Euskal Udalekuek elkartasun jaia eginen dute larunbatean Bernedon

  • Aurten jasandako “eraso politiko eta administratiboei” erantzuteko, eta Euskal Herrian proiektuak duen sostengua erakusteko antolatu dute Aurrera Euskal Udalekuak jaialdia. Jolasak, emanaldiak eta sorpresak prestatu dituzte egun horretarako.


2026ko abuztuaren 27an - 12:27
Azken eguneraketa: 15:13
Bernedoko Euskal Udalekuen irudia. Euskal Udalekuak
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aurrera Euskal Udalekuak elkartasun jaialdia eginen dute larunbatean, Bernedon (Araba). Urte hauetan Euskal Udalekuetan parte hartu duten herritarrak, familiak, gazteak eta proiektuarekin bat egiten duten eragileak gonbidatu dituzte, eta bertaratutakoek jolasetan, emanaldietan eta bertzelako ekitaldietan parte hartzeko aukera edukiko dute. Antolatzaileen arabera, jaialdiak aukera emanen die “aisialdi alternatiboak duen ahalmen eraldatzailea” aldarrikatzeko eta Euskal Herrian proiektuak duen sostengua erakusteko.

Proiektuak duen babesaren isla dira aurten Goñin eta Abaigarren (Nafarroa) egin dituzten udalekuak. Hainbat talde ultrakatoliko eta ultraeskuindar udalekuak debekatzen saiatu ziren arren, antolatzaileek adierazi dute Nafarroan udaldia ongi joan dela, eta haur eta nerabe anitzek eutsi diotela proiektuarenganako konfiantzari. Araban, ordea, ez da udalekurik egon aurten. Dena den, ez da ausazko erabakia izan.

Izan ere, guraso talde batek dutxen funtzionamenduarekin lotutako salaketa paratu ondoren, 2025eko udazkenean polemikak eztanda egin zuen hedabideetan, eta bertako begirale eta hezitzaileek gorroto mezuak eta eraso transfobikoak jasan behar izan zituzten. Euskal Udalekuek behin eta berriz salatu dute aisialdi euskaldun eta feminista baten kontrako "difamazio kanpaina" baten biktimak izan direla.

Euskal Udalekuek jasotako "kanpaina mediatikoa" salatzeko ekainean egindako agerraldia, Gasteizen. Orain.eus

Hedabideetan zabaldu bezain laster, kasuak bide judiziala hartu zuen, eta Gasteizko Zigor Arloko 3. Epaitegiak zenbait adingabe eta begirale deklaratzera deitu ditu irailerako. Euskal Udalekuek ekainean Gasteizen egindako agerraldian ohartarazi dute zuzenean jaso dituzten kexa bakarrak dutxen funtzionamenduari buruzkoak direla, eta ez dutela hezitzaileek egindako erasoen salaketarik jaso. 

“Ez dugu komunikabideetan hainbeste aipatu den prozesu judizialaren berririk; dakigun bakarra da salatzaileen artean Vox, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste hainbat entitate daudela"

Halaber, Euskal Udalekuetako kideek salatu dute ez dela auzi penalaren inguruko xehetasunik plazaratu: “Ez dugu komunikabideetan hainbeste aipatu den prozesu judizialaren berririk; dakigun bakarra da salatzaileen artean Vox, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste hainbat entitate daudela". 

Sarrea elkarteari jarritako debekua

Bide judiziala zabaldu ondoren etorri zen zigor administratiboa: Arabako Foru Aldundiak Sarrea elkarteari udalekuak egiteko debekua jarri zion. Elkarte hori izan da azken 51 urteetan Bernedoko udalekuak antolatu dituena. Euskal Udalekuen arabera, jakinarazpen administratibo bat ez egiteagatik ezarri zioten zigorra: isun ekonomikoa eta hiru urtez aisialdi jarduerak antolatzeko debekua. Agerraldian udalekuek adierazi zuten dokumentazio dena eguneratua zutela. Epaileak, hortaz, elkarteari jarritako zigorra behin-behinean baliogabetzea erabaki zuen. 

Euskal Udalekuek gogor kritikatu dute Arabako Diputazioaren erabakia, eta "proiektua indargabetzeko estrategia politiko" baten barnean kokatu: "Inhabilitazioa aplikatu nahi izan zigun, baina epaitegiak bertan behera utzi zuen behin-behinean. Hortaz, horrek ere demostratzen du erakunde publiko batzuek errepresioa ezartzen ari zaizkigula".

Egun osoko jaia

Erasoak salatzeko, eta udalekuek duten babesa erakusteko mobilizatzea erabaki dute Euskal Udalekuetako kideek, eta sare sozialen bidez iragarri dute larunbaterako egun osoko egitaraua prestatzen ari direla. Bertso bazkaria eginen dute Sustrai Colinarekin eta Miren Artetzerekin, ondoren Porrotx eta Zapotxin pailazoen bisita egonen da 17:00etan, eta 18:00etan, berriz, Elektropottottek hartuko die lekukoa.

20:00etan izanen da ekitaldi nagusia, eta, ondoren, kontzertuak egonen dira; hala nola, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Jon Basaguren, Yogurinha Borova eta Bele Raven igoko dira oholtzara.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...