Urtarrilaren 9an presoen eskubideen aldeko mobilizazioa

  • Bagoaz eta Sare ekimenek elkarlanean mobilizazioa antolatu dute urtarrilaren 9an sakabanaketa politikari aurre egiteko. Aurten bi manifestazioa une berean egingo dira Baionan eta Bilbon 17:00etan hasita. Animaziozko bideoa prestatu dute mezua zabaltzen hasteko.


2015eko urriaren 26an - 20:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Julio Soto bertsolari nafarrak sortu du aurtengo leloa: "Mugi daitezen harriak". Sare sozialetan manifestazioaren inguruko mezuetan #HarriakMugitu traola erabiltzen ari dira.

Patxi Zubizarretak idazle ordiziarrak idatzi du manifestazioekin lotutako aldarrikapenaren ondorengo testua:

Mugi daitezen harriak

Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.

Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.

Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.

Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz.


Euskal preso politikoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.