Euskadiko Futbol Federazioak “FIFAn eta UEFAn eskubide osoz sartzeko eskaera egitea” erabaki du Durangon egin duen Ohiko Batzar Nagusian. Bozketan parte hartu duten 44 kideetatik 43 eskaera egitearen alde azaldu dira.
Euskadiko Futbol Federazioak asteazken arratsaldean egin duen bileran, euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko “urrats garrantzitsua” eman dute. Bilerara hurbildu diren kideen aldeko 43 boto, kontrako 0 eta abstentzio bakarrarekin hartu dute eskaera egiteko erabakia.
Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirolaren kideak "aurrerapauso handia” dela azpimarratu zuen bilera amaitzean. Ildo beretik jo zuen Luis Mari Elustondo EFFko presidenteak, baina bozketako emaitzekin harrituta azaldu zen. “Baiezkoak irabaztea espero nuen, baina ez hain modu garbian. Federazioko kideek argi utzi dute eskaera egin nahi diotela UEFAri eta FIFAri”.
Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea ere pozik bileran erabakitakoarekin, baina Espainiako Federazioarekiko “mendekotasuna handia” izanik, abiatu den prozesua “luzea” izango dela adierazi zuen.
Orain, Euskadiko Futbol Federazioaren erabakia Espainiako Futbol Federazioak onartu eta eskaintza FIFAra bidali beharko du. Madriletik ezezko erantzuna jasoz gero, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin nazioarteko epaitegietara joko du EFFk.