punta-puntako zapatila eta txalekoak erosteko. Ordea, beste batzuei entrenatu gabe maratoiak egitea eta Hiru Erregeen Mahaia urik edan gabe igotzea baino zailago eta neketsuago egiten zaie euskaltegira joatea edota dakiten euskara praktikara eramatea. Bai, noski, Espeltek ere izerdi ederrak bota ditu urte hauetan, eta bai, noski, oraindik ere euskara ikastea ez da doakoa eta denentzat eskuragarria. Eta Espeltek lantokian euskara ikasteko izan duen laguntza ez da ohikoena; argi dago egoera bestelakoa litzatekeela baliabide duinak jarriko balituzte, besteak beste, instituzioetatik.

 AEK

Baina gustuko tokian aldaparik ez. Jarrera horrekin igo dute ostiralean Lazako portua, 1.129 metrokoa, eta gailurrak opari paregabea eman die: eguzki betea, eta parez pare Pirinioak elurtuta.

Euskara Gara aldarrikatuz igo eta jaitsi dituzte portuak. Espelten iritziz aurtengo lema "super egokia" da: "Orain esaten dute segregazioa bultzatzen duela euskarak, edo horrelako tontakeriak. Euskalduna da euskaraz hitz egiten duena, beraz, euskalduna izan daiteke euskara ikasi nahi duen edonor; ez dakit zer izan daitekeen hori baino abegikorragoa". Euskarak munduan kokatzen gaituela nabarmendu du: "Langile klasea izan arren, internazionalistak izan arren, gure nortasun kolektiboa euskara da, euskaldunak gara".

Erronkariko eskolako ikasle eta irakasleak Korrikaren zain. ARGIA
Mauletik Erronkarira, Korrika mezulari

Pirinioek lotu dituzte Nafarroa Beherea eta Garaia martxoaren 20an, eta portuetan sigi-saga ibili ostean, Izaban jendetza batu da. Bitartean, Erronkarin, 213. lekuko-hartzean elkarri eskutik eutsita esperoan topatu ditugu Erronkariko eskolako familiak eta langileak. Arantxa Ariño eta Iera Aranburu irakasleek ere ezin dute urduritasuna ezkutatu, Korrikak beraientzat berezia den sorpresa bat baitakar, Mauleko ikastolako lagunek furgonetan sartu zutena bezperan, Erronkariko ikasle eta irakasleek jaso zezaten. Kontatu dutenez, mugak eragiten duen urruntasuna gerturatu nahi izan dute aurten, eta urte osoz elkarlanean aritu dira bi eskolak: "Oso polita izan da, haurrak egun pasa joan ziren Maulera eta ikasle helduenak gaua ere pasatzera", azaldu dute Korrika iristear zela. Eta adierazpen gehiagorik eman ahal izan gabe, "badator!" oihua entzun da eta aurrerantz jarraitu dute Erronkariko zubitik, Maulerekin egiten ari diren zubia handitzen jarraitzeko asmoz.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.