Euskal Pilota Gipuzkoan “sasoiko” dagoela nabarmendu du federazioak bere mendeurreneko liburuaren aurkezpenean

  • Urtarrilaren 22an Donostiako Aquariumean aurkeztu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bere Botez bote 100 urte liburua. Iñaki Lizaso lehendakariak azaldu du liburuaren mamia eta “sasoiko gaude”, baloratu du Juan Carlos Etxeberria kudeatzaileak, federatuen eta txapelketa kopuruen datuetan oinarrituta. Federazioaren oinarri diren herrietako pilota elkarteetan egiten den eguneroko lana txalotu dute, 1925ean federazioa sortu zenean 15 klub zirela eta egun 72 direla ospatuz. Euskadiko Euskal Pilota Federazioko lehendakari Joxe Mari Mitxelenak kontatu du nola izan zen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorrera, eta liburuaren atal historikoa idatzi duen Daniel Carballok pilota jokamoldeen eta frontoien bilakaera azaldu du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Roberto Ramajok federazioan egun dagoen “jende gartsua” nabarmendu du eta Donostiako Kirol zinegotzi den Iñaki Gabarainek federazioan dagoen “pasioa”, eta mendeurreneko ospakizunak amaitu diren honetan, “pilotaren orainean eta etorkizunean indarra” jartzeko asmoa adierazi du. Bertsoekin hasi eta bukatzen da federazioaren liburua, eta Iñaki Artolaren Irabazi eta galdu bertso sorta musikatuak biribildu du aurkezpen ekitaldia. Liburua eskuratzeko federazioan egin behar da eskaera.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko liburua eskuan, Donostiako Aquariumen urtarrilaren 22an, ezkerretik hasita: Juan Carlos Etxeberria federazioko kudeatzailea, Iñaki Gabarain Donostiako Kirol zinegotzia, Roberto Ramajo Gipuzkoako Aldundiko Kirol zuzendaria, Joxemari Mitxelena Euskadiko Federazioko lehendakaria, Iñaki Lizaso Gipuzkoako Federazioko lehendakaria eta Daniel Carballo. Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY-SA

2026ko urtarrilaren 23an - 12:12
Azken eguneraketa: 16:11
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arrain koloretsuei begira giro goxoa sortu da Donostiako Aquariumeko aretoan. Herrietako pilota elkarteetako kideak, Gipuzkoako federazioko egungo eta garai bateko lehendakariak eta zuzendaritzakideak, pilotariak eta zaletuak elkartu ditu Botez bote 100 urte liburuaren aurkezpenak. 2025ean bete du mendea federazioak, eta liburua hain justu zabaltzen da iazko ospakizunen errepasoa egiten duten argazkiekin, eta ospakizun horien baitan egin zen bertso saioan Jexux Mari Irazuk bota zuen agurrarekin. Guztira hamar ekitaldi egin zituzten 2025ean eta aurkeztu berri den liburu honek itxi du zikloa. Iñaki Lizaso lehendakariak eskertu zuen 2024tik mendeurreneko ekitaldiak prestatzen aritu den taldea: Itziar Lete, Andoni Lertxundi, Daniel Carballo eta Juan Carlos Etxeberria. Baita ekimen horiek guztiak aurrera ateratzeko babes ekonomikoa eman duten zazpi enpresa, hamar udal eta hiru erakundeak ere.

Liburuaren azala Jon Ander Artolak egin du eta diseinua, maketazioa eta inprimaketa Antza Komunikazio Grafikoak. Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY-SA
“Sasoiko gaude”

Horixe du izenburu liburuaren bigarren atalak eta federazioko kudeatzaile den Juan Carlos Etxeberriak aurkezpenean zehaztu du edozein balorazio egiterakoan beti daudela baikortasunerako zein ezkortasunerako datuak, baina berak baikortasunetik egin nahi izan duela liburuan irakurketa eta iruditzen ziola "hala gaudela, sasoiko”. Hiru datu eman ditu hori erakusteko (jarraian ikusgai daude datu horien taulak): batetik, eskola adinean txapelketan parte hartu duten talde kopurua azken hiru urteetan inoizko altuena izan da.

Eskola adinean txapelketan parte hartu duten talde kopurua azken hiru urteetan inoizko altuena izan da. "Botez bote 100 urte" liburuko taula.

Bestetik, Kadetetik gorako mailetan egun 1.027 lizentzia daude, eta Etxeberriaren hitzetan "2008-2009 denboraldiko 1.308ko hartatik oraindik urrun samar bagaude ere, 2016az geroztik izan den kopuru handienean gaude eta azken hiru urteetan joera goranzkoa da”. 

 "Botez bote 100 urte" liburuko taula.

Azkenik, antolatzen den txapelketa kopuruari egin dio erreferentzia Etxeberriak, pilota Gipuzkoan “sasoiko” dagoela argudiatzeko: “2024a izan da federazioak txapelketa gehien antolatu dituen urtea: 61 hain zuzen, federazioa sortu zenean antolatu zituen hiru txapelketatik oso urrun”.

Urte bakoitzean Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa kopurua. "Botez bote 100 urte" liburuko taula.

Etxeberriak nabarmendu du datu eta taula asko daudela liburuan eta “bakoitza bere ondorioak ateratzera eta bere irakurketak egitera animatu” du. Datu horiek guztiak osatzen eta tauletara eramaten federazioko langileek egin duten lana eskertu du.

Sasoiko gaude atalak euskal pilotako jokamolde eta aniztasuna ere islatu du. Hamahiru adituk idatzi dute atal honetan, eta bakoitzak bere jokamoldea jorratu du artikuluan, norberaren bizipenak, jokamolde horrek egun bizi duen egoera eta bidean izan diren aurrerapausoak azalduta. Hauek dira atal honetan irakurgai dauden gaiak eta egileak:

- Emakume pilotarien genealogia: oztopo adina joko, Uxue Fernandezek idatzia;
- Joko zuzenak eskuz Gipuzkoan, Joxemari Mitxelenak idatzia;
- Errebotea, Mikel Bengoetxeak idatzia;
- Xarearen historia, Mikel Uzkudunek idatzia;
- Pala, Iñaki Peluagak idatzia;
- Gomazko paleta trinketean, Miguel Sagarzazuk idatzia;
- Erraketa, Jon Juanesek idatzia;
- Euskal pilota egokitua,
Oidui Usabiagak, Jurgi Olasagastik eta Mikel Merinok idatzia;
Esku pilota, Josu Osak idatzia;
- Erremontea, Joxe Mari Barrenetxeak idatzia;
- Zesta punta, Jon Iñaki Mendizabal “Goixerri”k idatzia.

Liburuko "Sasoiko gaude" ataleko artikulu bat. Uxue Fernandezek idatzitako "Emakume pilotarien genealogia: oztopo adina joko".
Pilotako lehen federazioen sorrera eta pilotalekuen bilakera

Historia boteprontoan du izenburu liburuaren hirugarren atalak, eta Daniel Carballok idatzia da. Bertan du kontatua nola izan zen lehen pilota federazioen sorrera: Espainiako Estatuan 1887an agertu zen lehen aldiz Elkarteen Legea eta XX. mendean zabaldu zen Europako federazioen eredua. Federazio horien funtsa kirol jakin bat egiteko sortutako elkarteez gaindiko erakunde bat izatea zen, arauak bateratzeko eta elkarte horien arteko lehiaketak antolatzeko. 1925ean sortu ziren Gipuzkoako Pilota Federazioa eta Nafarroakoa; Bizkaikoa 1926an sortu zen (aurten ospatuko du mendeurrena); Arabakoa 1975 urte inguruan eta Iparraldekoa Frantziako federazio gisa sortu zen 1921ean.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren sorrera akta, 1925ean. Bertan, honako persona eta klubek sinatzen dute. Lehendakaria: Real Sociedad, Andres Peña. Lehendakariordea: CD Fortuna, Luis Usabiaga. Idazkaria: Talai Mendi, Jose Agote. Diruzaina: CD Loiolatarra, Jose Lopetegui. Kidea: Tolosa FC, Felipe Parcha. "Botez bote 100 urte" liburuko argazkia.

Liburuan azaldua dago, baita ere, 1914an egon zela saiakera bat Euskal-Nafar Federazioa sortzeko eta 1915ean argitaratu zuela Hego Euskal Herri osoa bilduko lukeen federazio honek bere araudia.

Pilotalekuek izan duten bilakaera ere kontatzen du liburuak eta horixe azaldu du Carballok liburuaren aurkezpenean. Bere hitzetan, hirien harresiak ziren lehenago pilota jokoen gune, Donostiako harresia eta Hondarribiakoa, adibidez. Herrietako plazak ziren pilotaleku, errebote plazak edo elizako hormak, esaterako. Eta pilota plazak frontoi bihurtzen hasi ziren 1880tik aurrera: urte horretan Errenterian 20 m zabal eta 90 m luzeko ezker pareta gehitu zioten frontoiari, eta 1885ean Oñatiko eta Tolosako plazei ezker pareta eraiki zieten. "Ezker pareta gehienak Gipuzkoako herrietan eraiki ziren, hasiera batean", azaldu du Carballok.

Liburuaren arabera, lehen frontoi moderno edo industriala 1887an eraiki zuten Donostian, Ategorrieta Jai Alai deitua eta Lucio Gonzalez Martinez enpresa gizonak eginarazia. XX. mendean, frontoi itxiak eraikitzen hasi ziren: 1905ean Donostian Jai Alai modernoa eraiki zuten, Ramon Cortazar arkitektoak diseinatuta, Mandasko Dukea pasealekuan.

Jai Alai modernoa, 1915ean Donostian. "Botez bote 100 urte" liburuko argazkia.

Joxemari Mitxelena joko zuzenetan adituak ere azaldu du aurkezpenean nola izan zen jokaleku eta jokamoldeen garapena: “Badirudi frontoia betiko kirola dela, eta ez, modernoena da. Pilota jokamolde zaharrenak dira joko zuzenetakoak: bote luzea, pasaka, laxoa, errebotea... Kontatzeko era ere garai batekoa hamabosnaka zen (tenisak kopiatu zien joko zuzenei kontatzeko era) eta ondoren hasi zen banaka kontatzen. Beraz, banaka kontatzeko modua modernoena da. Une honetan euskal pilotan 30 jokamolde ditugu eta batzuk arriskuan daude, galtzea oso erraza da eta berreskuratzea oso zaila. Denon artean mantendu ditzagun modalitate guztiak”.

Orain arte aipatutakoez gain, atal historikoaren barruan, liburuak jasotzen ditu garai bakoitzean izan diren lehendakariak, zuzendaritza kideak eta gertakari esanguratsuak.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren sorreran parte izan ziren Euskal Herriko federazioak
Logoen bilakaerak erakusten du gazteleratik euskararako pausoa eta pilotaren "euskal" izaeraren aldarria. Federación Guipuzcoana de Pelota izenarekin sortu zen federazioa, 1925ean. Franco hil zen urtean euskaraz eta euskal izaera aitortuta aldatu zuen izena: Gipuzkoako Euskal Pilota Elkartea. Eta “Federazioa” hitzak ordezkatu zuen “Elkartea”, 2000. urtean. Egungo logoa 2025ean aurkeztu zuen Federazioak, mendeurreneko ekintzen baitan. "Botez bote 100 urte" liburuko argazkia.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren izena bolo-bolo dabil, aste honetan jakin baita Arbitraje Auzitegiak bidea eman diola Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzeari. Nazioarteko federazio honen sorrera zergatik izan zen azaldu du liburuaren aurkezpenean Joxemari Mitxelenak: nazioarte mailako bi pilota federazio daude. Horietan zaharrena da egun oraindik martxan den Nazioarteko Pilota Federazioa, eta euskaldunek bertan parte hartzea eskatu zuten; ukatu egin zieten eta horregatik sortu zuten Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa 1929an, “euskal pilota” kontzeptua oinarri duena.

Elgoibarko Lagun Onak elkartearen orria. Herrietako pilota elkarte bakoitzak idatzi du bere atala. "Botez bote 100 urte" liburuko bi orrialde dira.
Klubek idatzi dute liburuaren laugarren atala

Federazioa sortu zuten herrietako pilota elkarteen zerrenda eta egun federazioko kide diren elkarteena aurkezten ditu liburuak. Jarraian, elkarteen sorrera urtearen arabera ordenatuta, herrietako elkarte bakoitzak du bere tartea liburuan, eta elkarte bakoitzak idatzi du bere testua eta igorri ditu bere elkarteko argazkiak. Real Sociedad taldeko pilota saila da elkarteetan zaharrena, 1909an sortu zena eta egun erreminta eta esku pilota lantzen dituena.

Gipuzkoako federazioaren sorrera urtean bertako kide izan ziren herrietako pilota elkarteak. "Botez bote 100 urte" liburuko taula. Ilustrazioak Daniel Carballok eginak dira, federazioak mendeurrenean atera zuen jarta-jokorako.
Zer litzateke Euskal Herria txapelketarik gabe?

Liburuaren bosgarren atala txapelketek osatzen dute. Bertan, taula handi batek erakusten ditu urte bakoitzean antolatu diren txapelketa guztiak. Txapelketek izan duten bilakaeraren analisia egina du atal horretan Etxeberria kudeatzaileak. Irakurleak ere gozatuko du, jokamolde bakoitzean eta maila nagusian urte bakoitzean Gipuzkoako txapela jantzi dutenen izenak errepasatzen.

Erremonteko txapeldun zerrenda. "Botez bote 100 urte" liburuko bi orrialde dira.

Gipuzkoako txapelketaz gain, Enrique Abril errebote txapelketak eta herri osoak mugiarazten dituen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak aparteko lekua dute liburuan. Urte bakoitzeko txapeldunak, finala jokatu ziren lekua eta eguna eta emaitzak jaso ditu liburuak. Baita Herriartekoan herri bakoitzak izan dituen parte-hartze kopurua eta garaipen kopuruak ere.

Enrique Abril txapelketako irabazleen zerrenda. "Botez bote 100 urte" liburuko bi orrialde dira.

Azkenik, federazioen artean jokatzen diren txapelketen berri ere badakar liburuak. 1925-1975 urte artean jokamolde guztietan Espainiako Estatuko pilota federazioen artean jokatu ziren txapelketetan Gipuzkoa izan zen nagusi, 85 aldiz txapeldun eta 70 aldiz txapeldun-orde izan baitzen. 1977tik Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeak elkarren aurka jokatzen duten GRABNI txapelketarekin bukatzen da liburuan Txapelketak atala.


Bertso sortak ixten du liburua

Artikuluaren hasieran azaldu dugunez, Jexux Mari Irazuk mendeurreneko ekitaldien barruan kantatutako bertso batek zabaltzen du liburua, eta itxi ere bertsoek ixten dute: Iñaki Artolak jarritako Galdu eta irabazi sortak, hain zuzen ere. “Horixe da erronka, bitatik ikasi” mezua ematen du bertan Gipuzkoako pilotariak.

 "Botez bote 100 urte" liburuko azken bi orrialdeak.

Aurkezpenean publiko artean izan da Artola, eta txalo zaparrada jaso du, Bertsozale Elkarteak sorta hori musikatuta egina duen bideoa ikusiz eta elkarrekin abestuz eman baitzaio bukaera ekitaldiari, hau da, liburua bukatzen den modu berean. Hemen dago bertso sorta musikatuaren bideoa.

 


Irakurri gehiago: Pilota Kirola Gipuzkoa Euskal Herria
Pilota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.