argia.eus
INPRIMATU
Euskal hezkuntzaren alde elkarrekin lan egiteko eskatu du Urkulluk Araba Euskarazen
  • Milaka lagun gerturatu ziren igandean Lapuebla de Labarcara, Assa ikastolak antolaturiko Araba Euskaraz jaian parte hartzera. Arabako Errioxako ikastola honek euskararen alde egindako lana goraipatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

ARGIA @argia 2014ko ekainaren 16a
Sei kilometroko eta ekitaldiz betetako ibilbidean, milaka euskaltzalek egun onaz gozatu zuten. Eitb

Euskal hezkuntza sistemaren alde eta honek dituen "erronkei aurre egiteko", elkarrekin "ausardiaz, inteligentziaz eta zuhurtziaz" lan egiten jarraitzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen lehendakariak. "Euskarak aurrera egin du, eta zuek zerikusi handia duzue horretan", gaineratu zuen, jaiaren antolatzaileei zuzenduta.

Batxilergoko ikasgela berriak egiteko erabiliko dute festarekin jasotako dirua, eta batez ere, garraio bekak ordaindu ahal izateko. Izan ere, Haur Hezkuntzatik Batxilergorako eskaintza duen eskualdeko ikastola bakarra (D ereduko ikastetxe bakarra) Assa izanik, egunero eskualdeko herri tixikietatik, baita Logroño edo Nafarroatik ere, umeak datozkie, guztira 27 herritatik. Garraio azpiegitura ordaintzeko, diru-laguntzen beharra azpimarratu dute behin baino gehiagotan ikastolako arduradunek.

Mugan bizi bizi

1977. urtean sortu zen ikastola, sei bat ikaslerekin. Egun, 380 ikasle ditu eta erreferentziazko ikastetxe bihurtu da inguruan. Arabako Errioxan euskara osasuntsu dagoela adierazi asmoz, Mugan bizi bizi izan da aurtengo leloa. Sei kilometroko eta ekitaldiz betetako ibilbidean, milaka euskaltzalek egun onaz gozatu zuten.

Assa ikastolari buruzko erreportajea argitaratu dugu Argian: Elkarkidetza denon artean ikasiz.