Euskal selekzioaren aldeko eskariak Hendaia eta Irun batu ditu, giza kate jendetsuan

  • Uztailaren 14an, Espainiako eta Frantziako gizoneko futbol selekzioen arteko norgehiagoka baliatuta, eta Frantziako Estatuko jaiegun nazional ofizialean, kirol guztietan euskal selekzioa izatearen aldeko mobilizazioa egin dute ehunka lagunek, Irun eta Hendaia batzen dituen Etorbideko Zubian. "Hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek gure koloreak", aldarrikatu dute.

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarriak Bidasoa gurutzatu du asteartean. EH Bildu

2026ko uztailaren 15ean - 09:53
Azken eguneraketa: 11:21
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Data esanguratsua aukeratu dute mobilizazioa egiteko: uztailaren 14a, 1789an Bastilla hartzearen eguna, Frantziako Jaiegun Nazionala. Eta Espainiako zein Frantziako gizonezkoen futbol selekzioak, FIFA erakunde pribatuak antolatzen duen gizonezkoen munduko futbol txapelketa dirutsuan, aurrez aurre aritu diren eguna. Horixe baliatu dute ehunka lagunek beste behin euskal selekzioaren aldeko aldarria kalera ateratzeko.

Gure Esku, Zazpi Baietz eta Gu ere bai! kolektiboek deituta, Hendaia eta Irun arteko Etorbide Zubi historikoa giza kate batekin gurutzatu dute astearte honetan. 1936an herritar ugarik gerratik ihesi gurutzatu zuten zubi horixe bera; gaur egun herritar ugarik miseriatik ihes egiteko gurutzatu nahi izaten du, baina polizien kontrolek oztopatzen diete.

Mobilizazioa arratsaldeko bostetan hasi da, Euskal Herria, gure selekzioa, gure koloreak lelopean. Futbol munduko aurpegi ezagunak eta hainbat alderdi politikotako ordezkariak izan dira besteak beste, asko elastiko berdea jantzita eta ikurrinak eskuan. EH Bilduk, "muga inposatu, ukazio, debeku eta oztopo guztien gainetik", euskal selekzioaren beharra nabarmendu du. EAJko kideek, berriz, familia argazkia atera eta selekzioaren "ofizialtasuna" aldarrikatu dute.

Euskal ikurrak eskuan zubia gurutzatzen. Gure Esku Dago

Amaieran, bertsolarien ondoren, ekimena antolatu duten elkarteetako ordezkari bana igo da oholtza gainera eta manifestua irakurri dute elkarrekin: "Berretsi nahi dugu kirolaren bidez jarraituko dugula herria egiten, herri libre bat egiten", esan dute. "Herri burujabea izan nahi dugu: burujabetza osoa, euskal herritarroi eragiten diguten alderdi guztiez erabakitzeko. (...) Egunotan gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari da, eta aukera hori aprobetxatu nahi dugu munduari mezu bat bidaltzeko: hau da gure herria, hau da gure selekzioa, hauek dira gure koloreak.

Txalo zaparrada batekin hartu dituzte hitzok bertan bildutakoek, eta "ofizialtasuna!" oihua errepikatzen amaitu dute. Iluntzeko futbol partidaren emaitzak berdin die, baina arratsaldean Bidasoan markagailua zazpi eta batekoa izan da.


Burujabetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...