argia.eus
INPRIMATU
Euskal preso politikoen aldeko manifestazioa deitu du Kalera Kalerak apirilaren 21erako
  • Euskal preso politikoen eta haien eskubideen aldeko mobilizazioak iragarri ditu apirilerako Kalera Kalera dinamikak. Apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean, ekimen politikoa egingo dute Galdakaon; apirilaren 18, 19 eta 20an hainbat mobilizazio egingo dituzte herrietan; eta apirilaren 21ean manifestazio nazionala antolatu dute Bilbon, “Bada garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea, askatasuna” lelopean.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 14a
Urtarrilaren 13an Sarek deitutako manifestazioak 95.000 lagun bildu zituen Bilbon (Dani Blanco)

La Casillatik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 17:30ean, eta “mugarri izan diren” bi manifestazioren ostean dator: “Batetik, abenduaren 9an ‘Orain presoak’ lelopean Parisen 11.000 lagun bildu zituen manifestazio arrakastatsuaren ondoren; eta bestetik, urtarrilaren 13an Sare plataformak deitutako ‘Prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ manifestazio jendetsuaren ondoren (95.000 lagun bildu zituen Bilbon)”.

Jarraian, Kalera Kaleraren komunikatua duzue irakurgai:

“Iritsi da ezker abertzaleak euskal presoen izaera politikoa aldarrikatzeko momentua. Iritsi da presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzeko momentua. Presoak kalera atera behar ditugu, eta hori lortu bitartean ez dugu ahaztu behar presoek premiazko hainbat gai dituztela, konpondu beharrekoak eta lehentasunezkoak. Horiek berehalako erantzuna behar dute, eta hainbat eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzional, modu batera edo bestera, horren jakitun dira.

Presoen gaian, oraintsu zehaztu da elkarrizketa bide bat Ipar Euskal Herriko ordezkaritza anitz baten eta Hélène Davo buru duen Frantziako Justizia Ministerioko ordezkaritzaren artean. Horren ondorioz, euskal delegazioari baimendu zioten EPPKrekin elkartzea, zazpi euskal preso politikori DPS erregimena kendu zioten (Espainiako estatuko kartzeletan FIES erregimenaren baliokidea), eta presoak Mont-de-Marsan espetxera hurbiltzeko planteamenduan aurrerapenak egin ziren. Jadanik preso batzuk hurbildu dituzte Mont-de-Marsan espetxera. Horrenbestez, herri delegazio horrek duen garrantzia nabarmendu nahi dugu.

Jakin badakigu hurbilketaren prozesua mailakako prozesua izango dela eta auzi guztiei ez zaiela epe laburrean aurre egingo, baina egoera guztiek (emakumeak, zigor luzeak, estradizio arriskua dutenek...) izango dute erantzuna.

Hego Euskal Herrian urrats mantso baina irmoak egiten ari dira gatazkaren ondorioei konponbideak bilatzeko. Premiazko gaietan adostasun zabala egon badago eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean, hau da, sakabanaketarekin amaitzeko eta preso gaixoak askatzeko. Horren froga garbienak dira Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lortutako akordioak.

Beste aldetik, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabalak eta Hegoaldeko Foro Sozial Iraunkorrak harremana hasia dute EPPKrekin, eta lanean ari dira euskal preso politikoen ikuspuntua lantzeko gainerako eragile sozial, politiko, sindikal eta instituzionalekin eta haiekin batera adostasunak lortu eta gauzatzeko.

Lege arrunta erabiltzeko konpromisoa bere egin zuela irakur daiteke EPPK-k pasa den udan publiko egindako eztabaidaren ondorioetan. Espetxeen barruan hasi dira bide hori jorratzen. Ibilbide hori eraginkorra izateko lehenen gradua bertan behera geratu behar da, horixe baita lege arruntera igarotzeko tapoi nagusia. Lehen gradua ganditzen ez bada, ezin da beste lege-eskaerarik egin.

Momentuz euskal preso politikoen kopuru handiak errekurritu du jadanik lehen gradua. Gradu horrek errekurritzeko epe zehatzak ditu, eta epe horiek zein helegitearen prozedura espetxearen konpetentzia dira. Hiru hilabetero eta sei hilabetero (erregimen klasifikazioaren arabera) aukera ematen zaie presoei gradua errekurritzeko. Datozen asteetan, preso bakoitzari errekurritzeko epea zabaldu ahala, gehiago gehituko dira lehen gradua errekurritzera.

Hemendik aurrera lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko da konpobidearen ildoan, lege arrunta erabiltzeko ezinbesteko premisa baita. Izan ere, espetxe administrazioak euskal presoak modu sistematiko, orokor eta jarraituan sailkatzen ditu lehen graduan. Neurri horrek kartzeletako legedian urratsak ematea oztopatzen du, tratu indibidualizatua mugatzen du eta kartzelako hainbat eskubide izatea ukatzen du”.