Ipar Euskal Herriko harrotasun erradikalaren egunaren harira, Ehgamek, Bihurri kolektiboak eta Prefosta elkarteak Euskal Herri kuirraren inguruan hausnartu dute, historia, intersekzionalitatea eta hizkuntzatik abiatuta.
Baionako Planning Familial egoitzak sabai baxua du eta liburuz beteta dago. “Garai batean abortu klandestinoak egiten ziren, Hegoaldetik ere etortzen ziren”, azaldu die egoitzaren historia Maddi Kintana asanbladako kideak sartu diren lehen entzuleei. Denbora igaro da ordutik, baina iluntze batez transfeminismoaren etxe bilakatu da berriro egoitza. Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloak irailaren 19rako antolaturiko Ipar Euskal Herriko lehen Harrotasun Martxa Erradikalaren bezperan, Euskal Herriko kuir borrokaren inguruan hausnartu dute Gipuzkoako Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapeneko Mugimenduko Ibon Egañak, Gasteizko Bihurri bisexualen kolektiboko Leo Bueriberik eta Basabürüako (Zuberoa) Prefosta elkarteko Inesak eta Ilorak, Joana Detxarten gidaritzapean.
Euskal Herriko borroka kuirraren errealitate desberdinen isla dira hirurak. Ehgam kolektibo aitzindaria 1977an sortu zen, Hegoaldean, eta ordutik Euskal Herriko kuir mugimenduaren zutabeetako bat da. Prefosta kuir eta aliatuen elkarteak, berriz, lau urte daramatza Bekat’uros egun kuirra antolatzen Atharratzen (Zuberoa). Elkartzeko sortu zuten, beharra ikusi baitzuten. “Baserrian beti ez da erraza eroso bizitzea eta hori ikusarazi nahi genuen”, esan du Inesak. Bestalde, Bihurri kolektibo gasteiztarra azken urtean sortu da. “Beharra genuen bisexualitatea erdigunean egongo zen espazioa eraikitzeko, bisexualitateak subjektu politikoa baitu”. Datorren urriaren 3an Gasteizen topaketa bisexuala egingo dutela iragarri du.
Hausturak eta elkartzeak
Detxart dinamizatzaileak azaldu duenez, Baionan apurketa gertatu da LGTBI+ eta kuir mugimenduaren artean Biarritzeko [Lapurdi] pride-arengatik, “instituzioek antolatzen duten martxa apolitikoa” baita, eta hala sortu dutela Harrotasun Erradikala. Donostian ere gertatu zitzaien antzeko zerbait, 2000ko hamarkadan, “ikuspegi berriak” sartu eta desadostasunak topatu zituztenean. “Alde kritikoagoak aldarrikatzen zuen borrokaren helburua ez zela ezkontzeko eskubidea, baizik eta sistema osoari egitea kritika”, azaldu du Egañak.
Izan ere, hizlarien iritziz, borroka kuirrak intersekzionala izan behar du eta gainerako borrokak kontuan hartu; esaterako, espazioen pribatizazioa, arrazakeria edota kapitalismoa, beti ere bakoitzean dagokionari emanda protagonismoa. Are gehiago, eskuin muturraren gorakada betean. Hiru eragileek jasan dituzte erasoak: Egañak, adibidez, azaldu du trans erresistentziaren alde egindako horma irudi batean pintada faxistak egin zizkietela; Bueriberik Gasteizko indarkeria poliziala mahaigaineratu du; eta Inesak esan du aurpegiratu izan dietela “denak kuir bihurtu nahi” dituztela.
Euskaldunaren irudia kolokan
Intersekzionalitate horretan, asko hausnartu dute euskararen eta kuirtasunaren inguruan. Prefostako kideek aitortu dute zaila izan dela beraientzat. “Buruhaustea izan da zerotik hastea eta, gainera, euskaraz, inguruko kuir pertsonak erakarri nahi ditugulako, baina askok ez dutelako euskara ulertzen”, esan du Ilorak. Hari horretatik, Egañak aldarrikatu du kuirtasuna euskarara gerturatzeko eta hura bultzatzeko tresna izan daitekeela, “kuir mugimenduak baduelako ere hizkuntza zapalkuntzarekiko kezka”.
Euskal Herri kuirra lortzeko lanketa egitea falta da, aldiz, Bueriberen hitzetan, kuirtasunak “oso zuria” izaten jarraitzen baitu, baina harro agertu da besteekin batera, hausten ari baita “euskaldun normatiboaren” irudia. Detxartek laburbildu du ideia hitzaldiaren une batean: “Transmaribibollo euskalduna izateak munduan kokatzen zaitu”.