Gasteizko Udalak euskaldunak oposizioak gaztelaniaz egitera “gonbidatu” dituela salatu dute, ikasmateriala gazteleraz dagoelako

  • Gasteizko Udalak 54 lan eskaintza publiko egin ditu maiatzean. Apirilean, Funtzio Publikoaren Sailak mezua bidali zien azterketak euskaraz egitea hautatu zuten herritar guztiei, gazteleraz egiteko aukera zutela jakinaraziz, "prestaketa berme guztiekin egin ahal izateko". Izan ere, ikasmaterialaren gehiengoa gaztelera hutsean dago. Azterketa euskaraz egin nahi duten herritarren “eskubideei muzin” egin zaiela salatu du hautagai batek, eta kexa aurkeztu du udalean zein Hizkuntz Eskubideen Behatokian. ARGIAk udalaren azalpenak eskuratu ditu, eta hautagai horrekin zein Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekarekin hitz egin du.

Gasteizko maiatzeko lan deialdi publikoan euskaldunen "eskubideei muzin" egin zaiela salatu du hautagai batek. Wikimedia Commons

2026ko ekainaren 8an - 00:27
Azken eguneraketa: 16:37
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gasteizko Udalak jaso duenez, 16.234 pertsonak eman zuten izena 54 LEPetan parte hartzeko, eta horietatik 258k hautatu zuten azterketa euskaraz egitea.

Ez da lehen aldia Gasteizko lan eskaintza publikoetako eskakizunek zer esana eman dutena. Oraingoan, azterketa euskaraz egitea hautatu duten herritarrei mezu bat bidali die Gasteizko Udalaren Funtzio Publikoko Sailak. ARGIAk mezua eskuratu du, eta ondorengoa dio, besteak beste: “Sail honek azterketa-hizkuntza gaztelaniara aldatzeko hainbat eskaera jaso ditu. Eskaera horiek euskarazko ikasmaterial nahikorik ez izateak dakarren zailtasunean oinarritzen ziren, prestaketa berme guztiekin egin ahal izateko. Funtzio Publikoaren Sailak aldaketa horiek baimendu ditu, kontuan hartuta izena emateko unean izangaiek ez zutela informazio horren berri. Euskara hautatu eta arazo bera izan duten pertsona guztiei aukera bera bermatzeko asmoz, eta berdintasun-printzipioa babesteko asmoz, aukera honen berri eman behar dugula iruditzen zaigu.”

Udalaren azalpena

Bere desadostasuna helarazi zion Elenak (izen faltsua da, anonimotasuna mantentzeko eskatu du) udalari, eta ARGIAk udalaren erantzuna eskuratu du. 

Udalak Elenari azaldu dio prozesuaren lehen fasean hautatzen dela hizkuntza, herritarrek oraindik ez dutenean materialen lanketarik egin. Gerora ikusi dute hautagaiek, hortaz, ikasmaterial asko gazteleraz soilik dagoela. Azpimarratu du espezialitate batzuetan “euskaraz gaztelaniaz baino material gehiago eta hobea” dagoela, esaterako itzulpengintzaren edo hizkuntza normalizazioaren arloan. Hala ere, onartu du zerrendako arlo gehienetan dokumentazioa “gaztelaniaz soilik” dagoela eskuragarri.

Udalaren webgunean daude eskuragai azterketak prestatzeko beharrezkoak diren materialen zerrendak. Bertan ikusi daitekeenez, 24 lanpostutik batek ere ez du ikasmaterial osoa euskaraz eskaintzen, eta askok gaztelaniazkoa soilik eskaintzen dute. Hortaz, azterketa euskaraz egiten dutenak gazteleraz ikastera derrigortuta daude, batetik, eta gaztelaniaz ikasitakoa azterketan euskaraz adieraztera, bestetik.

Egoerarekin “sentikorra” dela azaldu dio udalak Elenari, eta horregatik eskaini duela hizkuntzaz aldatzeko aukera “inor behartu gabe” eskaini nahi izan duela. Hizkuntza hautaketa norberaren “erabaki pertsonala” dela adierazi dio, frogan “berme handiagoarekin lehiatzeko”.

Esan bezala, itzulpengintza edo hizkuntza normalizazioaren arloan euskarazko eduki gehiago daude gaztelerazkoak baino. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak ARGIAri azaldu dioenez, arlo horietan ez zaio inori mezurik bidali hizkuntza aldatzeko aukera eskaintzen eta hizkuntza hautuan “atzera egitera” animatzen. Zapalkuntza ikusten du hor.

Elena ez dago ados

"Azterketak euskaraz egin nahi dituzten hautagaiak desabantailan daude". Hori uste du Elenak: ez dute beharrezko materiala euskaraz ikasteko eta udalak aipatzen duen “lehiakortasun” horretan oinarri berarekin jokatzeko.

Horren guztiaren eraginez herritarrek erdarazko azterketa egitera jotzen dutela azaldu du: hizkuntza normalizazioko lanpostura aurkeztu ziren pertsonetatik bi heren (37tik 25) azterketa gaztelaniaz egin zutela dio, eta horien artean Gasteizko euskararen aldeko erreferente batzuk daudela. “Azterketen diseinuak berak euskaldunen aukerak murrizten” dituela salatu du. 

Udalak euskaldunen “eskubideei muzin” egin diela azpimarratu du, ikasmaterial osoa euskaraz ere eskuragarri dagoela ziurtatu ordez, azterketa erdaraz egiteko gonbita egin duelako. 

Euskaldunak diskriminatuta

Euskaldun gisa azterketak gainditzeko aukera gutxiago duela sentitzen duela dio eta “etsipen sentsazio sakona” duela: “Ikusten dut euskaldun gisa administrazio publikoan lana egiteko nire aukerak zapalduak direla etengabe eta euskaldunok diskriminazio larria jasan dugula, gutxien-gutxienik udalak egin duen azken lan eskaintza publikoan”.

Gaubekak adierazi du Behatokiak bat egiten duela Elenarekin salaketarekin. Gasteizen herritarrak azterketak euskaraz egitera “desanimatu” dituztela uste du, eta azpimarratu du zerbitzu publikoetan euskarazko ikasmateriala bermatu beharko litzatekeela.


Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...