Euskaldun(berriak), erdaldunak eta belarrimotzok


2026ko urtarrilaren 14an - 09:16
Azken eguneraketa: 11:42
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Badator Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna eta bere libertimendua. Otsailaren 15ean ospatuko da aurten eta “euskaldunon bazkaria” iragarri da zabaldu berri den egitarauan.

Parte hartzaileok bazkarian izango gara eta gainerakoek sarrera erosi beharko dute, etorri nahi izatekotan. “Nori bidaliko diot afixa polit hau?”, pentsatu dut. Zuzenean, bi lagun etorri zaizkit burura: Ella eta Harry.

Britainiarrak dira eta Iruñera iritsi berriak zirelarik, iazko Iruinkokora gonbidatu nituen. Baten batek xuxurlatzaile lana egin zuen arren, ziurrenik ez zuten gehiegi ulertu. Edo hori uste zuten haiek. Baina giro horrek are gehiago erakarri zituen euskarara, dudarik gabe.

Urtebete baino gutxiago igaro da geroztik, baina dagoeneko euskaldun beteak dira nire lagun britainiarrak. Iruñean bizitzen geratu dira eta euskara ikasten ari dira, bakoitzak ahal duen neurrian.

Ongi etorri euskarara, Ella, Harry, Bianca, Simone, Elia, Saeed, Ana, Aritz, Mikel, Ainhoa eta beste hainbeste. Etor zaitezte otsailaren 15ean Iruinkokora, zuentzat da eta

Afixa bidaltzen ari nintzaien bitartean, irribarre egin dut aurtengo Iruinkokoaz nola gozatu ahal izango duten imajinatzen. Ez dakit bazkarira etorri nahiko duten edo ez, baina mahaian naturaltasun osoz imajinatzeak berak ilusioa egiten dit.

Haiekin batera nire gertuko beste lagun batzuk irudika ditzaket: Bianca, Simone eta Elia, Torinokoak hirurak; Saeed, amaziga; edota Ana izena duten bi gaztelar. Guztiak etorkinak dira eta guztiek egin dute euskaran murgiltzeko apustua.

Oso harro nago haietaz eta bereziki kontent azkenaldian haiek bezalako pertsonak nire inguruan ugaritzen ari direlako. Bertakoak ere badira, haien gurasoek eta hezkuntza sistemak euskara ikasteko aukerarik eman ez zietenak: Aritz, Mikel, Ainhoa, eta abar.

Hein batean, beste askori Iruinkokora gonbidatzeak sortzen didan deserosotasuna konpentsatzen dute. Adibide ugari aipa dezaket, baina izenik edo egoera zehatzik esan gabe denok dakigu nortzuk diren (ni ere banaiz batzuetan, gehiegitan). Nafarroako erdi eta hegoaldeko egoera konplexua da eta ez naiz ausartzen inor seinalatzera.

Aldi berean, nik neuk sentitzen dudan deserosotasun hori itzuli nahiko nieke, gorritu daitezen behingoz. Euskarara inoiz hurbiltzen ez diren erdaldunei eta belarrimotzei belarritik tiratzeko ez zait jarraian idatzi dudana baino modu hoberik bururatzen: 

Ongi etorri euskarara, Ella, Harry, Bianca, Simone, Elia, Saeed, Ana, Aritz, Mikel, Ainhoa eta beste hainbeste. Etor zaitezte otsailaren 15ean Iruinkokora, zuentzat da eta. Ziur naiz behar-beharrezkoa dena gutxienez ulertuko duzuela. Edo, hobe esanda, jada ulertu duzuela, oharkabean bada ere. Zorionak!

Mikel Urabaien Otamendi

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.