Euskal Udalekuetako kideek deklaratuko dute astelehenean, lehen fasean dagoen epai judizialean

  • Bide administratiboaren epaia ekainean egin zen irmo, eta orain prozedura judizialari ekin diote. Guztira Euskal Udalekuetako hamabost kidek deklaratuko dute astelehen honetan Gasteizko instrukzio epaitegian. Abokatu Kristauak taldeak hiru urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu begiraleentzat.


2026ko irailaren 14an - 12:51
Azken eguneraketa: 2026-09-15 15:52
Bernedoko Euskal Udalekuen irudia. Euskal Udalekuak.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Udalekuak elkarteak zabaldutako oharraren arabera, iazko irailean dutxa mixtoen aferaren harira aurkeztutako salaketen ondorioz, haien aurkako bi bide zabaldu dituzte: administratiboa eta judiziala. Lehenaren epaia ekainaren hasieran eman zuen Arabako Foru Aldundiak: Sarrea elkarteari udalekuak antolatzea hiru urtez debekatu zioten. Hilabete horren amaieran, ordea, epaileak bertan behera utzi zuen, behin-behinean, aisialdi ekintzak antolatzeko jarria zioten debekua.

Bestalde, orain martxan dagoena bide judiziala da: elkartearen esanetan, zenbait gurasok eta eragile politikok –Vox, Abokatu Kristauak, Hazte Oír– jarritako salaketek bultzatu dute prozesu hori. Hain zuzen, astelehen honetan eginiko adierazpenetan Abokatu Kristauak taldeak jakinarazi du hiru urte arteko kartzela zigorrak eskatuko dituela ikertuak izaten ari diren hamabost lagunentzat, exhibizionismoa, adingabekoak galbideratzea eta derrigortze delitua egotzita.

Prozesuaren inguruko filtrazioak

Oharrean salatu dute irailera arte Euskal Udalekuetako kideek ez dutela prozesu judizialaren berririk izan, baita "proiektua zurrunbiloan murgildu zenetik" filtrazioak nabariak izan direla hainbat hedabidetan ere: esaterako, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak uztailean SER irrati katean egin zioten elkarrizketa batean adierazi zuen begiraleen aurkako bide judiziala abian zela; horrez gain, El Español egunkariak prozesuari buruzko datuak filtratu eta publiko egin zituen aurreko astean.

Ondorioz, Euskal Udalekuetako kideek oraingoz ez dute prozesuaren inguruko adierazpenik egingo, oharraren esanetan "erantzukizunez eta konfidentzialtasunez" jokatu nahi dutelako, kontuan edukita adin txikikoak tartean daudela.


Bernedo kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.