Euskal kazetariek “zalantza etikoak” dituzte adimen artifizialaren erabileraz

  • Adimen artifizialaren (AA) eraginak informazioan ez dira unibertsalak; aitzitik, lurralde bakoitzeko baldintza soziolingustikoekiko mendekotasun handia dute, EHUren ikerketa batek ondorioztatu duenez. AAk euskal komunikabideetan duen eragina aztertu du EHUk, eta sektorearen erantzuna "zuhurtzia informatiboa" terminoaren bidez laburbildu du.

Ikertzaileek ondorioztatu dute algoritmoek gizonezko iturriak lehenesten dituzte balio politiko edo ekonomiko handiko albisteetan. UNIA

2026ko uztailaren 2an - 09:24
Azken eguneraketa: 10:42
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Adimen artifizialaren eragina euskal komunikabideetan: gobernantza algoritmikoa, hizkuntza subiranotasuna eta informazio osotasunaren erronka du izena ikerlanak. Hura osatzeko 501 kazetariri egindako inkesta baliatu dute, baita Berria, EiTB, Vocento, Noticias Taldea eta SER Irratiko arduradun teknologikoekin egindako elkarrizketak ere.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erredakzioetan AA sartzeko prozesua "hasierako fasean eta modu desorekatuan" dagoela ondorioztatu dute ikertzaileek. Inkestatutakoen %45,91k adierazi du ez dituela tresna horiek inoiz erabiltzen bere eguneroko lanean. Joera hori are nabarmenagoa da idatzizko prentsan, langileen %54,20k erabat baztertzen baitu tresna horien erabilera.

Datu horiek ikusita, sektorearen jarrera“zuhurtzia informatiboaren” terminoaren bidez kontzeptualizatu du ikerketak. Bereziki, komunikabideek AA baliatzen dute  "arrisku txikiko eta bigarren mailako prozesu mekanikoak delegatzeko", hala nola itzulpen automatikoa, zuzenketa ortotipografikoa edo audioaren transkripzioa, baina eduki informatiboaren erdigunea (hautaketa, edizioa eta idazketa) giza kontrolaren mende mantenduta.

"Ezarpen zatikatu horren kausa nagusia prestakuntza gabezia sistemikoa da", dio Bárbara Sarrionandiak, Simón Peñak eta Jesus Angel Pérezek zuzendutako ikerlanak: "Euskadiko kazetarien %14,1ek soilik jaso du adimen artifizialari buruzko prestakuntza arautua eta espezifikoa. Heziketa falta hori bereziki kritikoa da erredakzioko eginkizunetan (%13,8) eta lokuzio lanetan (%6,3), eta horrek gehiengoa autoikaskuntzaren mende egotera behartzen du".

Hutsune horrek "ziurgabetasun operatibo nabarmena elikatzen du", dio azterlanak. Hala, AArekin esperimentatzearekin lotutako oztopo nagusien artean, profesionalen %64ek dilema etikoak, algoritmoen gardentasun falta eta egiletzaren lausotzea aipatu dute. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea duten profesionalen artean nabarmenagoa da iritzi hori.

Euskara galtzaile

Maila teknikoan, ikerlanak agerian utzi du “zentralismo algoritmikoa” deritzon lurralde alborapena dagoela tresna sortzaile globaletan (ChatGPT, Claude, Gemini, Copilot eta Perplexity). Alegia, "eskualdeko gaurkotasunari buruzko sentsibilitate handiko kontsulten bidez egindako proba esperimentaletan oinarrituta, ikerketak erakusten du eredu komertzialen errendimenduak eta trazabilitateak nabarmen behera egiten dutela hurbiltasun eskalan jarduten dutenean".

Datuek, bestalde, tokian tokiko iturrien "azpiordezkaritza kezkagarria" erakusten dute: tokiko kontsulten kasuan, AAk erreferentziatutako iturri guztien artean, %67,4 estatuko hedabideei zegozkien, eta soilik % 15,5 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hedabideei. Gainera, euskarazko informazioa prozesatzean muga morfosintaktiko eta zehaztasuneko arazo handiak daude oraindik, eta horrek “haluzinazioen” (makinak sortutako datu faltsuak) agerpena areagotu eta desinformazioaren aurrean zaurgarritasuna handitzen du. Horri aurre egiteko tresna propioak sortzen ari dira hainbat eragile, subiranotasun algoritmikoa helburu.

Bada beste ondorio bat, AAri maiz egozten zaiona: informazio fluxu automatizatuek ez dute neutraltasunez jarduten, baizik eta desberdintasun analogikoak heredatu eta areagotu egiten dituzte. Esaterako, estereotipoak errepikatzeko joera dute, eta gizonezko iturriak lehenesten dituzte balio politiko edo ekonomiko handiko albisteetan. Emakumeen ordezkaritza, berriz, aisialdi edo zaintzarekin lotutako rol tradizionaletara baztertzen dute.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Adimen artifiziala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...