Euskal Herriko zinemetan estreinatutako 1.100 filmetatik 22 bakarrik izan ziren euskaraz iaz

  • 2025an Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarazko filmen kopurua neurtu du Pantailak Euskarazek: %2. Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela eta, neurriak eskatu dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Pantailak Euskaraz-eko Alex Aginagalde eta Behatokiko Agurne Gaubeka.

2026ko maiatzaren 15ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak 2025an Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu ditu eta datuak plazaratu: euskarazko jatorrizko bertsioan edo euskarara bikoiztuta eskaini den estreinaldi kopurua %2koa izan da. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filmen %100 Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.

Hauek izan dira 2025ean Euskal Herriko Zinema Komertzialetan estreinatu diren filmak, hizkuntzaren arabera, web gune espezializatu eta egunkarietako albiste eta txostenetatik abiatu:

  • Euskal Herrian orotara eskaini den filma kopurua: 1.100 baino gehiago (batzuk Ipar EHn zein Hego EHn ikusi ahal izan dira).
  • Gaztelaniaz Hegoaldean estreinatu diren filmen estimazioa: 750 inguru.
  • Frantsesez Iparraldean estreinatu diren filmen estimazioa: 450 inguru.
  • Ipar Euskal Herrian euskaraz estreinaldi komertziala izan duten filmak: 3.
  • Hego Euskal Herrian euskaraz estreinaldi komertziala izan duten filmak: 22.

Beraz, 1.100 inguru estreinalditik 22 ikusi ahal izan dira euskaraz 2025ean Euskal Herriko zinema areto komertzialetan, alegia, film guztien %2.

Zein izan dira 22 horiek?

Fikziozko euskal film luzeak sei izan dira: Faisaien irla (Asier Urbeita), Karmele (Asier Altuna), Maspalomas (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi), Aro berria (Irati Gorostidi Agirretxe), Gaua (Paul Urkijo) eta Jone, batzuetan (Sara Fantova) (elebidunez eus-gaz)

Euskal dokumentalak bi izan dira: Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako (Inge Mendioroz Ibañez) eta Popel / Errautsak (Oier Plaza) (eleanitza)

Film luze bikoiztuak hiru: Heidi, katamotzaren erreskatea (Toby Schwarz eta Aizea Roca Berridi), Hartz-atzapar kanpamentua (Silvia Quer) eta Barrakudaren altxorra (Adriá Garcia)

Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programak bikoiztutako filmak 11: Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa (Are Austnes, Yaprak Morali, Rasmus A. Sivertsen), Super Charlie (Jon Holmberg), Tigre galdua (Philip Tarl Denson, Anthony Mullins, Chantelle Murray), Sari Nagusia Ziztu bizian (Waldemar Fast), Super Elfkinak (Ute von Münchow-Pohl), Inka Gerraria (Cesar Zelad eta Dirk Hampel), Minecraft film bat (Jared Hess), Kaixo, Frida! (Karine Vézina eta André Kadi), Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna (Peter Browngardt), Basatiak (Claude Barras) eta Azerik eta erbik basoa salbatzen dute (Mascha Halberstad).

Kopuruak ikusita, huskeria

Hego Euskal Herrian, 750 estreinaldi ingurutik, jatorrizko bertsioa euskaraz sei filmek izan dute, elebidunak beste bi izan dira, eta euskarara bikoiztuta beste hamalau eskaini dira. Beraz, 22 film estreinatu dira euskaraz (edo elebidun) Hegoaldeko zinema komertzialetan, estreinaldien %2,93.

Ipar Euskal Herrian, berriz, soilik Faisaien Irla, Jone Batzuetan eta Karmelek izan dute banaketa komertziala zinemetan. Horiez gain Basatiak (3 emanaldi), Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako! (emanaldi bakarra), eta Maspalomas (emanaldi bakarra) ikusi ahal izan dira euskaraz. Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz filma ere estreinatu da, baina zinema komertzialetatik kanpo. Beraz, orotara eskainitako filmak 450 inguru izan dira, eta zinemetan euskaraz ibilbide komertziala izan dutenak hiru soilik: %0,66.

Estreinaldi kopuruaz harago, euskarak zinemetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu behar zaio. Datuak aztertuta, argi geratu da erdarazkoen emanaldi kopurua askoz handiagoa izan dela. Euskal Herrian 2025ean zinema komertzialetan egondako 200.000 emanaldi baino gehiagotik, 4.480 emanaldi izan dira euskaraz, emanaldi guztien %2,25 alegia.

Aurrerapausoak bai, baina…

Azken urteetan euskalgintzak eta ekoizle elkarteek egindako eskaerei erantzunez, euskarazko zinema ekoizpenerako aurrekontuan igoera handia egon da Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetan, eta horrek eragin positiboa izan du zinemetara iritsi den euskarazko ekoizpen kopuruan, inoizko handiena, zortzi filmekin. Gainera, euskarara bikoiztuta ikusi ahal izan diren hamalau filmak batuz gero, 2025ekoa izan da Euskal Herriko zinemetara euskaraz inoiz iritsi den filma kopururik handiena: 22 ikusi ahal izan dira euskaraz.

Halere, euskarazko kopurua, urtero zinemetan estreinatzen diren film guztiekiko proportzioan, oso txikia da, eta honek herritar asko halabeharrez zinema erdaraz kontsumitzera bultzatzen ditu oraindik ere, prentsaurrekoan salatu dutenez. Horregatik, euskarazko filmentzako eta atzerrikoen bikoizketarako baliabide ekonomikoak eta hizkuntza politika aurrerakoiak indartu beharra dagoela uste dute Pantailak Euskaraz eta Behatokiak.

Bestetik, azken hilabeteotan euskal ekoizleen artean, eta euskal gizartean oro har, zabaltzen ari den kezka bat ere partekatu dute agerraldian: Euskal Foru Ogasunek zinema ekoizpenetan inbertitzeagatik ematen dituzten zerga pizgarrien ondorioz, Espainiako eta atzerriko ekoizpen asko etortzen ari dira gure lurraldean filmatzera, bertan enpresa bat sortuz edo hemengo enpresekin bazkidetzan, eta film edo telesail hauetan dirua jartzen duten enpresak zergak ordaintzetik salbuetsita geratzen dira. Bada, sistema honen bitartez, 2024ean Eusko Autonomia Erkidegoan errodatutako filma eta telesailetara bideratu ziren 83 milioi euroetatik, 70 erdarazko filmetara bideratu ziren. Honek finean esan nahi du, zeharka bada ere, foru aldundien diru publikotik zinemaren ekoizpenera bideratzen den diruaren %84 gaztelerazko (edo euskara ez den beste hizkuntzetako) ekoizpenetara doala. Hau dela eta, zerga pizgarrien sistema honetan euskarazko ekoizpenak bermatu eta berariaz indartzeko neurriak hartzeari premiazkoa deritzote Pantailak Euskaraz eta Behatokiak.

"Zinemetarako bikoizten diren filmei dagokionez, positiboki baloratzen dugu Eusko Jaurlaritzak martxan jarri berri duen Adi Filmak Euskaraz programa berria, urtero 12 filma bikoiztetik 24 filma bikoiztera pasako dena, eta gainera, horietatik batzuk blockbuster-ak edo nazioarteko ekoizpen handiak izango direla iragarri dute", esan dute. 2025eko datuetan nabarmentzekoa izan da lehen aldiz Eusko Jaurlaritzak bikoiztutako filmetako bat Hego Euskal Herriko 10 ikusienen zerrendan sartu dela: Minecraft: film bat (bosgarren postuan). "Beraz, argi dago nazioarteko superprodukzioak euskarara bikoizteak eragin positiboa duela euskarazko zinemaren kontsumoan eskaintzarik ezean nekez kontsumitu genezakeelako euskaraz".

Datozen urteetan, estreinatzen diren 1.100 filmetatik 24 bikoizketa eta 5/10 euskarazko ekoizpen izatea "ez da inondik ere nahikoa izango" 1982ko EAEko Euskararen Legeari jarraiki, zinema euskalduntzeko pausoak bete direla esateko, bi eragileon ustez, ezta Europako araudiak hizkuntza gutxituak babesteko ezartzen dituen konpromisoak betetzeko ere. "Beraz, zinemetan euskararen presentzia biderkatzeko eta euskaldunon hizkuntza eskubideak zinemetan ere bermatzeko legezko neurriak eta arauketa beharrezkoak dira".

Araudia garatzea, bertan ezarritakoen bermea, eta baliabideak behar ditu euskarak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea. Taldeon iritziz, beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak garatzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. "Kontsumitzaile erabiltzaileen eskubideak erregulatzen diren araudietan zinema komertzialekiko neurri zehatzak planteatzeaz ari gara", zehaztu dute.

Iparraldean ere, bertako erakundeek dituzten eskumenen baitan, euskarazko zinemak neurri zehatzak eta berehalakoak behar ditu, euskararen aitortza juridikoa eta lege babesa beharrezkoak direla baloratzen dute. "Ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskaraz bizitzea jendarteko esparru guztietan gauzagarri izan daitezen".

Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu dituzte euskal herritarrak. Zinemetan eta streaming plataformetan dagoen euskarazko eskaintza eguneratua ezagutzeko, ZerNonIkusi.eus wegunea eta Smart TV eta mugikor gailuetarako ZNI dohaineko aplikazioa martxan dagoela gogorarazi dute. Zinemetan euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, Euskararen Telefonoaren bitartez dagokion salaketak jartzeko deia luzatu dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek.

Azkenik, ikus-entzunezkoen eta pantailen arloan ere euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintza eta neurri guztiak aldarrikatzeko, bi eragileek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an egingo duen Euskaltzaleon Martxarekin, eta euskaltzale guztiak deitu dituzte egun horretan Iruñeko kaleak betetzera.


Zinema kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Berriketa gutxi
Tripako minez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.