“Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa” galdetegia eratu du Euskal Konfederazioak, martxoan udal hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiei zuzenduta. Elkartearen arabera helburu bikoitza da: herritarrek jakitea hautagaiek zer asmo daukaten euskararen garapenerako eta hautagaientzat eraginkorra izan daiteke hizkuntza plana egituratzeko eta artikulatzeko.
Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian normaltasunetik urrun dago eta Euskal Konfederazioaren aburuz bi faktorek eragiten dute egoera hori: batetik, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak “euskararen garapena” delegatzeko joera izan dute, eta bestetik, instituzioen artean partekatuak diren beste eskumenentzat ez bezala, euskararena “hautuzko” konpetentzia gisa ikusia izan da batzuetan. Euskal Konfederazioarentzat euskararen berreskurapenak herrietatik ere bultzada jaso behar du eta horretarako paradigma aldaketa behar dela, “herriek zer egin dezaketen” baino “herriek ze egin behar duten” pentsatu beharra dago. Bide horretan “Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa” galdetegia sortu du martxoko herriko bozetan parte hartuko duten hautagaientzat.
Frantziako legediaren arabera, lurralde hizkuntzen eskumena partekatua da eta instituzio maila guziek dute ardura horiek garatzeko. Tokiko administrazioa funtsezko eragilea da bide horretan herritarrek hurbilen duten instituzioa izanik. Hala, Euskal Konfederazioak bost ardatzen inguruan banaturiko 20 neurri zehatzen inguruan eraiki du galdetegia. Adierazi dutenez bikoitza da helburua: boz emaileek jakitea beren herrietako hautagaiek zer asmo duten euskararen garapenerako, eta barometroa baliagarri izatea hautagaientzat hauteskundeak aurretik hizkuntza plan egituratu eta orekatuaz hobeki gogoetatu eta artikulatzeko. Hein berean, aproposa izan daitekeela uste dute hauteskundeak irabaziko dituzten hautagaientzat, euskararen aldeko neurri konkretu eta eraginkorrak agintaldiaren lehen urtetik hartzeko.
Prozedurari dagokionez, martxoaren 1a baino lehen galdetegia online bete beharko dute hautagaiek. Hauteskundeen lehen itzulia aurretik, datu guztiak bilduta, emaitzak landu eta publiko egingo dituzte. Galdeketaren inguruko xehetasun gehiago hemen zabaldu dute.
Ikusi beharko da nola erantzuten duten hautagaiek, interes politikoek eta estrategikoek eragina izan dezakete. Galdeketa ez erantzuteak ere erakuts baitezake hautagaiek euskararen garapenerako daukaten interes eta konpromiso maila.