Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

  • Korrikan errepikatzen ari den aldarrietako bat ofizialtasunarena da. Gure hizkuntzaren aitortza. Euskaraz bizitzeko eskubidea. Zer behar da, ordea, estres linguistikoa gainditzeko? Oldarraldia behin betiko geldiarazteko? Desobedientzia eraginkorra da? Ofizialtasunak ekarriko du euskaraz eroso egitea? Euskal Herri independenterik gabe posible da euskararen normalizazioa? Igande eta astelehenean hainbat ikuspegi jaso ditu Korrikak, eta euskararen alde kolektiboki eta aktiboki jarduteak arnasa garbia eman die euskarafobiaz belztutako birikei.

AEK

2026ko martxoaren 24an - 08:00
Azken eguneraketa: 10:25
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Ofizialtasuna” hitza behin eta berriro irakurri dute zuzenekoa ikustera engantxatu diren euskaltzaleek. Furgonetatik ere ikusi eta entzun da, batik bat Nafarroako kilometroetan. Euskalgintzaren Kontseiluak Ezkirotzen hartu du lekukoa martxoaren 22ko 04:00ak aldera, Iruñerrian, ofizialtasunaren aldarripean, eta gau iluna argitu duten suziriak jaurti dituzte. Txinpartak izan dira, ordu batzuk geroago Iruñean zetorren sua iragarri dutenak. “Euskara Gara dio aurtengo Korrikaren leloak. Izan gaitezen, gutako bakoitza, euskarak behar duen Pizkundearen txinparta. Euskaltzaleok egin ezean, ez baitu beste inork egingo”. Halaxe deitu du Kontseiluak euskaltzale oro Korrikan parte hartzera.

“Pizkundea hasi da”, ziurtatzen ari da Euskal Herrian Euskaraz taldea, euren desobedientzia ekintzen aurrean CCOOk egindako mehatxuek ez dituztela kikilduko esatearekin batera. Intza Gurrutxaga EHEko kideak, Arrotxapean taldearen izenean lekukoa astindu ostean, ARGIAri berretsi dio euskaltzaleak “masiboki aktibatzeko eta antolatzeko” unea dela, kontzientzia hartzetik harago: “Egoera larrian gaude, baina euskaltzaleon indarrari esker aurrera jarraituko dugu. Gaur arte iritsi bagara izan da hainbat urtez euskaltzaleek egindako lan ikaragarriari esker. Kontzientziak astintzen eta borrokak pizten jarraituko dugu EHEn”. “40 urte ofizialtasuna eskatzen!”, goraipatu dute mikrofonotik EHEren lana, eta, aldi berean, 40 urtetan zonifikazioa amaitu ez dela salatu, lau hamarkada igaro baitira Nafarroan Euskararen Legea ezarri zutenetik. Nafarroa bat, ez hiru zioen pankartarekin egin dute korrika Ikamako militanteek ere.

EHEko kideak lekukoa eskuan, Arrotxapean (Iruñea). Argazkia: AEK

Euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan, ezta Ipar Euskal Herrian ere. Eta egiturazko auzi horrek oztopoen dimentsioa biderkatzen du, besteak beste, eremu “ez euskaldun” eta “mistoetan”; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan are ilunagoa da egoera administrazioei dagokienez. Gurrutxagak dio euskararen ofizialtasunak legezko berme batzuk emango lituzkeela, adibidez, hezkuntza eta osasungintza euskalduna izateko. “Gaur egun daukagun ofizialtasuna tranpatia da, batez ere EAEn ikusten dugu oldarraldiarekin: euskara ofiziala da, baina horrek ez dizkigu nahikoa berme ematen benetan euskaraz bizi ahal izateko”. EHEn koofizialtasunaren mugen kontziente dira, eta argi dute Frantziako eta Espainiako “konstituzio zapaltzaileak eta legedi arrotzak” gainetik dauden bitartean ez dela egoera onbideratuko: “Euskal Herri euskalduna eraiki nahi baldin badugu, estatu propio bat eta egitura propio batzuk behar ditugu”.

Hurrengo egunean, martxoaren 23an, Viana eta Oionetik Arabara egin du jauzi Korrikak. Lautada zeharkatu ostean, berriro ere Ziordiatik Nafarroara sartu eta, 1.000. lekuko-hartzea egin aurretik justu-justu, 999garrena Gure Eskuk egin du, ordezkari katalan eta galegoekin batera, Eginon. Hizkuntza gutxiagotuen defentsa egiteko batu dira Korrikara, baina baita estaturik gabeko nazioen erabakitzeko eskubidea eskatzeko ere, bandera eta lelo erraldoiak eta guzti. Josu Etxaburu bozeramaileak lekukoa hartu aurretik oroitu du zertarako baliatu nahi duten kilometroa, estaturik gabeko  hainbat nazioren banderak astintzen egin dutena: “Esateko lau haizetara herriok erabaki nahi dugula gure herria zer-nolakoa izango den, eta gure hizkuntza babestu nahi dugula. Euskara garela esaten dugu, baina Euskal Herria garelako ere gaude hemen; sarri esaten dugun bezala, herria da gorputza eta hizkuntza da bihotza”. Herri horien saretzea irudikatu dute, eta nazio eta hizkuntza zapalduen aitortza aldarrikatu.

Baina zer egin daiteke Euskal Herria herri gisa onartzen ez duten bitartean? Zer egin estatu propioa eta euskaldunek erabakitakoa lortu bitartean? Jada Sakanan sartuta, Olaztin lekukoa hartu duen Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak ez du estrategia politiko iraultzaile magikorik eman, baina kide horiek badakite zer den Euskal Herria mundu mailan ofiziala dela sentitzea. Hilabete honen hasieran lehen aldiz lehiatu dira Euskal Herriko Selekzio gisa, eta Munduko Kontseiluko kide bihurtzea lortu dute. Ofiziala da: nazioarteko erabaki organoetan bozka izango dute. Ardi moztaileen erabaki organoetan, noski, ez nahastu, ez dira NATOn sartuko. “Parte-hartze hau ez da gertaera isolatu bat, aro berri bati hasiera eman diogu!”, pozez berretsi zuten martxoaren 7an, Zeelanda Berriko lehiaketaren ondoren. Batzuei keinu xumea iruditu zaie, agian, baina haiek argi esan dute, eta ikurrindun ardi bat Korrikara ere ekarri dute: “Ardi ibili, herri bat gara!”.

Gure Eskuren kilometroa, ordezkari katalan eta galegoekin batera. Argazkia: AEK
Desobedientziara kondenatuta

Herri bat gara, euskara gara, baina hori erakutsarazteko borroka etengabea egin behar da. EHEko kideek ondo dakite hori, 1979an sortzaileetakoa izan zen Kontxi Erro lesakarrak (Nafarroa) eta azken urteetan taldeari hauspoa eman dion belaunaldi berriko Intza Gurrutxaga getariarrak (Gipuzkoa). EHEk hastapenetik erabili du desobedientzia, eta bide horretan sinesten jarraitzen dute: “Desobedientzia ekintzen bitartez ikusarazten dugu legeek zenbateraino zapaltzen gaituzten. Aldi berean, desobeditzera kondenatuta gaude, eta euskaraz bizi nahi baldin badugu, uneoro gaude ezarritako araudiaren aurka egitera behartuta”. Gurrutxagak dio EHEn euskaltzaleak animatzen dituztela norbera eroso sentitzen den mailan desobeditzera, eta batik bat, ekintza horiek benetan eraginkorrak izan daitezen, “ahalik eta mailarik kolektiboenean” egitera. Esaterako, eurek azken hilabeteetan epaiketei eta isunei aurre egin behar izan diete, baita, berriki azaldu gisa, CCOOren mehatxuei ere. Halere, oroitu duenez, “euskararen hautua egite hutsa desobedientzia ariketa bat da”.

Horretara ohituta dago Kontxi Erro, euskara hautatzeagatik ondorioak izatera, Iruñeko kaleen burrunba eta aldarri ozenen artean kontatu digunez. Korrikaren furgonetan doa, gidariaren alboan, eta leihotik bata eta bestea agurtzen eta muxuak botatzen igaro ditu motz sentitu diren orduak. Albokoei irri artean ziurtatu dienez, asko bere ikasle izandakoak dira, baina ez omen dira bere fanak, baizik eta Korrikarenak: “Euskaltzaleak dira!”. Erro Lesakako ikastolako irakasle izan da urte luzez, eta betidanik euskaltzaleen borrokan engaiatua. EHE sortu zuten 30 bat lagunen artean zegoen, eta gogoan du zein zen euren tresna: “Espraia eta errotulagailu potoloa hartu, eta gauez joaten ginen gaztelerazko kartelak ezabatu eta e bikoitza jartzera”. Hiru egun lehenago, Atharratzen eta inguruetan, aspaldiko partez frantsesezko kartelak ezabatuta ikusteak harritu ziola dio.

Errok azaldu du garai haietatik estrategia argi zutela: euskararen ofizialtasunarekin ez da aski, eta Txillardegiri erreferentzia eginez, gogorarazi du hizkuntza bat ofiziala izanik ere erabiltzen ez bada desagertu egingo dela. EHEren xede nagusia horixe zen: kale erabilera sustatzea. Hainbat desobedientzia ekintza egin zituzten orduko hartan ere, ziurrenik gaur egun askoz zigortuago egongo liratekeenak, ikusita pintaketa batekin zer ondorio ezartzen dituzten. Eta desobedientzia ekintza sinpleago, baina agian zenbaitetan eraginkorragoetara joz gero, Errok sutsuki defendatzen du hau: lehen hitza beti-beti euskaraz egitea. Horregatik “alterkado” batzuk izan dituela aitortu du, poliziekin, adibidez, baina anekdota gisa oroitzen ditu, liskar horiek ez baitute lortu Erro kikiltzea eta erdarara pasatzea inola ere. Desobedientziekin jarraituta, Errori eta Gurrutxagari galdetu beharko litzaieke ea zer iruditu zaien martxoaren 22an 22:00ak aldera Korrika Lizarrako Udalaren parera iritsitakoan euskaltzaleek egindakoa: “UPN kanpora” oihu eta txistu artean, korrika atzerantz egiten hasi dira. Keinu txikia, baina ehunka kidek batera egiten dutenean esanguratsua.

Epaitegietan ere euskaraz egiteko aldarria, abokatu euskaltzale baten eskutan. Argazkia: AEK
Euskara borrokan bizi da

23. Korrikan GKSren lekuko hartze bakarra izan zen, Nafarroako GKSrena, hain zuzen, eta Tafallatik Miranda de Argara bidean “Iraultzarik ez bada galduko da euskara” esanez egin zuten korrika gazteek.

24. Korrikan aldatu da egoera, eta hainbat herritan ikusi ditugu GKSko, IASeko edota Kontseilu Sozialistako militanteak AEK babestera batzen, lekuko-hartzea eskuratuta. Metroz metro, "Euskara borrokan bizi da" leloa presente izan dute, iazko Euskararen Egunean aurkeztu zuten lelo bera. Zentzu bikoitza duela azaldu zuten: "Euskara borrokan bizi da, minorizazio gorrian dagoelako. Funtzio sozial informalak ere galtzen ari da, emeki, arnasgune tradizionaletan, batik bat masa-kultura kapitalistaren nagusitasun erabatekoa dela medio". Baina borrokaren zentzu eraikitzailea eta eraldatzailea ere azpimarratu nahi dituzte lema horrekin: "Minorizazioak minorizazio, euskal hiztunen (eta, oro har, euskaltzaleen) eragiletza kontzienteak iraunarazi du euskara: euskalgintza sozialak".

Ofizialtasunetik urrun dago euskara, normalizaziotik are urrunago. Erabaki irmo eta ausartik ezean, AEKk Korrika beharko du beste hamarnaka urtez, finantzaketa bide gisa. Urrun dago, baina ttipi-ttapa ari dira euskaltzaleak bultzaka, borrokan, korrika. Piztuta dago herria Korrikan. Ea ez den ke-laino hutsa; martxoaren 29tik aurrera ikusi beharko da.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.