Euskal Udalekuek jasandako kanpaina “manipulatua eta interesatua” salatu dute, abuztuaren 29rako jaialdia iragartzearekin bat

  • Agerraldia egin dute Gasteizen, akats administratibo batetik sortutako kanpaina mediatikoa salatzeko. Abuztuaren 29an Bernedon (Araba) egingo duten jaialdia aurkeztu dute, erasoak salatzeko eta proiektu "euskaldun eta feminista" defendatzeko. 

Euskal Udalekuek agerraldia egin dute Gasteizen jasotako "kanpaina mediatikoa" salatzeko. ORAIN

2026ko ekainaren 26an - 09:41
Azken eguneraketa: 13:35
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Kolorez bete dituzte Gasteizko Foruen plazako eskailerak Euskal Udalekuetako hezitzaile, guraso, haur zein proiektua babesten duten herritarrek. Ehunka pertsona bildu dira Euskal Udalekuek egindako agerraldian, udalekuen aurkako kanpaina "manipulatu eta interesatua" salatzeko. Jasotako "mehatxuak eta presioa" salatzeaz gain, abuztuaren 29rako jarri dute zita: jaialdia egingo dute Bernedon, proiektuak duen babesa erakutsi eta "eraso politikoei eta administratiboei" erantzuteko.

Agerraldia baliatu dute hilabete hauetan guztietan jasotako jazarpenari eta hedabideetan eginiko salaketei erantzuteko. Udazkenean partekatu zuten bertsioari eutsi diote, zuzenean jaso dituzten kexa bakarrak dutxen funtzionamenduari buruzkoak dira, ez dute hezitzaileek egindako erasoen salaketarik, ezta prozesu judizialik ere. "Ez dugu komunikabideetan hainbeste aipatu den prozesu judizialaren berririk; dakigun bakarra da salatzaileen artean Vox, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste hainbat entitate daudela". 

Nabarmendu dute ez dutela prozesu judizialaren inguruko informazio ofizialik, eta hortaz, ikasturtea prestatzen jardun dutela. "Urtero bezala, formakuntzak jasotzen, proiektua birformulatzen, programazioak prestatzen eta auzolanean aritu gara. Horixe baita gure jardunaren erdigunea". Horretan ari zirela iritsi zen Arabako Foru Aldundiaren debekua.

Sarrea elkarteari jarritako debekua

Arabako Foru Aldundiak prozedura administratibo bat irekia dio Sarrea elkarteari, orain arte Bernedoko udalekuak antolatu izan dituenari, "jakinarazpen burokratiko bat ez egiteagatik". Debekuaz gain, isun ekonomikoa eta hiru urtez aisialdi jarduerak egitea debekatu dio aldundiak. Agerraldian udalekuek adierazi dute dokumentazio dena eguneratua zutela. Aldundiaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela esan dute. 

Elkartearen zigorra dela eta, Dorrekoa elkartea zen aurten udalekuak antolatzekoa, eta horrela adierazi zuten legez eskatutako jakinarazpenetan. Ordea, aldundiak Bernedoko udalekuak egitea debekatu die. "Eskaera guztiak legez bete arren, diputazioak debekatu egin du Bernedoko udalekuak egitea". Are gehiago: "Euskal Udalekuekin zerikusia duen elkarteari jardun oro antolatzea debekatu dio, 'Entramado de Euskal Udalekuak' izendapenarekin".

Halaber, Bernedoko Administrazio Batzarrak, udalekuen etxearen jabeak, aldundiko ordezkarien partetik jasotako mehatxu zuzenen berri eman du: "Bestela, zuen bila joango gara". Azaldu dute alokairu kontratuan ez dagoela debekatuta eraikinaren lagapena, eta hori euren eta Batzarraren arteko eztabaida dela, aldundiak esandakoa gezurtatuz. Dena dela, aurreikusi dute presioarengatik alokairua eten egingo dietela, eta, gertatuz gero, "historikoki garrantzitsua" den toki bat galduko dutela.

Aisialdi euskaldun eta feminista indargabetzeko estrategia

Euskal Udalekuetako ordezkariek adierazi dute aldundiaren jarrera "mafiosoa" eta "zapaltzailea" dela. "Guk ez genekien Administrazioa hain urrun helduko zenik. Haiek, ordea, argi zeukaten Bernedo itxiko zutela, eta horretarako behar zuten guztia egiteko prest egon dira". Aldundiaren jarrera proiektua "indargabetzeko estrategia" izan da, "aisialdi eraldatzaile eta alternatiboaren kontrako erasoa". Gehitu dute haurrentzako udalekuak badira ere, eztabaidan haurrak eta nerabeak bigarren planoan utzi dituztela.

Erasoak salatzeko eta udalekuek duten babesa erakusteko mobilizazioa iragarri dute: jaialdia egingo dute Bernedon abuztuaren 29an. Jolasak, emanaldiak eta sorpresak prestatu dituzte egun horretarako eta "Euskal Udalekuen parte izan den oro gonbidatuta" dagoela esan dute.

 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...