Euskal Komiki Egunari begira, nork beretik euskarazko obrak sustatzeko deia

  • Hilaren 29an bigarrenez egingo da Euskal Komiki Eguna, hainbat komikizale eta komikigilek bultzatuta, euskarazko lanak ikusgarri egitea helburu. Liburutegi, liburu-denda, ikastetxe eta irakurleak gonbidatu dituzte euskarazko komikigintzaren bueltako ekimenak antolatzera, "egun batez bederen lehen planoan jartzeko".

     


2026ko irailaren 21ean - 11:12
Azken eguneraketa: 12:46
Asier Iturralde 'Gaston' donostiarrak sortu du bigarren edizioko logoa.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Hasieratik ideia sinple bat izan dugu oinarrian", irakurri dugu Komikipedia-n: "Euskal komikiak baditu sortzaileak, argitaletxeak, dendak, liburutegiak eta, jakina, irakurleak; bada, jar ditzagun denak egun batez behintzat lehen planoan".

"Bakoitzak ahal duen eta nahi duen moduan" ospa dezake Euskal Komiki Eguna. Ez dago ekitaldi nagusi bakar bat, ezta toki jakin bat ere. "Euskal Herri osoan zehar modu autogestionatu eta deszentralizatuan antolatutako ekimenek osatzen dute eguna", sustatzaileen hitzetan. Liburutegiek euskarazko komikien erakusketa txiki bat presta dezakete, liburu-denda batean ale batzuk nabarmendu, ikastetxean komiki bat irakurri edo marraztu, egile batekin solasaldia antolatu, sare sozialetan euskarazko komiki bat gomendatu... "Ekimen txikienak ere balio du".

1977-09-29, Zakilixuten jaiotza

Euskal Komiki Eguna irailaren 29an egingo da, Olariagak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat.

1977ko irailaren 29an aurkeztu zuen Olariagak Zakilixut –Egin egunkariaren lehendabiziko zenbakian–, geroztik milaka zinta izan dituena eta 48 urteren ondoren argitaratzen jarraitzen dena –Berria-n–. "Orduan, 1970-80ko hamarkadetan, izan zuten hasiera euskarazko komikigintzaren ekimen garrantzitsu askok (Ipurbeltz, Habeko Mik, Napartheid...), gero beste batzuetan jarraipena izan dutenak (Xabiroi, H28, Tupust!...) eta gaur egungo euskarazko komikien oparotasun garaiotara ekarri gaituztenak", zioten iaz Euskal Komiki Egunaren antolatzaileek, prentsara bidalitako oharrak.

Zakilixut oso gazte bat, 'Egin'-en 1. zenbakian

Hamaika komiki

Komikipediak 2025-2026 Euskal egileak euskaraz argitaratutako komikietan zerrenda plazaratu du; badira 40 komiki baino gehiago bertan, Euskal Komiki Egunari begira zer edo zer antolatu nahi duenak topatuko du material interesgarririk. Zerrendan dago, esaterako, ARGIAk publikatutako Ategorrietan Fisterra komikia, 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietan eragindako langile sarraskiaren ingurukoa.

Euskal egilerik ez duten euskarara itzulitako komikiak ere aurkituko dituzue webgune horretan.


Irakurri gehiago: Komikiak Kultura Literatura
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.